"Alboka jotzetik ez dago bizimodurik!"

  • Xoriei mintzo zen, mintzo zen errekari, oihaneko zuhaitzeri ta zeruko izarrei, mintzo zen... Eugenioren alboka. Etxean ez ziotelako uzten jotzen. Eta basoak ez ziolako inoiz esan isil zedin.
Eugenio Etxeberria
Eugenio EtxeberriaDani Blanco
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Juan Mari Beltran zu entzunda hasi omen zen alboka jotzen.


Berak hala esaten du. Ni ez naiz gogoratzen, bera mutikoa baitzen ikusi ninduenean, nik ordurako baneuzkan berrogeita hamar edo hirurogei urte. Kontatzen duenez, egun batean joan da Donostiara eta ikusi nau ni alboka jotzen. Eta egun hartan ni ikusita hasi omen zen alboka jotzen, gustatua edo. Nigana etorri eta esan zidan berak ere ikasiko zukeela hori, alboka jotzen ikasi nahi zuela. Bueno, ikusita ikasiko zuela, nik musikako arrastorik ere ez dakit eta.

Zuk nor entzun zenuen alboka jotzen?


Nik Leon, Leon Artabe. Hark ez zekien alboka jotzen, zarata egiten zuen, baina hari ikusi nion nik. Eta egun batean aitari esan nion “nik ere ikasiko nuke alboka jotzen!”, “esaiok ba orduan Leon Artaberi” erantzun zidan. Leon Bilbao ere ikusten nuen, eta hark ere jotzen zuenez, ea alboka zeinek egin zion galdetu nion. Aitak egina zuela, Jose Maria Bilbaok. Eta orduan zer pentsatuko nik... Gure aitak baso behiak edukitzen zituen, eta baso zekorrak ere bai batera eta bestera, eta baso zekorrak adarrak izaten zituen. Eta gure aitak esan zion Jose Mariari, “hi, albokak hik egin dituk?”, eta bai, berak egin zituela. “Ba zekor bat zeukaat hiltzeko eta haren adarra eramango diat”, “bai, ekarri!” Jose Mariak. Barruko ura ere berak atera zion, albokak egiten artista zen hura, eta hark egin zidan alboka gure aitak hildako zekorrarekin. Hura hartu eta Leon Artaberenera joan nintzen, eta kantu batzuk esan zizkidan hark, nota batzuk ere bai hola eta hola, eta haren etxera joaten nintzen ikastera. Baserriak sarrera ondoan korta zeukan, eta “segi kortara alboka jotzen!” esaten zidan. Baina denbora gutxi egin nuen han alboka jotzen eta gero etxean hasi nintzen.

Ganadu artean ibiltzen omen zinen etxean ere entrenatzen.


Etxe barruan hasi nintzen, baina amak, “mekaguen la puñeta, zoaz kortara alboka jotzera!” esaten zidan. Eta orduan kortara. Ganaduari gustatu egiten zaio gainera, ganadua zaratarekin beti gustura. Baina azkenean, behean jota ere soinua gora joaten zela, kortan ganaduak endredatuko nituela eta basora bidali ninduten alboka jotzera. Orduan, eskolatik irten eta basora joaten nintzen segidan. Baso ganaduak edo etxe ganaduak geneuzkan guk, baina landarik ez genuen, eta orduan batzuk basora joaten ziren, eta ni haiekin batera alboka jotzera. Etxetik urruti, zuhaitz artean ibiltzen nintzen entrenatzen, eta handik inork ez zidan entzuten.

Ez zen entzuten?


Ez, basoa itzela da! Eta hantxe ibiltzen nintzen ni ekin eta ekin. Hantxe ikasi nuen nik, eta oraintxe ere edozer gauza jotzeko moduan nago ni.

Orduan belarri finekoa izango zara...


Belarriak beste denek bezalakoxeak dauzkat nik.

Baina entzutez hartuko zenituen piezak, solfeorik gabe...


Bai, bai, entzutez. Esan dizut, musika arrastorik ere ez dakit.

Eta noiz atera zinen plazara?


