argia.eus
INPRIMATU
Euskal puzzlea
  • Maiatzaren 27ko udal eta foru hauteskundeek euskal politika euskal puzzle bihurtu dela –edo dugula, hobe esanda– erakutsi digute. Bere aniztasunean gero eta anitzagoa omen da euskal gizartea eta, hauteskundeetako emaitzak ikusita, ez da erraza izango puzzle horren pieza guztiak ondo ahokatzea, are gutxiago udalerri bakoitzeko errealitate politikoa berezi eta bakarra izaten denean eta, beraz, errezeta magiko eta bakarra ez dagoenean. Gehiengo argirik ez dagoenean, oraingoan bezala, alderdi ezberdinen arteko adostasunak eta akordioak ezinbestekoak dira udal eta foru gobernuak osatzeko, baina oker geundeke hartu beharreko bidea norabide bakarrekoa dela pentsatuko bagenu. Herri bakoitzak berezko izaera eta ezaugarriak ditu eta, alderdien zuzendaritzei irizpide orokorrak finkatzea dagokien arren, ezin dezakegu ahaztu udalerri batean posible eta ona den akordioa ondokoan ezinezkoa eta txarra izan daitekeenik. Batzuek nahiz besteek esanak logika honen barruan kokatu behar ditugu, hortaz, hainbat udaletxetan egindako gobernu-akordioak.
Onintza Lasa Arteaga 2013ko maiatzaren 03a
Onintza Lasa
Gizarte anitza da gurea, bai, baina aniztasunaz mintzatzen garenean abertzaleok galtzaile ateratzen garelakoan nago. Gure helburu eta aldarrikapen estrategikoak bigarren maila batean utzi beharko bagenitu bezala. Arriskua ikusten dut hor, hori egia ez delako, abertzaleon aldarrikapen nagusiak –euskaldunoi dagokigun erabakitzeko eskubideak, alegia– euskal gizartearen gehiengoaren babesa eskuratzen duelako behin eta berriro hauteskunde guztietan, eta maiatzaren 27koak ez dira salbuespen bat izan.

Aldarrikapen horrek abiapuntua izan behar du Euskal Herriko etorkizuna eraikitzeko eta, horretarako, nazionalista espainolen oposizioa ez ezik, ETAren jarduera ere gainditu beharko dugu. ETA abertzaleok dugun oztopo nagusia da eta su-etenaren hausturak burujabetzaranzko bidea zaildu baino ez du egiten. Izan ere, batzuek iraganean jada porrot egin zuten formulak berreskuratzeko tentazioa edukiko dute, baina azken hilabeteotan emandako aurrerapausoak ez dira alferrikakoak izan eta ezinbestekoa da hasitako bideari berriz ere heltzea, indarkeriari behin betiko uko eginez eta soilik bide demokratikoak jorratuz euskal gizartearen gehiengoaren babesa lortu eta herri gisa dagozkigun eskubideak aitortuko dituen eszenatoki politiko berria errealitate bihurtzeko.

Korapilo hori askatzea premiazkoa da eta herritarrak behar ditugu horretarako. Oso kontuan hartzeko printzipioa da hori eta hauteskundeetan izandako abstentzio indize altuak (%39,4) hausnarketa sakona egitera eraman behar gaitu. Jadanik gainbehera zetorren bake eta normalizazio prozesuak eta hauteskundeen defizit demokratikoak –ilegalizazioak– ia ezinezko egiten zuten jendeak ilusioari eustea eta azaltzen dute zergatik gizartearen zati garrantzitsu batek bizkarra eman dion oraingoan politikari. Euskal gizartea protagonista egin behar dugu. Euskal gizarteak hitz egin du. Entzun al diogu? Hauxe da orain argitu beharreko galdera.