argia.eus
INPRIMATU
Uda betean
Joxemari Ostolaza 2013ko maiatzaren 06a
Joxemari Ostolaza
Gaude. Eguzkiak gehiegi berotzen ez bagaitu ere udaren arrastoak inguratzen gaitu. Belardietan lehen sailak lehortzeke, baratzek kolorez eta arbolak fruitu bete. Karreristak eta estropalariak neguko lanak erakusgai eta gu haien lehien begirale. Tourra Britainian eta Flandrian dabil Frantziara bidean. Dopinaren mamua estali ezinik, txirrindulariek agiri moral bat sinatu behar izan dute antolatzaileen lasaigarri korrituko badute, jango badute. Mamu berak eraman du Astillero trainerua zintzilikatzera Revillaren espantuak erronkari, erronka-jolasa ez dela beti joko bilakatzen argi erakutsiz. Jada hasiak gara sofin egiten. Asteburuan arraunlariak Galizian eta eguneroko siestan txirrindulariak Tourrean. Urtero legez Pirinioetan izango gaituzte zain, aurten Zuberoan Atharratzetik Larraineko bidean. Bi estropada galduko ditugu ETB ez baita nazionala oraindik. Atzerrian bageunde bezala telefonoz bildu beharko ditugu berriak, Luesma kofradeak galarazten ez badigu behintzat uhin sabotaje bati ekinez. Izan ere, bere Madrilgo kofradiako abak ez luke Altzai aurkituko ezta GPSz baliatuta ere. Kolonizatzaileak ez du kolonia ezagutzen beti, eta hori gure abantailetako bat dugu. Zertan eta nolatan baliatu da gure ardura. Sortze lana.