Imazen iritzi artikuluak, bestalde, hautsak harrotu ditu, baina ezin esan bere edukia erabat berria egin denik, tankerako adierazpenak behin eta berriro egin baititu, ahoz zein idatziz eta, jakina da bere alderdian diskurtso horrek baduela aldekorik eta aurkakorik.
Su-etenaren amaieraren testuingurua hartuta, harrigarriena da nola islatzen duen Ibarretxe lehendakariaren erreferendumarekiko aurkako jarrera; edo hori da bederen gizartearen aurrean islatzen dena. Orain etorriko dira Imazen eta alderdiko beste batzuen ñabardurak eta azalpenak, baina horrek nekez estaliko du lehenbiziko inpresio hori, Ibarretxe estu hartu nahi dela alegia.
Ibarretxe lehendakariari dagokionez, bere azken bi legealdietako oinarria jartzen da zalantzan kontsulta bera zalantzan jartzean.
Ibarretxek eta Jaurlaritzaren Kontseilu Politikoak argi esan zuten iazko udan, su-etenak porrot egiten bazuen B plana gertu zutela eta berau zer zen erabat argitu ez bazuten ere, ahalezko ekimenaren ardatzean gehienek ikusi genuen Madrilek atzera botatako Ibarretxe plana eta kontsultaren itzala. Bake prozesuaren balizko porrotaren aurrean, ekimen politikoa berreskuratzeko lehendakaria eta hirukoaren borondatea argi gizarteratu zen.
Josu Jon Imazek ETAri ekimen politikoa kentzeko argudioa ere aipatzen du, baina beste norabide batean, ETAk kontsultaren aukera bere alde jarri dezakeelako. Argudio erabat kontrajarria da, ETAk bere biolentziarekin ekimen politikoa har ez dezan, ETAk egin dezakeen balizko erabilpenatik Jaurlaritzaren azken urteetako ardatz politikoa baldintzatzea. Batzuetan, badirudi benetako argudio baino, norberaren helduleku eta argudio gisa hartzen dela erakunde armatua. Auziaren iltzea ez dela ETA entzun da behin eta berriz azken sei urteetan, EAEko herritarren erabaki eskubidea baizik. Artikulu honek hankaz gora jarri du iltze hori, oraingoz bederen.
Ibarretxe buru Eusko Jaurlaritzak kontsulta egiteko bere hauteskundeetako agindua betetzeko asmoa azaldu duenean, EAk eta Ezker Batuak tinko sostengatu dute asmoa. EAJko zuzendaritza zegoen isil samar. Bada, etorri da erantzuna. Orain ere, EAJren bi gobernu aliatuek laster erakutsi dute Imazen artikuluarekiko desadostasuna. Ibarretxeren berben zain dago orain EAEko gizartea.
arre edo so, Nafarroako Gobernuaren eraketak ez du tarterik jada eta aste honetan ezagutuko dugu azkenean PSNk NaBai eta Ezker Batua hartzen dituen aliatu gisa Gobernu berrian, edo berau UPNren esku uzten duen.
Alternatiba UPNri gutxiengoan gobernatzea izango litzateke, baina nafar eskuindarrek nekez onartuko dute halakorik PSNko gutxieneko oinarri batzuk hitzartu barik. Zuloz betetako haitzulora argirik gabe sartzea bezalakoa litzateke, lehenengoan ez bada bigarren edo hirugarrenean zulora jauziko zaren jakitun. Eta UPNkoak ez dira horren inozoak. Hauteskunde berrien aukera ere hor legoke, baina denek baztertzen dute, oro har politikarien irudia biziki kaltetzeaz gain, bereziki PSN kaltetuko luke, gobernagarritasunaren giltza izanik, Gobernu berria eratzeko gaitasunik ez duela izan erakutsiko lukeelako.
araban tarte gehiago dago, datorren asteko 26an egingo baita Batzar Nagusietako osoko bilkura. Baina tarte txikia, hala ere. Eta ezin asmatu Txarli Prieto sozialistak eto Xabier Agirre jeltzaleak hartuko duen aginte makila. PPk du giltza hemen, eta Nafarroan gertatzen denak badirudi baldintzatuko duela Arabakoa. Asko dago jokoan, Araban bai eta EAJren baitan ere bai.