200 urte da Westminsterreko Parlamentuak erabaki zuela. Erresuma Batuko itsasontziek esklaboen garraioa debekaturik izan zuten 1808 ondoren. Erabaki hura gogoratzeko hainbat ekitaldi antolatu dira –Heritage Lottery Fund elkarteak hamar milioi liberarekin finantzaturik–, eta besteak beste, Liverpoolen nazioarteko esklabotzaz museo berria irekiko da abuztuan.
Tony Blair lehen ministroak deep sorrow (barkamena) eskatu du, britainiarrak bete-betean sarturik ibili zirelako esklaboak Afrikatik Ameriketara garraiatzen. Ez gehiago, baina ezta gutxiago. Eta eztabaida ere piztu da: Erresuma Batuak irabazi handiak lortu zituen, eta ondorioz, Estatuaren aldetik nolabaiteko ordaina egon beharko litzateke batzuen ustez, esklabotzak oinordeko ugari utzi zituelako. Soka luzeko kontua dugu hau –Alemaniak 1940 urtean langile esklaboak erabiltzea ordaindu du–, esklabotza gizateriaren aurkako ekintza handia baita, eta gaur egunean ere oraindik indarrean dago. Baina beharbada, soka horren ondorio iraunkorrena arrazismoa da, itxura fisikoagatik pertsona batzuk besteak baino gehiago direla uste izatea. James Walvin historialariak dio: “Begira, Liverpool, Bristol edo Londresko hainbat eraikin eta erakunde txukun bezain eder, oinarrian esklabotzari esker lortutako aberastasunak eraikiak dira. Horra nortzuk garen”.
Euskal Herrian ere, beste horrenbeste esateko aukera dugu: begira gure elizetako kanpandorre ederrak, XVIII. mendeko Argien garaian txukunduak. Begira kostaldeko herriak. Eta Gasteizko kultur fundazio edo apaiztegi horma sendozkoak: esklaboen salerosketaren bidez jasotako eraikinak eta aberastasuna, geureak balira erabiltzen ditugunak. Horra gure zorra. Baina kontu honek oraindik afrikarren gainean itzelezko zama du. Eta askok ez dute horrelako ospakizunik nahi. Zurien ideia da. Ospakizunean ez da ageri beltzen borroka eta bai, berriz, “zurien zuriketa” (Benjamin Zephaniah, poeta). Esklabotzaren kontzeptua bera ere argitu behar da: “Bahiketak izan ziren eta bahitzaile gisa erakutsi behar da arazoa” (Toyin Agbetu, afrobritainiarren eskubideen aldeko aktibista). Ez da beraz ospakizunetarako garaia. Bai ordea, historia berrikusi eta berraztertzekoa.
Frantzian ere kolonialismoaren auziak eztabaida sutsua piztu du. Historiaren erabilpen publikoaz ari gara. Historialarien erantzukizunaz. Premiazko ote memoriari buruzko legeak? Zein memoria? Historialariok behintzat gauza bat izan behar genuke garbi: historiaren erabilpen okerra eta manipulazioa salatu behar dela. Horregatik, ikerketen bidez lorturiko emaitzak azaldu eta zabaldu beharko genituzke.
Westminster: 1807ko martxoak 25
Moralaren eta erlijioaren ikuspegitik pertsonen salerosketa onartezina zen kristau tradizioko talde batzuentzat, kuakeroentzat bereziki, eta horren kontrako kanpaina hasi zuten 1783an. Westminsterreko Parlamentuan, 1788an erabaki zuten itsasontzi bakoitzean medikua behar zela eta esklaboen kopurua egokitu behar zela itsasontziaren tona-kopurura. 1789an W. Wilberforcek abolizioaren aldeko ekimena aurkeztu zuen. Bi urte lehenago, London Abolition Committee-a (Londresko Abolizio Batzordea) sortu zen eta T. Clarksonek esklaboen salerosketari buruz ebidentzia ukaezinak bildu zituen. Horrela, bi pertsonaia gailendu ziren giro hartan: Wilberforce Parlamentuan eta Clarkson kalean.
