argia.eus
INPRIMATU
Kontraesanak
Joxerra Garzia 2013ko maiatzaren 06a
Joxerra Garzia
Mehatxu globala. Hala zioen, gazteleraz, euskal hiztunetan dentsitaterik handiena duen probintzian gehien saltzen den egunkariak duela egun batzuk argitaratutako editorialaren izenburuak. Yemengo atentatua eta Erresuma Batuko lehergailuak abiapuntu hartuta, Irailaren 11 eta Martxoaren 14a aipatzen zituen, besteak beste, frogatzat; kausatzat, berriz, fanatiko batzuen sektarismo esker txarrekoa.

Kazetaritza ikasleei berehala irakasten zaien kontua da. Ganorazko albiste izateko, aski da hildako bakar bat, hildako hori gertukoa bada; zenbat eta urrutiagokoak izan, orduan eta hildako gehiago behar albistea osatzeko.

Izan ere, gertuko hildakoek izen-abizenak dituzte, eta lanbidea, eta pasadizoak, eta pasadizoak xamurki kontatuko dituzten lagunak, eta familia, eta bete gabe utzitako ametsak. Urrutiko hildakoek, aldiz, ez dute deus ere horrelakorik: hildako hilak dira. Gureak, berriz, hildako biziak –kontraesanak-kontraizanak–.

Hildakoak horrela sailkatuta bakarrik uler daiteke “mehatxu globala” editorialak aipatzen duen hori izatea, eta 800 bat milioi pertsonak jasaten duten gosetea, edo Irakeko zibilak euli gisa akabatzen dituen mozkor ohia, edo multinazionalek patenteen bidez egiten duten terrorismoa.

Fanatiko eta sektario, ordea, besteak dira beti.