Larraine-Hiru Erregeen Mahaia. Euskal Herriko sabaian

  • Iritsi da zeharkaldiari merezitako akabera emateko tenorea; Pirinioetako lehen bi milakoa igo ostean, Orhi, Hiru Erregeen Mahaia da gure azken jomuga. Lehenago, ordea, gailur ikusgarri andana igotzeko aukera izango dugu, Belagoara bidean, euskal mendietan irudika daitekeen ibilaldi ederrenetako bat osatuz. Poza eta pena nahastuko dira Euskal Herriko sabaira heltzean.
Aitor Casado
Larraine mendatea, 1.577 metroko garaiera. Orhi erraldoia jaitsiaz amaitu genuen aurreko etapa eta hemen hasiko dugu orain txangoa, Orhiren oinetan. Kontuan hartzekoa da ia uneoro 1.500 metrotik jaitsi gabe ibiliko garela, etengabeko igoera eta jaitsierei aurre eginez, horietako zenbait gogortasun handikoak, gainera. Edozein kasutan, ezin uka edertasun handiko etapa daukagula aurretik, eta izugarri gozatuko dugula. Orhi agurtu eta, gailurrerian aurrera, Belagoarantz abiatuko gara.

Bidea ez da hain nabarmena zenbaitetan; uneoro gailurreriako punturik garaiena jarraitzea litzateke, beste irizpideen gainetik, balekoa. Larraineko mendatetik abiatu eta, igoera lasaian, Gaztarriako muinora helduko gara (1.729 m). Behakoa atzera itzuliz gero, Orhiren ikuspegia gozatu ahal izango dugu etengabe. Gaztarriako gailurra baino leku aproposagorik ez da gibelera begiratzeko. Eguneko lehenengo gailur handia begien parean dugu honez gero: Otsogorri.

Elursoko leporaino eramango gaituen jaitsiera bizkorraren ostean, Otsogorriko mazelak igotzeari ekingo diogu, geure burua gehiegi estutu gabe. Otsogorritxipia muinora helduko gara lehenik, eta belarra eta harria tartekatzen diren gailurreria ederra gainditu ostean, gailur nagusira helduko gara (1.916 m). Aipagarria da Otsogorriko gailurrera Laugibar herritik (Zuberoa) doan bide paregabea, gure lurretan berdinik ez duen Holtzarteko mendi zintzurra zeharkatuz –zorabiagarria da bertako zubi ezaguna gurutzatzea!– eta izen bereko basoan gora eginaz. Larraineko mendatetik abiatuz Otsogorriko gailurra lortzeak sorrarazi digun poza esponentzialki handituko litzateke igoera Holtzartetik egin izan bagenu; zeharkaldi bat osatzen aritzeak, baina, gauza hauek ditu… Edozein kasutan, aitzakia paregabea da paraje hauetara berriro itzultzeko.

Otsogorritik beldurtzeko moduko jaitsiera daukagu zain, Utururdinetako lepora. Igo dugun aldetik erliebe etzanekoa da Otsogorri; ez da hala gertatzen jaitsiera burutuko dugun isurialdean. Belarrezko malkar piko honek ematen dio, berez, Otsogorriri, bere eite ezagunena. Esan gabe doa jaitsiera hau makilez lagunduta egitea komeni dela, batipat belazea bustia dagoenetan. Utururdinetako lepoa, 1.662 m.

Erabaki bat hartu beharko dugu jarraian: Barazea edo Txardekagaina igo ala eskuinetik saihestu. Igoz gero Otsogorriren malkar pikoaren gaineko ikuspegi paregabeaz gozatu ahal izango dugu, baita jarraian igoko dugun Kartxelaren gainekoaz ere. Tontorretik (1.889 m) jaitsiera erraz bat egin ostean Belaiko lepora helduko gara, Kartxelari (1.979 m) aurre egin aitzinetik. Posible den arren ez da gomendagarriena gailur ezagun hau Belaiko lepotik zuzenean erasotzea, egokiagoa da zeharbide bat egitea, nola Binbaletako lepotik, hala Belagoako harana menderatzen duen Keletako haitzera eramango gintuzketen hegoaldeko goi larreetan dauden xendak jarraituz –ez da ezinbestekoa, ordea, Lapatiako leporaino heltzea–. Posible da, halaber, Belaiko lepotik Binbaletako lepora heldu eta Kartxela igo gabe aurrera jarraitzea. Baina merezi du ahalegin txikia egin eta Kartxelara igotzeak, Nafarroako Pirinioetan parekorik ez duen mendia baita Kartxela, kokapen estrategiko eta forma bereziagatik. Gomendagarria da, era berean, Binbaletako lepora heldu aurretik Keletako muinora hurbiltzea (1.904 m), hori baita Belagoako haranetik ikusten den Kartxelako aurpegia, eta ondorioz, hortik ikusten baita ondoen Belagoako harana bera. Minutu gutxiko kontua da Kartxelatik Keletarainokoa osatu eta berriz Binbaletako lepora itzultzea.

