Lope Agirreri buruzko argazkien montajeaRomal Nelson, Tabasko, Riviera
Lope Agirre (1511-1561), batzuentzat traidore doilor, besterentzat heroi. Asko esan da, asko idatzi da pertsonaia honetaz, bere bizitza legenda bihurtzeraino. Indartsu iritsi zaigu benturazalearen, erreboltariaren eta, batez ere, Amerikan Felipe II.a erregeri ausarki oldartu zitzaion lehen konkistatzailearen irudia, bere hanka herren, gorpuzkera trakets eta izaera urduriarekin batera. Hala ere, pertsonaia hau ezagutzera hurbildu diren biografo eta historialariek ezin izan dute ezkutatu Loperen bizitzak dituen ilun guneek sortu dieten egonezina. Izan ere, askotxo dira Agirreren biografian oraindik erantzunik gabe dauden galderak.
Biografia: galdera ugari eta erantzunak gutxi
Non jaioa da? Nortzuk ziren bere gurasoak? Ba ote zuen anai-arrebarik? Nolakoa zen bere familia, aberatsa, pobrea? Ikasketarik burutu ote zuen? Ez dirudi oso normala bere garaian hautsak horrenbeste astindu zituen konkistatzaile baten kasuan, Espainia osoan bere izena denen ahotan zebilenean, inork ezer ez jakitea bere haurtzaro eta gaztaroari buruz. Oso gordean zuen, nonbait, bere bizitzako aro hori. Francisco Vázquez-ek, El Dorado-ko espedizioan parte hartutako kronistetako batek, haserre begiradako tirano itsusi bat bezala deskribatu zigun Lope: Era este tirano Lope de Aguirre hombre casi de cincuenta años, muy pequeño de cuerpo, y poca persona; mal agestado, la cara pequeña y chupada; los ojos, que si miraba de hito, le estaban bulliendo en el casco, especial cuando estaba enojado. Era de agudo y vivo ingenio, para ser hombre sin letras...
Lopek berak 1561. urtean, heriotza iritsi baino hilabete batzuk aurrerago, Felipe II.ari zuzendutako gutun ospetsuan, oñatiartzat eta aitoren semetzat aurkeztu zion bere burua: Lope de Aguirre, tu mínimo vasallo, cristiano viejo, de medianos padres, hijo-dalgo, natural vascongado, en el reino de España, en la villa de Oñate vecino, en mi mocedad pasé al mar Océano á las partes del Pirú...
Dokumentu honetan Lopek zioen hogeita lau urte eman zituela Espainiako erregeren zerbitzura. Hain zuzen ere datu hauetan oinarrituta osatu izan da Loperen biografia. Baina ez da ez eliz liburuetan, ez protokoloetan, ez beste inolako izkribu sinesgarritan aurkitu Loperen jaiotza eta gaztaroko ibilerei buruzko daturik. Ameriketan burututako balentriez, ordea, luze idatzi zuten El Doradoko espedizioan lankide izandako kronistek. Baina kronika hauetan ez dugu aurkituko Loperen familiari, jaioterriari edo gaztaroari buruzko daturik. Lopek zorrotz gordetzen zuen, antza, bere iragana besteren jakinminaren aurrean.
Oso hedatua da Lope Oñatiko Araoz auzokoa zela dioen hipotesia, Ignacio Zumaldek 1963an plazaratua araoztarren eta Loperen izaeraren arteko antza oinarri hartuta. Hala ere, Zumaldek berak oinarri sendorik gabeko teoria zela aitortu zuen. Baina ziurtzat zuen Oñatikoa zela, nahiz, esan bezala, honi eusteko oinarri bakarra Loperen beraren hitza izan. Egia esateko, konkistatzailearen biografian dokumentatu daitezkeen pasadizoak gutxi dira, eta Lope Agirreren izena dakarten dokumentu guztiak pertsonaia berberari buruzkoak ote diren ere zalantza da.
Guztiarekin ere, historialari gehienek onartua da 1536. urtean Espainiako erreginak salbokonduktua edo ibiltzeko baimena sinatu ziola Perura inolako arriskuren beldurrik gabe joan zedin. Bere bizitzako azken hiru urteak, 1559tik 1561era, ederki azaldurik datoz garai hartako hiru idazlek egindako kroniketan, eta kronika hauetan aurki daitezke Lopek berak idatzitako gutunak ere.
