Lanbide ala esplotazio?

  • Munduko lanbiderik zaharrena deritzonari munduko leku gutxitan aitortzen zaio lanbide izatea. Aldi berean, herrialde gutxik daukate erabat legez kanpo. Politikariek ahopeka onartzen dute haren “beharra”, baina lar begi-bistakoa izan ez dadin neurriak hartzen dira. Horren aurrean, sexu-lana arautzea eskatzen dute batzuek, horretan ari direnak baldintza duinetan jardun dezaten. Beste batzuen ustez, prostituzioa guztiz ezeztatu behar da, eta inolaz ere lanbidetzat hartu. Espainiako Estatuan, oraingoz, ez bata ez bestea.
Iñigo Azkona
Joan den otsailean, Espainiako Diputatuen Kongresuak ezezkoa eman zion prostituzioa lanbide arrunt modura arautzeari. Aurretik, hamar hilabeteko eztabaida izan zen horretarako propio sortutako Parlamentuko lantaldean. Auzia pil-pilean dago Espainiako Estatuan, Kataluniako Generalitateak prostituten lan-baldintzak arautzeko lege aurreproiektua aurkeztu zuenetik.
Madrilgo Gobernua ez da horren aldekoa, eta prostituzioa, legez kanpokoa izan gabe ere, oztopatuko duen neurriak hartzea du nahiago.

Eztabaida honek, hala ere, badu beste bat aurretik: prostituzioak existitu egin behar du? 2001ean, Emakundek gaiari buruzko txostena plazaratu zuen. Bertan jaso ziren prostituzioarenganako jarrera nagusiak, Askabide elkarteak urtetan argitaratutako zenbait txostenen arabera. Jarrera horiek alderdi bitan banatu eta bakoitzaren barruan bina joera bereiz daitezke. Mintza gaitezen horietako bakoitzaz:

Abolizionismoa

Maila bi bereizten ditu Emakunderen txostenak: erabateko abolizionismoa eta abolizionismo klasikoa. Lehenbizikoa prostituzioa zigortzearen alde dago, lege-urratze penal edo, behintzat, administratibotzat hartuz. Badira bezeroei ere zigorra ezarri behar zaiela diotenak; hala da Suedian, esaterako. Abolizionismo klasikoak, berriz, prostituzioa debekatzea eskatzen du, horretarako erabiltzen diren guneak itxiz.

Tolerantzia

Hemen ere adar bi daude. Batak, erabateko tolerantziak, prostituzioa arazoa denik ukatzen du. Ez litzateke, beraz, inolako irtenbiderik bilatu behar. Beste ildo batek, tolerantzia erlatiboak, prostituzioa errealitate saihestezina dela aldarrikatzen du, eta haren inguruko alderdi guztiak (lana, osasuna…) arautzea. Emakunderen arabera, gizartean oso zabalduta dago prostituzioa saihestezina deneko ideia hori, harenganako jarrera nagusia gutxiespenezkoa izan arren. “Munduko lanbiderik zaharrena” izendapen horrek adierazten du, hain zuzen, prostituzioari egozten zaion ezinbestekotasuna.

Errealitatera hurbilduz gero, aurreko sailkapenaren mugak uste baino lausoagoak direla ikus daiteke. Elkarte birekin hitz egin dugu, eta hasiera batean erraza suerta daiteke bakoitza joera batean ala bestean kokatzea, baina hori zurrunegia litzateke, bai batzuen bai besteen ordezkariek jakinarazi digutenez.

Lan-baldintza negargarriak

Askabide elkarteak urteak daramatza prostituzioan dabiltzan emakumeekin lanean, haien beharrizanak ezagutu eta ahal den heinean laguntzeko asmoz, informazioa emanez batez ere. Marian Arias kideak esan digunez, “lanbidea ala esplotazioa” eztabaida ez dago inola ere itxita elkarte barruan. “Zaila da ‘abolizioa edo arautzea?’ galderari erabateko erantzuna ematea. Prostituzioaren oinarria gizarte honetako bidegabekeria da, ez da zori hutsa prostituta gehienak emakumezkoak, pobreak eta etorkinak izatea, eta nik neuk prostituziorik ez egotea nahiago nuke. Baina hor daude, eta hor egongo dira, ia 1.000 emakume Bizkaia osoan, baldintza negargarrietan lanean, eta zerbait egin behar da horren aurka. Zerbait egite horri esaten diot nik arautzea, zeren, bestalde, nahasmena dago kontzeptuetan: gauza bat arautzea da eta beste bat legeztatzea”.