Baina aldi berean, pertsonen arteko diferentziak eta arrazismoaren diskurtsoak indarra hartu zuen. Esklabotzaren aldekoek salerosketa beltza Ingalaterraren aberastasun iturri zela argudiatzen zuten. Azkenean, Parlamentuak 1807ko martxoaren 25ean, itsasontzi bidezko esklaboen trafikoa debekatzeko erabakia hartu zuen. Hala ere, esklabotzaren legezko izaera ez zen 1834 arte desagertu, eta urte hartan berreskuratu zuten esklabo guztiek erabateko askatasuna britainiar lurraldeetan. Baina Westminsterreko erabakiaren ondorio garrantzitsuena zera izan zen: Erresuma Batuko armada esklaboen salerosketan aritzen ziren itsasontziak harrapatu, tripulazioak epaitu eta ondasunak saldu egingo zituen ordutik aurrera. British West Africa-Squadron-eko itsasontziak Afrikako kostaldean hasi ziren tratanteen itsasontziak ehizatzen eta itsasoan lege berria indarrean jartzen. Aitzakia horrekin, jakina, Erresuma Batua itsasoetako legelari nagusi bihurtzeko bidean jarri zen. Britainiarrak mundu politikan sartu ziren buru-belarri, Pax Britannica eta gizatasun berri baten ideia bazter guztietan zabaltzeko ahaleginean.
Izan ere, Palmenstonek –Atzerri Arazoetako ministro eta ondoren lehen ministroak– liberalismo berriaren printzipioak indarrez jartzeko erabakia hartua zuen. Palmerstonen politikak Euskal Herrian izan zuen eraginik: bera izan zen 1839ko Bergarako itunaren bultzatzailea. Bakea eta foru autogobernuaren alde eginez, liberalismoak garaitu zuen Euskal Herrian eta Espainian.
Esklabotzaren aurkako lehen errebolta arrakastatsua: Haiti, 1791
Esklabotzarekin amaitzeko lehen borroka handia Frantziako kolonietan gertatu zen, Antilletako Santo Domingo uhartean. 1789ko iraultzaren oihartzunak ozeanoa gurutzatu zuen, eta bertako jauntxo zuriek, erregezaleak izanik, esklaboak armatu zituzten aldaketaren kontra egiteko. Kontraesan nabaria iraultzarena: giza eskubideak aldarrikatu eta esklabotza kendu ez, frantziarrak ez zirelakoan. Hala ere, 1794an Konbentzioak esklabotzaren amaiera erabaki zuen eta 1802an berriz ezarri Napoleonek. Eta esklaboak zertan? Batzuk erreboltarako prest jarri ziren eta Toussaint L’Ouverture esklabo-oiha izan zuten buruzagi. Azkenik, 1804an, Haiti, esklaboen kolonia izandakoa, nazio librea bihurtzea lortu zuten.
Santo Domingoko uhartean gertaturikoa eredu izan zen aurrerantzean. Baina baita beste paradoxa baten eragile ere: Haitin azukrearen produkzioa jaitsi egin zen, eta ondorioz, Kuban eta Jamaikan gora egin zuen eskariak, esklabotza sistema areagotuz. 1804 urtetik 1870 bitartera, hiru milioi eta erdi afrikar eraman zituzten uharte horietara.
Esklabotza eta munduko ekonomia berria
Duela lau mila urteko Hamurabiren kodean jadanik esklaboei buruzko lege arauak ageri ziren. Era berean, Txinako urtegi azpiegituretan edo Egiptoko piramideetan gizaki batzuek besteak indarrez erabiltzen zituzten. Aristotelesek Politika liburuan erakusten zuen gizateria halabeharrez edo, bitan banaturik zela: ugazabak eta esklaboak, eta azken hauek etxeko abereak baino ez ziren bere ustez.
