Dani Blanco
Pentsio publikoen banaketa ereduaren sistema langileek ordaintzen duten kotizazio sozialen bidez finantzatzen da eta ez da aurrekontu publikoa erabiltzen horretarako. Beraz, Estatuko Gizarte Segurantza publikoaren diseinuan autofinantzazioaren hastapen murrizkorra hartzen da aintzat. Sistemaren finantza orekaren printzipio hau hauts liteke sarrerak gutxitu edota gastuak sobera handituko balira eta horrek sistema publikoaren bideraezintasuna ekarriko luke, pribatizazioaren aldekoek diotenez.
Hauen arabera gastuen igoera emango da bizitza itxaropena luzatzearekin kotizazio urteak eta kotizazio bolumena handituko direlako. Horregatik beren ondorioetan jubilaziorako adina atzeratzea proposatzen dute, nahiz neurri hori ez den Europako Batasuneko herrialde bakar batean hartu orain arte. Gastua apaltzeko beste irizpide bat pentsioaren bolumena kalkulatzeko oinarria eta kotizazio urteak luzatzea da, honela kotizazio bolumen berdinagatik gutxiago jasoko luke pentsiodunak.
Finantza orekaren haustura batez ere sarreren murrizketaren ondorioz gauzatuko dela berraipatzen dute sistema publikoa suntsitzearen aldekoek. Hori iragartzen dute kotizatzaileen kopuruaren jaitsiera emango delakoan. Iritzi hau aurreiritzi oker baten gainean eraikita dago: jaiotza-tasaren jaitsierak langile kotizatzaileen kopurua murriztuko duelakoan. Haatik, azken urteetan egiaztatu den moduan, populazio aktiboa eta enpleguaren kopurua bide desberdinetatik gehi daiteke.
Bide bat populazio aktiboaren ehunekoa handitzea da, biztanlegoaren hazkundea kontuan hartzeke. Batik bat emakumearen aktibitate-tasa historikoki apala den herrietan jorratu ahal da ildo hau, horixe izanik Espainiako Estatuko egoera. Bertan azken sasoian emakumeen parte-hartzea populazio aktiboan igo den arren, emakumeen aktibitate-tasa Suedian dagoenaren parera igoko balitz beste hiru milioi langile eta kotizatzaile gehiago leudeke. Bigarren lerroa da populazio aktiboa handitzea etorkinak erakarriz. Etorkinen etorrera garrantzitsua erabakiorra da Gizarte Segurantzak egun duen superabita gauzatzeko. Eta aukera horren emaitza positiboak etorkizun hurbilean ere jaso daitezke etorkinekiko ate irekien politika aplikatuz gero.
Pentsio publikoen arloko iragarpen ilun hauek funts handirik gabekoak izan arren, presio mediatikoari esker gizarteratuz doa pixkanaka, pentsio publikoen ordez kapitalizazio indibidualaren aldeko aukera pribatua ezinbestekotzat aurkeztuz. Finean, AEBetan bezala, bertako finantza-erakundeak aspaldian jabetu dira negozio-eremu esanguratsua eskuratu ahal dutela pentsio-fondo pribatuak orokortzearekin. Horregatik, orain arteko iragarpenen atzean negozio horretan interesa duten aseguru etxe eta banketxeetako aztergileak egon ohi dira.
Oso esanguratsua da Taguas jaunak orain arte BBVA banketxeko ikasketa-zerbitzuko zuzendariordearen postua bete izana. Gauzak honela datorren urteko legegintzaldi berrian pentsio sistema publikoaren berme gabezia nabarmena izango da popularrak zein sozialistak izan gobernua osatzen dutenak. Erronka hau aukera aparta litzateke Gizarte Segurantzaren euskal sistemari buruz buru heltzeko.