Hamabi eta hamahiru urterekin Urkiolara joan nintzen, Sanantolinetan alboka jotzera. Urkiolako landetan oholtza itzelak jartzen ziren, eta nik gaztetxoak ikusi izan nituen han alboka jotzen, zazpi-zortzi urtekoak, baita ni baino zaharxeagoak ere, baina hamalau urtetik beherakoak denak. Eta panderoa jotzen beste batzuk. Ni hamabi eta hamahiru urterekin izan nintzen. Gero 1935ean eta 1936an ez zen Batzokitik inor joan Urkiolara. Baina herrietara eta ibiltzen ginen, eta gogoan dut nola etorri zen behin obispoa Dimara. Koño, obispoa zetorrela eta hari ongietorria emateko alboka eta panderoa jo genituen, eta obispoak hamabi pezeta eman zizkidan. Hamabi pezeta!

Zenbat ziren orduan?


Pentsa, litro bat ardo pezeta bat baino ez zen kostatzen.

Zenbat zen asteko jornala?


Bost pezeta. Eta egunero joan behar hori irabazteko, orduan domekarik ere ez zen izaten! Egunero jo eta ke ibili eta bost pezetako irabazia. Eta niri hamabi pezeta eman zizkidan obispoak, koadrilarako noski, niretzat bakarrik ez. Baina hamabi pezeta eman zizkigun. Gaseosa edateko edo...

Zure amak eta aitak zer esaten zuten zu alboka jotzera joaten zinenean?


Ezer ez, haiek konforme izaten ziren, mutikotan beti jaietara joaten ginen, eta beste anaia batzuk izaten ziren etxeko lanak egiteko, beraz ni konforme joaten nintzen, eta gurasoak ere bai gelditu.

Gerrara ere alboka eta guzi joan zinen?


Ez gero, albokarik ez zen orduan! Gainera, Instrumentos Vascos edo holako zerbait zela eta, Orue Lemoakoarengana, Guardia Zibilak joan ziren alboka jotzen ibili zen batean. Esan zioten albokarik ez zeukala jotzerik bestela barrura sartuko zutela eta. Beraz alboka jotzerik ez zegoen.

Nola hasi zinen berriz?


Egun batean Galdakaora joan nintzen. Jatetxe bat dago han, eta hara Aita Donostia ekarri zuten omenaldia egiteko edo, fraidea eta musikaria. Bazkari hartan alboka jo zuten Leon Bilbaok eta Txilibrinek. Niri ere hasteko eta hasteko, baina ezta pentsatu ere, ni ez nintzela hasiko. Hainbeste urtean nengoen jo gabe eta. Atera kontuak, gerra aurretik nengoen jo gabe, eta bazkari hartara berrogeita hamar urte baino gehiagorekin joan nintzen. Jotzera ez nintzen ausartu, baina bazkalostean bai Leoni galdetzera: “Aizu alboka batzuk ba al dauzkazu saltzeko?”. Baietz, eta hari erosi nizkion eta hasi nintzen berriz jotzen. Hasi, eta hara!, segidan heldu nion. Eta jotzen hasi bezala, segidan hasi zitzaizkidan deika, eta Gipuzkoa aldeko ia herri guztietarako eskea hasi zen.

Bakoitzaren lerrokatze politikoak ere izango zuen eragina zenbat ibilian...


Txilibrin beti izaten zen, EAJkoa zen, eta bestea berriz, Leon Bilbao, karlista. Baina ekitaldi politikoetan ez genuen hainbeste jotzen, gehiago erromerietan eta hola, euskal jaietan. Kantariak ere egoten ziren, bertsolariak ere bai. Benito Lertxundi ez hainbeste, baina Laboa askotan egoten zen, eta Xabier Lete ere bai.

Txilibrin alboka jotzetik bizi al zen?


Nik ez dakit Txilibrin nola bizi zen, jubilatu eta gero bai, noski, albokatik. Gainera astero joaten ziren Deustuko hotel batera, zapatu gauetan, igual domeketan ere bai, eta inoiz barikuetan ere bai. Ezkontzak izaten ziren, jendea jaten eta edaten eta beraiek jotzen. Baina lehenago, itxura, hori portuan ibiltzen zen. Eta ez dakit nola egiten zuen, Ameriketatik eta hortik ibiltzen baitzen albokarekin.

