argia.eus
INPRIMATU
Arrainaren luzea
Igor Estankona 2013ko maiatzaren 03a
Igor Estankona
Su-etenaren amaierak betiko labirintoaren itxura hartu du. Arraina isatsari hozka ari da berriro. Herriko zaharrena ere ez da izan behar ohartzeko, diskurtso erosoen epelera itzuli direla zer opatu izan ez dutenak.

Errazena ei da armetara itzultzea. Distiratsua, eraginkorra, baina engainagarria da ideia hori. Arriskatzeko unea zenean ausente egon denaren ahoan pozoia dirudi. Abertzale baten ikuspuntutik iraina da ia. Zailena da negoziazio mahaiari eustea, gaineratzen dute. Borroka armatua, ordea, latza, iluna, esker txarrekoa eta arriskutsua dela edozeinek daki. Bermeekin, negoziazio mahaian geratzea askoz errentagarriagoa da.

Espainiar eskuinarentzako mesedea. Ezaguna da bigarren lelo hau ere. Baina elkarrizketa –edo gerra– ez dira libratu izan PP edo PSOErekin. Larritzeko moduko berria da hango eskuinarentzat hausturarena –guztiz zoratu ez badira behintzat– giza-ikuspuntutik zein estrategikoki. Ez da ahantzi behar Estatua eseri ohi dela mahaian azken buruan, eta eurak direla haren errekanbio nagusia. Zenbat eta lehenago ulertu bakea edukiz hornitu behar dela, hobe. Bitartean, fedea.