argia.eus
INPRIMATU
Hirukoa eta pipiak
  • Hilabete luze igaro da Foru eta Udal hauteskundeak burutu zirenetik. Udal gobernuak osatzen ari dira eta Bizkaian eta Gipuzkoan ahaldun nagusiak hautatu berriak ditugu. Gipuzkoan gertatua aipatu nahiko nuke ondorengo lerroetan bereziki.

    Hirukoak (EAJ-EA eta EB-Aralar) aise estaltzen zuen gehiengoa, 51tik 29 eserleku lortu zituen, beraz, aritmetikak laguntzen zion ahaldun nagusia aukeratzeko garaian. Gainera, Jaurlaritzan parte hartzen duten kideak izanik eta hirukoak markatzen duen ildo beretik ibiltzea erraza izango zela uste genuen askok, baina zoritxarrez ez da hain erraza izan. Uztailaren 6an gertatutakoa ikustea aski esanguratsua deritzot. Pasiloetako tratuak eta eskaintzak dira horren lekuko.
2013ko maiatzaren 06a
Joxemari Agirre
Joseba Olalde
Markel Olanok, ahaldun nagusi aukeratu berriak, aspaldi adierazi zuen –hauteskunde kanpainan bertan bizpahiru aldiz– zein zen bere helburua eta lehentasuna Foru Gobernua osatzerakoan: Jaurlaritzaren hirukoa gehi Aralar nahi zituela –berarekin batera– Gipuzkoako Gobernuan. Lehenik Jaurlaritzaren espazio politikoa sakondu nahi zuelako eta bigarrenik gipuzkoarren ordezkaritza, bizkarrezurra, hortik pasatzen dela uste duelako: 29 batzarkide izateak frogatzen duten moduan. Lehendakariak sarritan esan bezala bi baldintza bete behar ditu espazio politiko horrek: alde batetik, indarkeriaren erabilpen politikoari uko egitea, eta bestetik, eusko hiritarrek haien etorkizun politikoa erabakitzeko duten gaitasuna, erabakimena onartzea eta aitortzea. Bi hesi horien artean, demokrazia zabalean jokatuz, egin nahi du hirukoak –horretarako jaio zen– bere bide estrategikoa. Beste bide batzuk ere egon daitezke, zilegiak eta demokratikoak, baina hirukoaren bideari irizten genion –eta irizten diogu– egokiena geure herriaren nortasuna eta izaera zaintzeko. Nola ez bakegintzarako eta normalizaziorako.

Eta hemen dator galdera. Hirukoaren bertuteez konbentzituta baldin badaude kide guztiak eta Gipuzkoan hori gauzatzeko eragozpen aritmetikorik izan gabe, zergatik kostatu da hainbeste –pasilo eta tratu– aurrera ateratzea edo errepikatzea? Une batzuetan banantzeko zorian egon baita. Bada, seguru asko hirukoa osatzen duten kide guztien konbentzimendu maila ezberdina delako eta zenbaiten lehentasuna beste aukera batzuetan jarrita dagoelako. Konbentzimendu gutxi eta sinesmen gutxi badaukazu, bidean sortzen diren tentazioetan –negoziazio-negozioetan– erortzeko arriskua daukazu. Eta hori gertatu dela uste dut Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Aurrera begira atera bitza bakoitzak bere ondorioak. Idealismo pixka bat mesedez, bestela pipiak jo dezake hirukoaren ardatza. Horren zain asko daude eta.