argia.eus
INPRIMATU
Osasuna
Crohn-en gaitzak jota, gero eta jende gazteagoa
  • Crohn-en gaixotasuna gaitz autoimmune kronikoa da, heste-traktuaren hantura eragiten duena. Hesteetako gaixotasun inflamatorioen taldean –oraindik ondo zehaztu gabe dagoen taldea, dena esatera– sartzen da, kolitis ultzerosoarekin batera, eta Europar Batasunean eta Ameriketako Estatu Batuetan milioitik gora dira gaitz horrek jota daudenak.
Jabier Agirre 2013ko maiatzaren 03a
Adin guztietako pertsonak jasan dezakete gaixotasuna, kasu gehienak gaztetxo eta gazteetan ematen diren arren. Hasiera 15-40 urte bitartean kokatzen da, normalean, eta horregatik gaixo horien bizimoduan eragin oso negatiboa izan dezake. Ohiko sintomak tripako mina, beherakoa, gorakoa, buxadurak, eta apetitu nahiz pisu galera dira batik bat. Gaixotasunak baditu puri-purian egoten deneko piztualdiak –broteak esaten zaie– eta aldi motelagoak, ia sintomarik gabekoak. Txandakatze horiek asko aldatzen dira, gainera, kasuan-kasuan.

Gaitzaren eboluzioan, Crohn-ak jota dauden lautik hiruk, gutxienez, tratamendu kirurgikoa behar izaten dute, bai gaitzaren beraren konplikazioak direla-eta bai tratamendu farmakologikoak erresistentziak izaten dituelako. Gaixotasun honen arriskurik handiena da gero eta gazteagotan atzematen ari dela. Eta horrek, jakina, gaixoen bizimoduari gero eta lehenago erasaten dio: lanerako oztopoak agertzen dira, baita ikasketak garaiz bukatzeko ere.

Tratamenduaren helburua gaixotasunaren piztualdiak saihestea da, bereziki, eta agertzen direnean iraupena laburtu eta sintomak murriztea. Hauek dira aukeran dauden tratamendu mota nagusiak:

Farmakologikoa.
Glukokortikoideak edo botika immunoezabatzaileak, estae baterako, eraginkorrak dira, baina kontu handiz erabiltzekoak.

Kirurgikoa. Erasandako heste-zatia erauziz. Epe laburrera sintomak desagertu arren, gaitza berriro agertu ohi da.

Dietetikoa. Karbohidrato gutxiko dieta eraginkorra izan daiteke, baina esperientzia handirik ez dago, oraindik, neurri honi dagokionean.

Behazuna birxurgatzekoa. Etengabeko sabel-hustuketak baztertzeko.