Zertan ezberdintzen zen Eugenio beste biengandik?


Nik detaile askorekin jotzen dut, zelan esango dizut, haiek tak, eta nik tik, tik, tik, nota gehiago sartzen ditut, eta hola garbiago ateratzen da. Osterantzean piezak ilun samar edo nahasi gelditzen dira. Baina Txilibrinek bazuen beste gauza bat: nik ezpain biak barrura sartzen ditut alboka jotzeko, Txilibrinek berriz behekoa adarraz kanpotik ibiltzen zuen, nik ez dakit haginagatik edo zergatik. Eta atzaparrak ere alderantziz jartzen zituen, nik eta Leon Bilbaok era batera, eta Txilibrinek aldrebes.

Eta pieza berriak sortzen ibili izan zara?


Niretzako denak dira berriak! Baina piezarik sortu nik ez.

Diskorik ateratzea ez duzu inoiz pentsatu izan?


Orduko denboran ez zen holakorik.

Orain ateratzen dituzte, Beltranek eta, txalapartariek ere bai. Eugenioren alboka soinua euskarri batean ez gelditzea lastima litzateke.


Beltranek eta ateratzen dute, baina batek txalaparta, besteak alboka, bi edo hiruren artean ibiltzen dira. Eta gainera horiek musikaz asko dakite, diferentea da. Horretaraxe bakarrik dedikatzen dira, eta guretzat, berriz, ahal zenean egiteko gauza zen hori.

Berriz hasiko bazina horretara dedikatuko zinateke?


Ez, ez. Lehenengo egin behar dena da musika ikasi, eta nik arrastorik ere ez dakit.

Ikasiko zenuke.


Bai horixe, gaztea banintz bai, baina gero hortik ez dago bizimodurik ateratzerik, Beltran bakarrik da hortik bizi dena.

Asmatu egin behar bizimodua!


Bai, hark asmatu du! Museoa dauka, eta han zerbait egingo du, Oiartzunen, gero klaseak ematen ditu. Horretaraxe dedikatzen da, eta haren modukorik ez dago besterik. Txilibrinek erakutsi inori ez zion egiten, Leon Bilbaok bai, Leonek denei trankil erakusten zien. Txilibrinek ez. Gasteizko batek esan zidan, dultzainak eman zizkidanak, Txilibrinekin nahi izan zuela zerbait ikasi, baina keba, ezta ezer ere, ez ziola erakutsiko.

Zure seme alabetan inork ez du jotzen?


Ez, inork ere ez. Afiziorik ez daukate.

[Alaba batek hartu dio hitza]


Garrantzi gutxi eman diogu guk. Eta guretzat bere gauza izan da beti, berari deitzen zioten, bera joaten zen, amarekin batzuetan, eta ez diogu guk garrantzirik eman. Ikasi genezakeen guk ere, berak ikasi zuen bezala, belarriz.

[Aitak berriro]


Baina inork ere ez du ikasi, afiziorik ez dute izan.

Pena gelditzen zaizu?


Pena ez, hortik ez dago eta bizimodurik!

Laguntza izango zen baina jornalarentzat, ezta?


Laguntza? Gastatu egiten genuen baina! Andrea eramaten nuen sarritan eta orduan bazkaldu batean eta bazkaldu bestean. Eta gero hari interesatu ere ez zitzaion egiten, hortik irabaztea izango bazen, tailerra zer?

Tira, albokagile ere izan zinen.


Bai, nik lehenengo albokak hamaika edo hamabi urterekin egin nituen. Alboka bi. Bat Dimako bati eman nion eta bestea Leon Bilbaori. Egia esan adarrak ez dakit nondik lortuta egin nituen albokak, egurra anaia zaharragoak eman zidan, arotza zen eta.

Beste inor ez zen orduan albokak egiteko?