Mafien kontra, prostituten alde

Lanbroa talde feministak abolizionistatzat aurkezten du bere burua. Zuriñe del Cerro mintzatu zaigu haien izenean: “Batzuetan prostituten alde ez egotea leporatzen zaigu, eta hori ez da inolaz egia. Gu emakume taldea gara, eta emakumeak dira gure lehentasuna. Baina emakume horiek esplotatzen dituzten mafien kontra gaude, horixe baita emakumeen aurkako indarkeriarik handiena”. Del Cerrok argitu nahi du norbera, askatasunez eta hala hautatu duelako, prostituzioan aritzearen aurka ez daudela. “Baina hala dabiltzanak hutsaren hurrengoa dira, eta luxuzkoak ia beti”. Lanbroak ez du zalantzarik prostituta gehienak, kalean, klubetan, zein etxebizitzetan, mafiaren menpe dihardutela.

Kontxa Jenerala kalean dabiltzan prostituten inguruko polemika puri-purian zegoela, Bilboko Udaleko ordezkari batek esan zuen hor dabiltzan emakumeak beren kabuz ari direla, eta ez proxeneta baten esanetara. Hori, Zuriñe del Cerroren iritziz, ezinezkoa da: “Baliteke emakume bat bere kabuz jartzea kalean, baina ez dira igaroko bost minutu proxeneta bat hurbildu gabe, ‘zu norekin zabiltza?’ galdetzera”. Lanbroak, honenbestez, azpimarratu egin nahi du beraiek ere prostituten bizi-baldintzak hobetzearen alde daudela, baina ezin dutela inola ere onartu prostituzioa lanbidetzat hartua izatea.

Jarrerak jarrera, bistan da bihar, eta etzi, prostituzioa izango dugula. Europako herrialde batzuek harenganako jarrera argiak dauzkate. Holandan, esaterako, legeztatua dago, baina hori, Marian Ariasek nabaritzen duenez, “ez die ezer onik ekarri prostituta gehienei; %90 legez kanpoko etorkinak direnez, legeztatzeak ez die ezertarako balio”. Beste muturrean dago Suedia, herrialde abolizionista; han, bezero izatea legez kanpokoa da. Ez, ordea, itsasontziz joatea alboko herrialde ez abolizionistaren batera. Eta halaxe gertatzen da, Ariasek dioenez.

Espainiako Estatuan, berriz, prostituzioa halako linbo batean dago legalki. Horregatik, maiz, erakundeak uzkur agertzen dira hartaz galdetuz gero. Madrilgo Kongresuaren otsaileko erabakia adibide esanguratsua da: ez arautze, ez debeku. Alderdi politiko batzuek gaiari buruzko eztabaida latzak dituzte oraindik, jarrerak bateratu ezinik. Hala omen da PSOEn eta IUn, esaterako; abolizionistak eta “arauzaleak” aurrez aurre, eta adostasunik ez. PP, berriz, abolizionista da. “Sarritan, prostituzioa ezeztatzearen aldeko guztiok eskumakotzat gauzkate” –kexu da Zurile del Cerro–, eta hori ez da hala. PPren arrazoiek ez daukate zerikusirik gureekin. Haienak erlijioarekin eta moralarekin dauka zerikusia, eta, gaineratu dezagun, moral bikoitza da”. Hori bai, botoak boto, eta denak pozik eduki behar, baita prostituten bezeroak ere.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Feminismoa
Eraso matxista bat salatu dute Amurrion

Amurrioko Emakume Sareak elkarretaratzera deitu du eraso matxistari erantzuteko, asteartean 19:00etarako. Bilbon, adin txikiko neska bati egindako sexu erasoa salatzeko mobilizazioa egin du Itaiak astelehenean.


Maddi Isasi, LABeko idazkari feminista
“LAB Euskal Herri feminista baten eraikuntzan ekarpen sindikala eginen duen subjektua izatea nahi dugu”

Izena duen oro bere izanaren jabe liburua plazaratu du LAB sindikatuko idazkaritza feministak, hainbat kide feministaren lekukotasunak oinarritzat harturik. "Genealogia edo glosario bat gauzatu dugu edo, agian, gauza biak batera dira edo baliteke ez izatea ez bata ez... [+]


Hondarribiarren gehiengoak alarde parekide bakarraren alde egiten du, udalaren inkesta baten arabera

Inkestatuen %45,6k alarde parekide bakarra nahiago du herriarentzat eta %65ak baino gehiagok alardearen gatazka konpontzeko herritarrek gai horren inguruko hitzaldi eta tailerretan parte hartu behar dutela adierazi dute.