Sorlekua: testu zahar batean deskubritu den “sekretua”
Nahasmenaren erdian, ordea, Loperen biografia berridaztea ekar dezakeen testu batekin egin dugu topo, Bizkaiko Foru Agiritegian gordetzen den Ibarguen-Cachopin Kronika izeneko lan argitaragabean: Uno deste apellido de Aguirre, llamado Pedro de Aguirre, que fue vezino del valle de Aramayona, en tienpo del enperador Carlo quinto nuestro señor de gloriosa memoria, se llebantó con una parte de la India (...) de tal suerte que se llamava rey. (...) Este Pedro de Aguirre, como digo, fue vezino e natural del balle de Aramayona, de la anteiglesia de Sant Estevan de Urívarri...
Lerro hauek Cachopin kronikagileak idatzi zituen, García Fernández Cachopin izeneko historiagilearen semeak, 1580. urtetik 1598. urtera bitartean. Cachopindarrek Laredoko herrian zuten sorburua, baina kronikaria, Cachopin semea, Sibilian bizi izan zen eta ondoren Kordoban, eta hiri honetan bizi zela konposatu zuen Juan Iñiguez de Ibarguen Ibarruriko eskribauaren laguntzaz Cronica General Española y Sumaria de la Cassa Vizcaína izenburua daraman lana, Ibarguen-Cachopin Kronika izenaz ezagunagoa.
Cachopinek Pedro Agirreri buruz hitz egiten digu, ez Lope Agirreri buruz, baina bistan da pertsonaia bera direla. Baliteke Lopek izena aldatu izana, iragana hobeto ezkutatzearren, edo kronistaren akatsa izatea. Testuan azaltzen zaigunez, Lope, edo Pedro, Aramaioko Saola auzunean jaio zen, Aramaioko jauna Gómez González de Butrón y Mujica zenean. Baina aita hil egin omen zitzaion eta ama berriro ezkondu beharrean aurkitu zen, antza. Aramaion bertan aurkitu zuen senarra, Uribarri auzoko Agirre baserrian, hura ere alargundua. Ohikoa zen bezala, ama-semeek etxe berriaren izena jaso zuten eta Saolatik zekartena ahaztu. Estibaliz Agirrek, Loperen ugazaitak, lehendik ere ba omen zituen seme-alabak Agirre etxean eta haiek zituen oinordeko etxea eta hazienda partitzeko orduan. Lope Gasteizera bidali zuten zapatari ofizioa ikastera.
Loperen gurasoak Saolako etxearen edo haziendaren jabe izan balira, ez zuen ama alargunak handik alde egin beharrik izango eta, ziur asko, ondasun horien jabe izanik bigarren aldiz ezkondu ere ez zen egingo, eta Lope izango zen guztiaren oinordeko. Baina ama-semeek Agirrera joan behar izan zuten bizibide bila, eta Agirren amarentzat bai, baina tokirik ez Loperentzat. Lope, agian lehena izatetik, bigarren izatera igaro zen, edo hamaikagarren... Hutsaren hurrengo ikusi ote zuen bere burua Agirrera iristean?
Aramaioarrak bere burua aitoren semetzat zuela diosku Cachopinek, eta hala zen, baina egileak ez dio onartzen Lopek aldarrikatzen duen jatorri jaso hori. XVI. mendean “bizkaitar” –euskal probintzietakoa– izatea aitoren seme izatea zen, kristau zaharra, Espainiako koroarentzat zalantzarik gabeko bermea. Horren ondorioz, erresumaren administrazioa, eliza eta armada bizkaitarrez betea ageri zen. Zenbaitek ez zuen egoera hori oso atsegin, eta bizkaitarren antzinakotasuna eta garbitasuna zalantzan jartzen zuten txostenak eta liburuak hasi ziren agertzen. Cachopin eta Ibarguenek, Garibay, Poza eta abarrek bezala, iritzi horiei aurre egin nahi izan zieten eta euskal leinuen antzinakotasuna, betiko kristautasuna eta odol garbitasuna aldarrikatu zuten Kronikan, Felipe II.ari gogoraraziz bizkaitarrak beti borrokatu zirela Espainiako erregeen alde. Baina Lope ez, Lope traidorea zen Cachopinen pentsamoldean, eta agirretarren leinuak ez zuen merezi horrelako orbainik bere historia distiratsuan, ezta aitoren semeek horrelako anaiarik euren artean: Allá en las Indias sienpre dixo e publicó que hera natural vizcaíno e dependiente legítimo de la casa y solar de Aguirre del lugar de Gabiria del prinçipado de Areria, siendo al contrario la berdad.
