Oro har, hezetasuna eta haize eta argi gutxiko tokiak izaten dira onddoen iturburua, eta 20 eta 30 gradu arteko tenperatura egiten duen habitata. Hala, igerilekuak, aldagelak eta saunak toki aproposak izaten dira onddoentzako. Igerileku publikoek onddoak saihesteko neurriak hartzen badituzte ere, komenigarria izaten da norberak ere bereak hartzea. Oinarrizko hiru urrats daude: garbitasuna, oinutsik ez ibiltzea eta bainua hartu ondoren hankak ondo lehortzea.
Gazteak eta haurrak izan ohi dira onddoak hartzeko aukera gehien dituztenak. Gazteak, kiroldegien erabiltzaile handiak direlako, eta haurrak berriz, oinutsik helduak baino gehiago ibili ohi direlako igerilekuetan eta hankak ez dituztelako behar bezala lehortzen.
Ohikoenak
Onddoak azalean, ilean eta azazkaletan ager daitezke. Mota ezagunenak ondorengoak dira:
Tinea pedis edota atleta oina. Oinen azpialdean edo behatz artean azala erori egiten da. Bainatu ostean hankak gaizki lehortzeagatik, oinetako estuak erabiltzeagatik eta izerdiagatik sortzen da.
Tinea capitis, ilean sortzen dena. Normalean 2 eta 10 urte bitarteko haurren artean agertzen da eta oso kutsakorra da.
Tinea unguium, azkazaletan agertzen dena, batez ere hankako behatzetan. Azkazalen lodiera aldatzen du eta euren itxura deformatu.
Tinea corporis, gorputzeko edozein ataletan edota aurpegian ager daitekeen infekzioa.