Erdi Aroan esklaboen salerosketak Afrika eta Europako hegoaldearen arteko merkataritza oparoa izaten jarraitu zuen. Arabeek afrikar beltzak esklabo egin eta saldu egiten zituzten. Iruñea, esaterako, esklaboen merkataritzan gune nagusi bihurtu zen. XV. mendean portugesak bihurtu ziren giza abere tratante nagusi: Afrikako kostaldean zehar urre bila joan ziren eta urre beltza aurkitu. Gaztelako erregeak ere, Kanariar Uharteetarako eskulana lortzeko baimena eman zion Medina Sidoniako dukeari, eta Ginearantz abiatu ziren esklabo bila.
Ameriketako lur zabalak europarrentzat ezagunago bihurtu zirenean, Euskal Herriko bailara txiki eta pobreetan ezinezkoa zena indarrez jartzen saiatu ziren urazandi. Ekonomi sistema berrian nabigazioa nahitaezkoa zen eta Bizkaiko golkoan hainbat marinel, pilotu eta merkatari iaio zegoen. Garai bateko Mediterraneoaren ordez, Atlantikoa etxe barneko itsaso berri bilakatu zen. Hargatik Euskal Herria, mundu ekonomiaren erdi-erdian kokaturik zegoen. Giro honetan, Ameriketako lurra Europa eta Afrikako jendez bete zen, sekula ezagutu gabeko giza abereen salerosketarik handienari hasiera emanez. Aldi bi bereizi ziren trafiko zital honetan: Lehenengoan, XVI. mendetik XIX. mende hasiera arte, esklabo beltzak Afrikatik garraiatu zituzten etengabe. Bigarrenean, XIX. mendean, trafikoa debekaturik eta esklaboak gero eta garestiago, tratanteek isilpean jardun zuten.
Afrikako beltzak Ameriketara
Hasieran, Gaztelako erregeak debekaturik zien juduei, moriskoei, konbertituei eta Aragoako koroako biztanleei Ameriketara joatea. Gero, esklabo banaka batzuk eramaten hasi ziren. Eta azkenik, Fernando errege katolikoak esklabotza sistema baimendu zuen. 1517tik aurrera, Afrikako kostaldea Mundu Berrirako eskulan merkea lortzeko harrobi bilakatu zen. Hiru mendez, 11 milioi afrikar indarrez jazarri zituzten.
Esklaboen izerdiak ez ezik, aberastasuna esklabo trafikoak ere sortzen zuen, triangeluzko merkataritza bidez (Europa-Afrika, Afrika-Amerika, Amerika-Europa). Portugaldarrak izan ziren lehen tratante nagusiak eta ondoren britainiarrak. Ingalaterran, XVII. mende erdian hasi zen nabarmentzen esklaboen salerosketa eta XVIII. mendean izugarrizko garrantzia hartu zuen. Bristoleko John Cary merkatariak 1695ean esan zuenez, merkatal trafiko oparoena zen hura, itsasoan zein lurrean lanbide ugari sortzen baitzuen. 1713an, ingelesek, Utrecheko bake hitzarmenean, Espainiako Ameriketako koloniak esklaboz hornitzeko Asiento-a (kontratua) lortu zuten eta South Sea Company (Hegoaldeko Itsasoko Konpainia) sortu zen, esklaboen hornikuntza segurtatzeko. Erresuma Batua itsasoan nagusitzen hasi zen eta Bristol edo Liverpoolgo kaleak eraikuntza dotorez bete ziren.
Esklabotzaren errentagarritasunari buruzko eztabaida laster piztu zen ordea. 1776an, Adam Smith ekonomilari ezagunak zioen merkeago zela langile libreak erabiltzea esklaboak baino. Hala ere, onartu behar izan zuen azukrearen produkzioan, esklaboen bidezko irabaziak inon baino gehiago sortzen zirela. XVIII. mende amaieran, Afrikako merkataritza –esklaboen salerosketan oinarritua –Asiako merkataritza baino garrantzitsuagoa zen.
