Gaztelaniazko bertsioaren arrazoia?
Euskaraz, Euskal Kantak izenburuarekin, hiru argitaraldi ezagutu ditu liburu honek. Eta niri poz handia eman dit gaztelaniaz argitaratu ahal izatea, gure herrian zein hemendik kanpo euskal musika herrikoia hobe ezagutzeko aukera ematen duela iruditzen baitzait.
Bertsio honek ekarpen berezirik eskaintzen al du?
Euskarazko edizioak oso duinak eta zainduak izan dira. Baina bazituzten akats txiki batzuk, eta haiek saihesten ahalegindu naiz oraingo honetan. Bestalde, kantuei egiten zaizkien aipamenetan ere badira azken urteotan jasotzea izan ditudan zenbait xehetasun gehiago.
Zein da, oro har ikusirik, euskal kantu herrikoien ezaugarririk nagusiena?
Gure kultura, bera baino askoz indartsuagoak diren kulturez inguratua egon da. Beraz, gure herriaren eta geure kulturaren etorkizuna mehatxaturik sentitzen zenez, apologia bururatu zitzaigun defentsa gisa. Horrela bada, tradizioz jasotako euskal kantetan, benetan nolakoak ginen aztertu beharrean, bereziki zeinen onak ginen azaltzen saiatu ginen. Juan Ignacio Iztuetaren lana oso adierazgarria da zentzu horretan. “Euskaldunen dantza mota guziak dirade gaitzik gabeko pozkarriak, onestasun haundikoak eta txit miraritsuak” zioen. Esan nahi dut, duela urte gutxi arte –eta oraindik ere jarraitzen da hau egiten– euskal folklorea eta musika folklorikoa aztertu izan ohi direla, ez historian zehar gure herria nolakoa izan den jakiteko asmoarekin, nolakoa izatea gustatuko litzaigukeen adierazteko baizik.