Lopek Oñatikoa zela esaten zuen, ez Gabiriakoa, baina litekeena da, Cachopinek dioen bezala, jatorriz Gabiriako Agirre etxekoa zela ere esaten aritu izana, aita handik etorria zelako edo. Izan ere, garaiko genealogian oso hedatua zegoen Izurtzako (Durango, Bizkaia) Etxaburu etxeko seme bat Gabiriara joan zela eta bertan Agirre etxea eraiki zuela, eta etxe honetatik datozela izen bereko zein ezberdineko etxe asko. Gabiriako Agirre etxe horrek fama handia zuen behin batean bertako bi semek mairuen aurka burutu omen zuten balentriagatik eta esker gisa Nafarroako erregeak emandako armengatik. Ezin da baztertu, beraz, Lope bere burua gorestearren honelako istorioak kontatzen ibili izana.
Gasteizko delituaren kondena, konkistatzailearen patua
Artean gaztetxoa zela Gasteizera gogoz kontra bidalia, galbidean jarri zuen Lopek bere burua, delitu larria burutu baitzuen, neska bat bortxatu, alegia: Le puso a este moço a çer çapatero en la çiudad de Vitoria, donde forço una donçella, por lo cual fue condenado a pena de horca y açer cuartos. Jarritako zigorra ez zitekeen gogorragoa izan: urkatua izan eta ondoren bere gorpua zatikatzea. Aitoren seme batentzat ez zegoen morroien modu berean exekutatua izatea baino zigor iraingarri eta lotsagarriagorik.
Baina aurkitu zuen modua patu latzari ihes egiteko. Bere leinukoen laguntzaz –abizenaren historian agertutako orbain lotsagarri hura garbitu nahirik–, edo, beharbada, dirutza ederra ateratzeko aukera ikusi zuen baten batekin tratua eginez, kaltetutako familiaren haserrea lausotzea lortu zuen Lopek. Horrela, iheserako bidea ireki zioten, gartzelariaren “deskuidu” bati esker. Ez dezagun ahaztu Indietarako abentura azkar aberasteko modu segurutzat zuela askok eta askok garai hartan, eta zer esanik ez norbera joan beharrean beste norbaitek egiten bazituen hango lanak. Gauzak modu batean edo bestean gertatu, Lopek zorrak utzi zituen tratu horretan, baina berak buruan zuen jadanik zor horiek kitatzeko eta mundu injustu horri mendekua hartzeko balioko zion asmoa: ...y con esto el moço uyó e pasó en Indias, donde se casó y enriqueció...
Beraz, etorkizuna ireki ziezaiokeen irtenbide bakarra Indietara joatea zuen. Urkamenditik libratzeko eta kartzelatik ihes egiteko burututako diligentzien artean Lope Mundu Berrira joatea zegoen, eta badirudi Sibilian ontziratu zela, Cartagena de Indias-era abiatzeko. Ez da bere izena ageri pasaiari liburuetan, eta ez gaitu harritzen, bere arrazoiak baitzituen ezkutuan ibiltzeko. Abentura honek izugarri erakartzen zituen ezer galtzekorik ez zuten pertsonak: plebeioak, soldaduak, bigarren semeak... Propaganda ofizialak agintzen zuen etorkizun oparoak iragan eta bizibide iluneko pertsonak ere erakartzen zituen, eta agintarien permisibitatearen babesean erraz zitzaien Indietara ontziratzeko zegoen arautegi zorrotza gainditzea.
Indietara: beti ihesean
Vicens Vives historialari kataluniarrak hiru nortasun mota aurkitu zituen hiru sasoi ezberdinetan Ameriketara abiatu zirenen artean: nabigatzailea eta esploratzaile profesionala 1492tik 1520ra; konkistatzailea 1520tik 1550era; eta 1550etik aurrera kolonoa, tartean misiolariak, funtzionarioak eta mandatariak ohiko direla. Hiruetatik zuen zertxobait Lopek, eta aberastasun eta ospe goseaz gain askatasun nahia ere bazeraman fardeletan. Mundu Berria nahi eta desio guztiak ase zitzakeen paradisua zen, eskuraezina zirudiena ere erraza zen lortzen. Gainera, El Dorado urre-tokiaren mitoak ideia hau indartu egin zuen, tokia aurkitu eta azal-azalean omen zen urrea hartu besterik ez baitzegoen, bestelako nekerik gabe.
