argia.eus
INPRIMATU
Abarrak
Egia auzoa, Berlinen
  • Das Leben der Anderen (Besteen bizitza / La vida de los otros / La vie des autres), Alemania 2006.
    Zuzendaria: Florian Henckel von Donnersmarck.
    Aktoreak: Ulrich Mühe, Martina Gedeck, Sebastian Koch, Ulrich Tukur.
Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2007ko irailaren 05
Berlin 1984. Piztia idazlearen etxean zegoen, adi, dena entzuten, egunean 24 orduz, astean zazpi egunez, inor konturatu gabe. Eta ez zen adar eta buztan, hiruhortzekoa eskuan infernuetatik etorritako deabrua. Funtzionario gris burusoila besterik ez zen. Bere lana ongi egiten zuen Stasi-ko funtzionarioa, Alemaniako Errepublika Demokratikoaren –nire belaunaldikoei oharra: komunistak– hondarreko urteetan. Horra abiapuntu bat pelikula batentzat.

2006ko Oscar sarietan atzerriko film onena –esan nahi baita AEBn egin ez zen filmik onena– izendatu zuten Das Leben der Anderen. Orduan, eszeptizismoa. Akademiaren logika, imajinatzeko modukoa: komunista gaiztoak menperatu eta zintzotu genituen eta orain urte haietako gertakariak salatzen dituzten filmak egiten dituzte. Ergo, saritu egingo ditugu.

Hala ere hurbildu egin ginen zinemara, ez baitago pelikula errudunik, kontrakoa frogatzen den arte. Eta gustatu, hara. Metafora maiztu samarra erabiliz tipularen antzera ikus daitekeen horietakoa da filma, geruza ugarikoa: jazarpen politikoa, bakardadea, sumisioa, idealen galera –bikaina Ulrich Mühe-k antzeztutako pertsonaiaren bilakaera–, traizioa... Istorioak sakontasun handia du, ezin uka.

Baina zalantza uxaezina. Berandu ez ote datorren. Esan nahi dut, zinema nola-hala “soziala” izan nahi eta ezina ez ote den. Francis Fukuyamak iragarritako historiaren amaiera etorri ez zen bezala, estatuen espioitza ere ez zela Gerra Hotzarekin amaitu alegia, eta filmeko istorio bera gaur egungo AEBn, Erresuma Batuan, Errusian edo Euskal Herrian –galdetu bestela etxeko sofa azpian mikroa aurkitu zuten Donostiako Egia auzoko gazteei– konta zitekeela. Eta bestelako indarra izango zuela, iraganak galdu duena.