argia.eus
INPRIMATU
Mireia Gabilondo
“Antzerkia antzezteko idatzia dago”
  • Bergaran (Gipuzkoa) jaio zen Mireia Gabilondo eta
    Donostian bizi da aspaldian.
    Euskal antzezle eta zuzendari arrakastatsua dugu,
    bai antzerkian, bai telebistan, baita zineman ere.
Fermin Etxegoien 2021eko ekainaren 30a
Mireia Gabilondo
Dani Blanco

Euskaraz eta arrakastaz aritu den lehen belaunaldiko kide zara. Zein dugu hurrengo mugarria?


Mugarria baino, bidean jarraitu: aukeratu nuen bide honetan. Eta ezin naiz kexatu, nahi dudana egiten dut, gustatzen zaidana, ondo pasatzen dut. Alabak, (Laiak) txikitan esaten zidan: “jo, ama, beti lanera… zergatik?” eta nik: “Niri nire lana asko gustatzen zait, maitia… ondo pasatzen dut”.


Bergaratik Donostiara pedagogia ikastera joan zinen… Amari eman gabe zure artista izan nahiaren berri?


Gehiegi esan gabe edo azalpen handirik eman gabe behintzat. Baina segituan konturatu ziren “antzerkiaren pozoia” nire gorputz txikian sartzen ari zela. Eta aitak esan zidan: “Baina gu ez gara joango beti egiten dituzun teatro horiek ikustera… guk ez dugu entenditzen”. Eta nik: “Horrek berdin dio, aita”. Amak, isilik, haserre aurpegiarekin begiratzen zuen bitartean. Baina gero egiten nituen antzerki obra guztietara etortzen ziren, gustura gainera eta nire amaren begietako haserreak irribarre kolorea hartu zuen.

Beti akordatzen naiz nire emanaldirik gogorrena Bergaran lehenengo aldiz lan egin nuenean izan zela: Ama hirugarren ilaran, niri begira bere begi beltz-beltzekin, eta nik ezin arnasa lasai hartu… Eztarrian intxaur ale bat edukiko banu bezala… Baina lortu nuen amaren aurrean egin behar nuen hura ahalik eta ondoen egitea. Eta txalo egin zidanean –zeren, ni txalotu ninduen– pozik zegoen. Hura poza, ze poz handia! (Nik sentitu nuena).

Duela hogei urte “euskal antzezleen koadrila” osatzen zenuten egunero Donostiako alde zaharrean. Izartegian zaudetenetik ez zaituztegu ikusten ordea!


Ezta nik zu ere, ezta? Nik alde zaharrean jarraitzen dut, han bizi naiz… Agian beste ordu batzuetan ibiliko naiz eta horregatik ez dugu topo egiten. Egia da orain dela urte batzuk asko zaintzen genituela alde zaharreko kaleak eta taberna batzuk. Ez da ba izango “izartegian” baino “izaretan” bizi naizela?


Antzerti izeneko eskola hartatik euskal antzezle ezagun asko pasatu zineten… Eskola berekoak ote zaitutezgu beraz?


Ez dakit… Gauza bat eskolak dira, beste gauza bat irakasleak eta ikasleek zer ateratzen duten hortatik beste gauza bat. Nik, Bergaran, institutuan hasi eta gero talde bat osatu genuen. Banekien zer zen elkarlanean sortzea, furgoneta kargatzea eta emanaldiak egitea. Horregatik niretzako “Antzerti eskolatik” pasatzea oso gauza polita izan zen; beste pauso bat. Jende ugari ezagutu nuen, antzerkia “serio” hartzen ikasi nuen; hau da: antzerki obrak irakurri, autoreak ezagutu (Ionesko, Beckett…), aktore bezala neure burua eta gorputza ikusten ikasi… Eta Antzertin nengoela Tanttakatik deitu zidaten beraiekin lan egiteko –beste pauso bat–. Eta hantxe gelditu naiz gaur egun arte. Tanttaka, tanttaka pausoak ematen.

“Emakumeak izarapean” izeneko obra zuzenduko duzu abuztuan: esaidazu ohean ez dutela sobreaktuatzen euskal aktoreek!


Ba ez dakit... hori aktore bakoitzari galdetu beharko litzaioke. Baina tira nik neuk ez; ez eszenatokian, ez kalean, ez ohean... Hobe da benetan aritzea, hobeto pasatzen da eta gehiago gozatzen da, ez? Martxoan estreinatu genuen Eibarko antzerki topaketetan. Gero emanaldi dezente ere egin ditugu eta, bai, abuztuan Donostian egongo gara, antzoki zaharrean.