Leon Bilbao ibiltzen zen. Baina gero ez, inor ez. Orain bai, Gasteizen dago bat, baina hark ere bere klasera egiten ditu. Ni berriz jubilatuta hasi nintzen albokak egiten. Baina arazo bat izaten nuen: adarrak nola lortu? Hasieran Bilbotik ekartzen zizkidan batek. Barruko ura atera, eta balkoian edukitzen zituen, kanpoko balkoian, baina usaina botatzen zuten kristorena. Eta egun batean, “mekaguen, alboka adarrak etxera eramaten dik usain bat terriblea! –esan zidan–. Beste bati enkargatzen badizkiok niretzat mesedea!”. “Bueno ba, konponduko nauk!” esan eta berri bila hasi nintzen. Bilboko hiltegikoak esan zidan berak ekarriko zizkidala adarrak. Eta gero beste batek ere bai gure semeari, berak bazekiela nondik ekartzen zituzten, Ibardineko bentetatik gorako batek Baionako hiltegian biltzen zituela eta hark ekarriko zizkidala. Eta hala hasi nintzen.

Kanpora ere saldu izan dituzu, ez?


Ingalaterrarako behin alboka bi egin nituen. Eta Argentinarako ere bai. Eta beste batean Kolonbiarako.

Albokak denak dira ezberdinak?


Bai, baina denak koadrila berekoak. Soinua antzerakoa ateratzen dute. Adarrak aldea izaten du, batzuk zabalagoak, eta besteak estuagoak, baina esan liteke denak direla antzerakoak. Gasteizkoak egiten ditu gaur egun, eta uste dut horrek notak osoak ez dituela, eta gainera plastikozkoak ere egiten ditu. Baina bera baino ez dago gaur albokak egiten dituena, eta asko egiten du.

Zuk jotzeari noiz utzi zenion?


Ez dakit ba, Leon Bilbaori egin genion omenaldi hartan jo nuen, duela hamar urte baino gutxiago, eta Hernaniko Albokarien Egunean ere izan nintzen duela hiru urte edo. Pieza pare bat edo jo nuen, eta entzun ere han entzuten ditut albokari guztiak, baina arretarik jada ez daukat nik hainbeste entzuten egoteko, eta gazteak ez ditut entzuten.

Arnasa asko landu behar da alboka jotzeko?


Ez, ez. Jakina, asko erretzen baduzu ez da ona, hauspoa bete egiten zaizu, baina hori tresnaren araberakoa ere bada. Izaten dira albokak ia putz indarrik ez dutenak behar izaten, beste batzuk berriz gehiago kostatzen dira jotzen.

Jo ezazu nahi baduzu pieza bat...


Baina ordezko haginekin hasten banaiz hagina irtengo zait! Dultzainarekin ere batzuetan horixe gertatzen da.Gogoratzen naiz Donostiara joaten ginela dultzainero batekin, eta hark jo baino lehenago, disimuluan, haginak ateratzen zituen. Eta nik ere, Hernanin jo nuenean, diskrezioz baina haginak kendu nituen. Mutikotan ez, mutikotan haginak ondo izaten dira eta!

ASTEKARIA
2007ko irailaren 16a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
2025-03-28 | Sustatu
La Ligaren blokeoak euskal domeinuei eragiten dien kaltea monitorizatuko du Puntueus-ek

Azken aldian, asteburuetan, Internet ez dabil ondo. Hasieran, zaila zen webguneei ezarritako blokeoen zergatia ulertzea; orain, badakigu Espainiako La Ligak agindu zituela, futbola modu ilegalean emititzea saihesteko. La Ligaren blokeoak euskal domeinuei eragiten dien... [+]


Abenduaren 27an Bilbao Arenan milaka euskaltzale batzeko dei egin du Kontseiluak

Bilbon eginiko aurkezpenean iragarri dute ekitaldia, euskarari "arnas berri bat emateko eta behar duen indarraldia gorpuzten hasteko" lehen urratsa izango dela nabarmenduta. Euskaltzale guztiei, baina, oro har, "justizia sozialean eta gizarte kohesioan aurre... [+]


“Ez genuen komunik, ez urik, ez argindarrik... eta hori ere kendu digute!”

Aljeriatik datoz Mohamed eta Said [izenak asmatuak dira], herri beretik. “Txiki-txikitatik ezagutzen dugu elkar, eskolatik”. Ibilbide ezberdinak egin arren, egun, elkarrekin bizi dira Donostian, kale egoeran. Manteoko etxoletan bizi ziren, joan den astean Poliziak... [+]


Olatz Salvador
Konfort gunea

Olatz Salvador
Noiz: martxoaren 15ean.
Non: Deustuko jaietan.

