Bueltaxkan abiatu ordurako Epilobium montanumaren goiloratzak ederrenean harrapatuak ditugu, koadrilaka ipargoiarekin firurika dantzan. Segidan fago amonen basoan sartu eta amandre hauek besarkatzea besterik ez zait sortzen, neurririk gabe besarkatuz zazpi metro eskaseko gerri-buelta neurtu, eta gero, beti bezala, txundituta begiratu eta begiratu ditut. Pagadian, giroaren metro, goizeko ihintza eta basura euri egiten zituen haizeak eguerdi aldera. Ur honen indarrez fagook adar muturrak argi-argi dituzte, udaberriko lehen pujako hosto beltzen gainean nabarmen, giroaren metro, urte-sasoi honetakoak baino udazkeneko bigarren pujaldikoak diren kimu hori-laruak. Beheko bailaretako zumar bakanek ere antzeko kolorekoak dituzte kimuok, gorrien tarterikoak dituzten haritzen aldamenean. Inoiz bada, orain da gorri haritza, bigarren kimua su-gorri farfailez janzten du, udaberriko berria udazkeneko azkenaren birkia baita, zimeltzearen gorri hilaren aldekoa.
Bargagaingo tontorrean abereak amildegitik urrutiratzen dituen itxiturak haien hortzei ere mugak jartzen dizkienez sekula moztu gabeko belaze natural dotoreak sortzea erraztu eta babesten ditu. Hasierako goiloren gorrizta urardotua bazen, hemengo ehunka garduena (Cirsium filipendulum) bizi-bizia da, ikuskizun ederra osatuz, trailan kardinal saila baliran, denak ekialdera begira loreak makur antzera… Behar handirik ez eta arantzak ohiko garduenak baino bigunagoak dituzte hemengook. Zakarrak aldamenean daude, beroaldirik igaro gabe eguna ederki mozten ari dela jabetuta loreak zabaltzeko joera hartu behar izan duen laharrean. Irailean bueltatzean jango ditugu lore arroson masustak.