1536ko martxoaren 30ean Espainiako erreginak salbokonduktua edo libre ibiltzeko baimena luzatu zion Loperi. Erreginak ziurtatu egiten zion ez zela jazarria edo atxilotua izango Amerika eta Espainia arteko joan-etorrietan. Horrez gain, apirilaren 6an Nueva Toledoko erregidore izendatu zuten bere “zerbitzuengatik”, eta, dirudienez, 1537. urtearen hasieran Ozeanoa zeharkatu zuen berriro. Luze gabe, joan-etorriko bidaia berri bat egin zuen, 1538an Espainiara zihoala Habanatik hurbil naufragatu zutenen artean ageri baita bere izena. Eta 1539an lehen aldiz eman zuen izena pasaiarien liburuan, Mundu Berrirako bidaian, dirurik gabe eta morroi beltz bat lagun zuela. Hau izan zen Espainiako lurrak zapaldu zituen azken aldia. Zor guztiak kitatuak ote zituen jadanik? Ez al zuen bere sorterrian bizitza berri bati ekiteko modurik edo lekurik aurkitu? Erregeri zuzendutako gutun ospetsuan antzeman daitekeenez, Ameriketara bidaiatzeko bai, baina itzultzeko baimenik ez zion Felipek II.ak sekula luzatu. Eta horrek jaten zizkion barrenak.
Ameriketako ibilerak aski ezagunak dira. Erabat murgildu zen hango gerra zibiletan, alde batean zein bestean. Erregeren eta bere ordezkarien alde ere hainbat neke jasan zuen... Baina ez omen zion Espainiako monarkak inolako esker onik erakutsi. 1560an, eskuin hanka txiki-txiki eginda zuela El Dorado-ren bila abiatu zen Pedro Ursua baztandarraren espedizioan. Ursua buruzagia hil eta boterea eskuratu ondoren, erregeri matxinatu zitzaion bere gutun haren bitartez. Akitua, erabat etsita, alde guztietan etsaiak ikusten zituela, Elbira bere alaba bakarrari sabela zulatu zion inork ez zezan Agirreren izenik zikindu, eta gero, zain geratu zen bere borreroak noiz iritsiko. Aurkitu zutenean, bi arkabuzkadaz hil zuten. Ondoren bere gorpua lau zati egin eta bideen bazterretan jarri zituzten. E por su sobervia le suçedió lo que abéis oido, donde pagó con la vida lo que escusó en Vitoria... Gasteizen emandako epaia bete egin zen azkenean, nahiz arrazoia bestelakoa izan: Koroari desleial zitzaionari zer gerta zekiokeen erakutsi nahi zen. Bere ondasunak erre egingo ziren eta bere ondorengoak zitaltzat joko zituzten aurrerantzean. Agirre sekula eta betiko traidorea izanen zen. Jakina, epaia ez zen bete, Lope ondasunik gabe hil baitzen eta zuen alaba bakarra berak akabatu baitzuen zetorkiokeen etorkizun ilun hartatik libratzeko aitzakiaz.
Historialariak, politikariak, psikiatrak, literaturgileak, zinemagileak, denetik aurki dezakegu Lope Agirreren bizitzaren lorratza ikertzen. Ikuspegiak ere anitzak izan dira eta horren karian ugari izan dira Lopek jaso dituen izendapenak: eroa, hiltzailea, lotsagabea, azkarra, krudela... eta baita “Askatasunaren Printzea”, “Jainkoaren Haserrea”, “Amerikako Independentziaren Aitzindaria” eta abar. Eroarena izan da hedatuena, beti ere gure garaiko ikuspegitik, bere ekintzek aztoratu egiten gaituztelako. Baina ez zuen bere garaikoengan erruki sentimendurik sortzen, pasioa baizik, aldekoa zein aurkakoa. Egokiena, beraz, Lopek bere buruari ezarritako goitizena da: erromesa. Bere buruari dion debozioak bultzatuta amaigabeko bideari lotzen zaion ibiltaria, otso ibiltaria.