Zein asmorekin idatzi duzu Mailuaren odola?
Garai berezi baten argi-ilunak erakustea izan da nire helburuetariko bat, eta horretarako egiazko historiaren datuak erabiltzera beharturik nengoen. Benetan izan ziren pertsonaiak ere erabiltzen ditut, alegia, errege-erreginak, nobleak, gure literaturaren pertsonaia ezagunak... Alabaina, protagonista nagusia fikziozkoa da. Eta neurri handi batean Joanes Mailuren joan-etorriek eta abenturek osatzen dute liburua.
Denbora asko eraman al dizu eleberria egiteak?
Lau urte inguru ibili naiz liburu honekin. Dokumentazio lanak denbora luzea kendu dit eta izerdi asko bota arazi. Idazteak ere berea eraman du, ez bainuen tonu eta hizkera egokia atzematen. Nolanahi ere, XVI eta XVII. mendeak ikaragarri interesgarriak iruditzen zaizkit. Nolabait ere, gure oraina orduan hasi zen finkatzen. Bada, gainera, garai horiei edo lehenagokoei, nostalgiaz begiratzen dienik, une haietan zerbait galdu genuelakoan. Hori akuilu gehigarria izan da niretzat.
Nobela historikoak aldekoak eta aurkakoak ditu. Zer harrera espero duzu?
Nobela historikoak denbora pasa hutsarekin edo literatura komertzialenarekin lotzen dira maiz. Orainean ezinezko gertatuko liratekeen pertsonaiak eta egoerak aurkitzen ditudalako interesatzen zait niri iragana, baina baita orainaz gogoeta egiteko balio didalako ere.
Mailuaren odolan abenturak maite dituenak izanen du non ase bere gogoa. Gogoeta maite duenak ere bai. Harrera? Auskalo. Euskal irakurlea misterioa da euskal idazleentzat.