2025-02-05 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Etxeko komuna

Euskadi irratian baineraren ordez dutxa jartzeko iragarkiak etxeko komunean obrak ya hastera animatzen duen kuña hori. Obra erraza, inbestitze txikia eta aldaketa handia iragartzen da. Komunetako sanitarioen joerak aldatu dira eta ahoz aho zabaldu da zeinen eroso eta... [+]


“Yoga onkologikoa xamurtasunean eta errespetuan oinarritzen da”

Prozesu onkologikoetarako tresnak lantzen ditu Paula Barrio yoga onkologikoko irakasleak: “Gorputzarekin eta lesionatutako zonaldearekin konektatzen dugu”.


Gurasotasun baimena

Zalantza asko izan ditut, meloia ireki ala ez. Ausartuko naiz, zer demontre! Aspaldian buruan dudan gogoeta jarri nahi dut mahai gainean: ez da justua erditu den emakumearen eta beste gurasoaren baimen-iraupena bera izatea. Hobeto esanda, baimen-denbora bera izanda ere, ez... [+]


Justizia feminista garatzeko beharra aldarrikatu du Emakumeen Mundu Martxak

Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak indarkeria matxistari buruzko jardunaldiak egin ditu asteburuan Atarrabian. Sistema judiziala jarri dute ezbaian, justizia eta autodefentsa feministaren balioak aztertu dituzte.


“Nazionalismo feminista da aukera bakarra”

Màtria o barbàrie (Angle Editorial) liburua aurkeztera etorri da Júlia Ojeda irakasle eta literatur kritikaria, Donostiako Emakumeen Etxera. Liburuan parte hartu duten 30 emakume katalanek matria eraikitzea proposatzen dute feminismo nazionalista ardatz... [+]


2025-01-21 | Julene Flamarique
2024. urtean biolentziak “areagotu” direla ondorioztatu du Talaia Feministak

Lau ardatz nagusiren inguruan egin dute 2024ko azterketa: indarkeria matxista; lurraldea; gerra eta gatazka armatuak; eta eskuin muturra. Euskal Herrian “erresistentziak metatzea” funtsezkoa dela ondorioztatu du Talaia Feministak, eta analisiaren sozializazioaren... [+]


Uma Ulazia
“Zaintzak konnotazio negatiboa izan behar du eta gatazka politikoa sortu”

“Heterosexualitatea da klase antagonikoarekin kolaborazionismoa, hau da, gizonen klasearekin”. Uma Ulaziak Euskal Herriko greba feministak, diskurtsoaren analisia feminismo materialistatik (Lisipe, 2024) argitaratu berri du. Euskal Herrian egin ziren bi greba... [+]


Instagrameko ‘Denuncias Euskal Herria’ kontuak sexu erasoen ia 500 testigantza jaso ditu azarotik

Indarkeria matxistari buruzko testigantzak jasotzeko Instagram kontua 2024ko azaroan jarri zuen abian emakume talde anonimo batek. Espainiako Estatuan Cristina Fallarás kazetariak abiatutako #Cuentalo egitasmoan oinarritu dira. Emakumeek, testigantza anonimoen bidez,... [+]


2025-01-13 | ARGIA
Gernikako entrenatzaile ohiaren aurkako epaiketa asteartean hasiko da

Fiskaltzak hamalau urteko espetxe zigorra eskatu du Mario López saskibaloi entrenatzaile ohiarentzat. Akusazio partikularrak hemezortzi urtekoa eskatu du. Gernika-Lumoko Sare Feministak elkarretaratzea deitu du Bilboko epaitegi aurrean. Lópezi 1998 eta 2001 artean... [+]


Kultur transmisioa feminismotik zikloa izanen dute asteburuan Beran

Goldatz talde feministak antolatua, ortziralean, urtarrilaren 3an, Jantzari dokumentala proiektatuko dute Beralandetan (17:30ean) eta biharamunean, urtarrilaren 4an, Berako bestetako tradizioak aztergai izanen dituzte Maggie Bullen antropologoarekin leku berean (10:30).


Eguneraketa berriak daude