------------------------------------------------

Martxoak beti du deustuarrontzat kolore berezia; urtero ospatzen ditugu jaiak, San Jose egunaren bueltan. Bi asteburu bete festa, eta urtetik urtera Deustuko... [+]


Intza Gurrutxaga Loidi, EHE-ko kidea
“Oldarraldiaren aurrean, hainbat administraziotatik, adibidez, koldarraldia dator”

Euskal Herrian Euskarazek manifestazioa deitu du apirilaren 6rako, 11n EHEko bi kide epaituko dituztelako. Hiriburuetatik autobusak antolatzen ari dira. Bi helburu bete nahi dituzte, batetik, epaituak izango diren bi kideei babesa erakustea, eta bestetik, euskararentzat justizia... [+]


Bidasoako haur eta gazteen psikiatriako kontsultaren itxierak haserrea piztu du

Pazienteek Donostiara joan behar dute arreta jasotzeko. Osasun Bidasoa plataforma herritarrak salatu du itxierak “are gehiago hondatuko” duela eskualdeko osasun publikoa.


2025-03-28 | Irutxuloko Hitza
Metroaren lanetako gainkostua 33,3 milioi eurokoa dela adierazi du Eusko Jaurlaritzak

EH Bilduk galdera sorta bat erregistratu zuen Eusko Legebiltzarrean Donostiako Metroaren igarobideko lanen gainkostua argitzeko. Informazio hori atzo jakinarazi zuen Susana Garcia Chueca Mugikortasun sailburu sozialistak.


Ezkabako ihesaldia gogoratzeko, La Fuga mendi-martxa

Kirola eta oroimena uztartuko dituzte, bigarrenez, mendi-martxa baten bitartez. Ez da lehiakorra izanen, helburua beste bat delako. La Fuga izeneko mendi martxak 1938ko sarraskia gogorarazi nahi du. Ezkabako gotorlekuan hasi eta Urepelen amaituko da. Maiatzaren 17an eginen dute.


2025-03-28 | ARGIA
200.000 euro lortzeko kanpaina abiatu du Integrazio Batzordeak

Seaska Sarean inklusio egoeran dauden 165 ikasleei laguntza bermatzeko hasi dute kanpaina, antolaketa propioa eratuta. Frantziako Hezkuntza Ministerioaren jarrera salatu dute kanpaina aurkezteko prentsaurrekoan, behar bereziak dituzten haurren inklusiorako baliabide... [+]


Atzera bota dute Zaragoza eta Araba arteko goi tentsioko linearen proiektua

Martxoaren 19an amaitu zen proiektua aurkezteko epea, baina Errioxako PSOEk adierazi du Forestalia enpresak "interesa baztertu" duela. Enpresak bi parke eoliko eraiki nahi zituen Aragoiko lurretan, baina oraindik ez ditu lortu baimenak eta hori dute egitasmoa... [+]


AEBn ekoizten ez diren autoei %25eko muga-zergak ezarriko dizkiela iragarri du Trumpek

Muga-zergak apirilaren 2tik aurrera ezarriko dira eta altzairuari eta aluminioari ezarritakoei batuko zaizkie. "Gurekin negozioa egiten duten eta gure aberastasuna eskuratzen duten herrialdeei ezarriko dizkiegu", AEBetako presidenteak adierazi duenez. 


2025-03-27 | Arabako Alea
Greba mugagabea hasi dute Gasteizko lorezainek

%90eko jarraipen "ia erabatekoa" izan du grebak, sindikatuen arabera. Gasteizko parkeak, lorategiak eta eraztun berdea mantentzen dituzte Enviser azpikontratako 90 langileek.


Borrokak balio du: Israel Premier Tech, ez aurten, ez inoiz

Aurten "Israel Premier Tech" txirrindularitza talde israeldarra ez da Lizarraldeko Miguel Indurain Sari Nagusia lasterketara etorriko. Berri ona da hori Palestinaren askapenaren alde gaudenontzat eta munstro sionistarekin harreman oro etetea nahi dugunontzat, izan... [+]


Eguneraketa berriak daude