Binbaletako lepotik (1.691 m) izen bereko gailurra igotzeak (1.751 m), ez digu ahalegin handirik eskatuko. Jaitsiera azkarrean Belagoako haraneko atera inguratuko gara jarraian, Arrakogoitiko lepora. Belagoako aterpetxea begien bistan daukagu dagoeneko, eta mendia inguratzen duten hamaika ganadu bidexkatako edozein aukeratuz osatuko dugu harainokoa. Hala ere, etapa modu ikusgarrian amaitze aldera, aterpetxearen gainalden dagoen gailurra igotzea proposatzen da: Lakora (1.877 m). Haraneko ikuspegi latza dago han goitik. Larrakogoitiko lepotik Kortaplanako gailurreria jarraitu behar da zenbait malda piko gaindituz. Belagoako aterpetxera zuzen zuzenean jaitsiko gara, azkar-azkar. Lakora mendiaren iparraldeko igoera bidea Kakueta edo Ehujarreko arroiletan barrena dator, lehenik, eta goi larre ikaragarri batzuk gaindituz, ondoren. Merezi du. Horratx itzultzeko beste arrazoia. Belagoako aterpetxea, 1.428 m.

Belagoatik Hiru Erregeen Mahaira doan xenda ez da bide guztian oso nabarmena, tarteka uren banalerroko margo ikur zuri gorriek eta zenbait harri pilatxok zehazten badute ere. Zemetoko pasabidera joko dugu lehenik beheranzko bidexka jarraituz. Hemendik errekastoa amiltzen da Belagoako haranera. Pasabidea igaro bezain laster bideak ekialdera egiten du eta Lapazarrako muinoa harturik erreferentzia Larreriako lepora helduko gara. Bide nabarmenenak ekialderantz jarraitzen du, Lescuneko harana mugatzen duen Anayeko lepora. Hortik jarraituko dugu Ukerdiko tontorra inguratzen hasten den arte. Une honetan zentzuzkoena Solanako sakonerantz jotzea izango da, Linzako mendiko aterpetik datorren bidearekin bat egin eta igoera zailtasunik gabe amaitzeko.
Posible da, hala ere, Ukerdiko tontorra (2.252 m) igo eta Budogiako gainetik (2.367 m) igaroz osatzea, Hiru Erregeen Mahairainokoa gailurreri paregabea zeharkatuz. Baina aukera hau ez da gomendagarria zaildu gabeko mendizalearentzat.
Linzatik datorren bidearekin bat eginda aisa egingo dugu gorantz, Escouesteko lepora daraman bidexka jarraituz hasieran eta Hiru Erregeen Mahaira doan bide nabarmena jarraituz ondoren, azken malda harritsu eta aldapatsuak gainditu eta Euskal Herriko gailurrik garaienera helduko gara: Hiru Erregeen Mahaia, 2.444 m. Gailurrean Nafarroako patroi Xabierko Frantziskoren brontzezko giza irudi bat dago, baita bere gazteluaren maketa ere. Ikuspegia norabide guztietan da zoragarria, baina aipagarria da, gertuan dituen Auñamendi –iparraldean–; eta Petretxema –hegoaldean– mendien gaineko panorama berdingabea. Pirinioetako gailur garaiagoak ere ikusiko ditugu behakoa ekialderantz zuzenduz gero. Erraz atzemango ditugu, besteak beste, Midi d´Ossau, Bisaurin edo Aspeko mendi multzoak.

Zeharkaldia berez Hiru Erregeen Mahaian amaitzen bada ere, bertan luze geratuko ez garenez, norabait itzuli beharko dugu; ohikoena etorri garen bidetik ostera Belagoako aterpetxera itzultzea litzatekeen arren, jaitsiera azkar eta errazagoa egingo genuke Linzako aterpetxera. Hartara ibilbide ederra osatuko genuke, ibilaldia leku batean hasi eta bestean bukatuz. Helmugara ailegatu eta bizkarzorroa kendu orduko amaitu izanaren pena sentitu dugu. Eta hurrengo zeharkaldia prestatzeari ekin diogu berehala, asko baitira oraindik gure geografian bisitatu beharreko txokoak eta igo beharreko gailurrak. Asko, zorionez.

