argia.eus
INPRIMATU
Kaosaren harmonia lirikoa
  • Caótica Ana, Espainia, 2007.
    Zuzendaria: Julio Medem.
    Aktoreak: Manuela Vellés, Bebe, Nicolas Cazalé, Charlotte Rampling, Asier Newman, Lluís Homar. 118 m.
Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2007ko abuztuaren 29a
Bagenekien ez zela film erraza izango, oraingoan ere Medemek subkontzientearen eta ametsen muga ezkutuetan arakatuko zuela. Gure subkontziente kolektiboari buruzko fabula feminista izango zela abisatu zigun zuzendariak, eta emozionalki harrapatuko gintuela. Horretarako, Medemi duela urte batzuk hil zitzaion arreba Anaren omenez egindako pelikulak lengoaia sinbolikoa darabil, eta protagonistaren bidaia erreala eta hipnosi saioen bidez denboran eginiko bidaia uztartzen ditu. Sexu esplizituak Lucía y el sexo ekarri digu gogora eta amodiozko istorio tragikoak berriz Los amantes del círculo polar, baina hau ez da amodio istorio bat. Ez da istorio soila, behintzat, harago baitoa: Anaren pertsonaiarekin, historian zehar gizonek emakumeei eragindako sufrimenduaren ordezkari eta sinboloa eraikitzen du filmak. Emakumeak dira benetako protagonistak, bidegabekeriei aurre egin eta bizirauteko gai direnak.

Eta errealitate gordin hori irudikatzeko, Saharako gatazka eta Irakeko guda presente dituen errealitate krudela azaltzeko, poesia da nagusi. Poesia dario Caótica Anari, irudietan, paisaietan, koloreetan, musikan, aktoreen antzezpenetan... Ia bi orduz, Anak eskua har ziezagun utzi dugu, eta Ibizara eta New Yorkera eraman gaitu, aspaldiko garaietara, bortizkeriaz eta gorrotoz beteriko uneetara... Anaren kaosak, pixkanaka bere harmonia bilatu du, zentzua hartzen joan da. Eta berekin batera gorrotoa, maitasuna, poza, tristura, amorrua sentitu ditugu. Medemek arrazoi zuen: emozionalki harrapatu gaitu, eta hori, gaur egungo zineman, ez da gutxi.

http://www.argia.eus/argia-astekaria/2099 helbidean, Julio Medemi egindako elkarrizketa.