Euskal Herria eta Espainia esklabotzaren negozioan
XIX. mendean, Santanderretik eta Bilbotik itsasontzi mordoa joaten zen Afrikara manufakturak eramatera eta handik Kuba eta Puerto Ricora jotzen zuten esklaboz karga-karga eginda. Garai haietan, Bilbon hainbat merkatal enpresa zeuden. Esaterako, Ybarra familiaren gutunetan, 1830eko hamarkadan bi itsasontzik egindako bidaia azaltzen da, irabazi oparoak lortu omen zituzten esklaboak garraiatuz –Cazador Santurzano zen itsasontziaren izena eta lehen bidaian Elorriaga kapitainak “681 bulto” deskargatu zituen Kuban–. Izan ere, kostaldeko pilotu eta kapitain ugarik esklaboak eramaten jardun zuen itsasontzietan, eta Kubara egin zuten hainbat euskaldunek ere uharte hartako sakarokrazian –azukre plantazio jabeak– parte hartu zuten, haien produkzioa esklabotzan oinarrituz.
Esklabotzaren inguruko eztabaidak Espainiako inperioa ere astindu zuen. 1864an, Puerto Ricoko Julio Vizcarrando bihurtu zen esklabotzaren aurkako elkartearen buru (Sociedad abolicionista Española). Esklaboen jabe izanik, libre utzi zituen abolizionista honek. Ingalaterran erabili zen ikur berbera bereganatu zuen Vizcarrondok eta Revista Hispano-americana-ko lehen zenbakian esklaboen salerosketaren amaiera eskatu zuen.
Aldi berean, esklabismoaren aldekoak ere bazeuden. Afrikan esklabo eta preso zeudenentzat Kuba aukera berria eta hobea zela aldarrikatzen zuten hauek. 1865ean, Espainiako Parlamentuan esklabotzaren arazoa eztabaidatzen zen bitartean, Kuban, bertako liberalek esklabutzaren amaiera eta erreforma politikoak aldarrikatu zituzten El siglo egunkariaren bidez. 12.000 criollo-ren sinadurak lortu zituzten eta besteak beste, Estatu Batuetako produktuen tarifak jaistea eta Espainiako Parlamentuan Kubako biztanleek ordezkaritza zuzena izatea eskatu zuten. Baina Kubako Espainiaren aldeko Partidua horren aurka zegoen –Julian Zulueta euskal herritarra zen alderdi horren buru–. Ez zuen nahi ez autonomiarik ez aldaketa politikorik ere. Hori bai, tarifen beherapena ongi etorria zen.
Esklabo jabeek argudiatzen zuten esklaboek beren borondatez egiten zutela lan. Baina, hara 1866ko apirilaren 3an New York Times egunkariak argitaratu zuena: Zulueta eta Aldamaren etxauntza handi batzuetan, greban jarri zirela, Matanzas aldeko lurraldean. Antza, esklaboek lanaren alokairua eskatzen zuten, baina lurjabeek soldaduak bidali eta berriz halabeharrezko lanean hasi behar izan zuten erreboltariek. Giro nahasi horretan, Canovas del Castillo Espainiako ministroak esklaboen salerosketa erabat kentzeko lege egitasmoa sustatu zuen. Azkenik, Espainiako Parlamentuak 1867an esklaboen merkataritza debekatzea onartu zuen. Ez ordea esklabotza; horregatik, abolizionistak ez ziren erabat ados lege berriarekin. Berez, esklabo beltzen salerosketak 1870eko hamarkada arte jarraitu zuen Kuban.
*Irakasle gonbidatua Oxforden
(Oxford, Basque Visiting Fellow. 2006-2007)