Azkenak
Elon Muskek bilatzen ditu Trumpen botoak AEBetako estatu giltzarrietan

Munduko gizon aberatsenetakoa den Elon Muskek bultzatzen du America Pac ekimen politikorako batzordea, The Guardian-ek jakinarazi duen arabera. Bere zeregina da AEBetako hainbat estatu giltzarritan Donald Trump-entzat botoak biltzea.


700 hildakotik gora Libanon eta Israelen lurreko erasoa gero eta gertuago

Israelek jarraitzen du Libanoko hegoaldeari eta Beiruteko hainbat auzori airez eraso egiten eta, nazioarteko eragileen deiak gero eta handiagoak badira ere, oraingoz ez da su-etenerako aukerarik ikusten.


2024-09-27 | Gedar
Palestinako Agintaritzak erresistentziaren kontra betetzen duen lana salatu dute berriz milizianoek

Palestinako Agintaritzaren segurtasun-indarrek rol aktiboa dute erresistentziako kideen kontra: jazarpena, lapurretak, boikotak eta abar aipatu dituzte, beste behin ere.


Anglosaxoi hitza arrazista da?

Nottinghameko Unibertsitateak Anglosaxoiei eta Vikingoei buruzko Ikasketak masterrari izena aldatu dio: Ingalaterrako Goi Erdi Aroko Ikasketak. Cambridgeko Unibertsitateko Anglo-Saxon England Journal aldizkariari ere izen aldatu zioten lehenago: Early Medieval England Journal... [+]


Victoria Woodhull, lehen hautagaia

New York, 1970eko apirilaren 2a. New York Herald egunkariak Victoria Woodhull (1838-1927) ekintzaile eta brokerraren eskutitz bat argitaratu zuen, 1872ko AEBetako presidente hauteskundeetarako hautagaitzaren berri emanez. Inoizko hautagai gazteena zen; 34 urte izango zituen... [+]


2024-09-27 | Ahotsa.info
Urtarrilaren 11n izanen da presoen etxeratzeko ohiko hitzordu nazionala Bilbon

Datorren urtarrilaren 11n Bilbon Sare Herritarrak deitutako mobilizazioaren leloa “Behin betiko konponbidea” izanen da, eta urtero bezala milaka lagunen babesa espero du Sarek.


2024-09-27 | Eneko Atxa Landa
Donostia Zinemaldia 7.eguna
Bikaintasun esplikagaitza, berriz


Zaintza eta euskara: “Korapilo handia” askatzeko tresnak bilatzen

Euskalgintzaren Kontseiluak Zaintza eta euskara. Sareak eraikitzen jardunaldiak egin ditu irailaren 26an, Donostian. Idurre Eskisabelek, Kontseiluaren idazkari nagusiak, lehen hitzaldian adierazi du “urgentziazkoa” dela gaiari heltzea. Jardunaldien helburua ez da... [+]


2024-09-27 | Euskal Irratiak
Amaia Fontang
“Hau da etorkinen geroa gobernu berriarekin: kontrola, kanporaketak eta kriminalizazioa”

"Segurtasun gehiago, inmigrazio gutxiago". Bruno Retailleau barne ministro frantsesa argi mintzatu da, kargua hartu berritan. Etorkinen gaineko kontrola azkartu nahi du Michel Barnier lehen ministro eskuindar-kontserbadorearen gobernuak, eta jada Retailleauk aitzinatu... [+]


Nafarroako Gobernuak administrazioan sartzeko euskara baloratzeko merezimenduen dekretua onartu du

Premiazko txostena eskatu dio Nafarroako Kontseiluari. Behin betiko onartzeko aurretiazko urratsa da, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak aurreko dekretuaren zati batzuk baliogabetu eta bost urtera.


Emakume* Abertzaleen X. Topaketa egingo dute azaroaren 16an Laudion

Egun osoko egitarauarekin elkartuko dira, eta Euskal Herria feministaranzko bidean, nondik, nora eta nola trantsitatu nahi duten zehazten jarraitzeko konpromisoa berretsi nahi dute.


Antena 3 telebistak Donostiari buruz egindako erreportaje “arrazista eta sinplista” salatu dute

Antena3 telebista kate espainiarreko Espejo Público saioak erreportaje sentsazionalista bat eman zuen asteazkenean, Donostiako ustezko segurtasun faltaren inguruan eta fokua gazte magrebtarretan jarriz. Erreportajea publikoki salatu du Kaleko Afari Solidarioak (KAS)... [+]


Eguneraketa berriak daude