argia.eus
INPRIMATU
Abarrak
Yugonostalgiaz
  • El Ministerio del Dolor, Dubravka Ugresic (Anagrama 2006)

    Gutarrak aurpegian zaplasteko ikusezin bat zeukatela zebiltzan han hemenka”. Zaplasteko ikusezin bat. Gerra, garbiketa etnikoa, bortxaketak. Zaplasteko ikusezin bat, bizirik ihes egitea lortu duenarentzat. Ispilu yugoslaviarra hautsi zenean mendebaldeko Europara ihes egin zuten gazteak dira Dubravka Ugresicen El Ministerio del Dolor nobelako protagonistak.
Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2013ko maiatzaren 03a
Ihes hori, lekualdaketa soiletik harago, denboran egindako bidaia bihurtuko da Tanja Lucic protagonistarentzat. Yugonostalgiak jota bizi da, iraganean, bere herrialdea zenaren puskak berriz josi nahian. Amsterdamgo unibertsitatean serbo-kroazierar literatura irakasten du eta bera bezala Balkanetako odol iturritik ihes egin duten gazteak ditu ikasle, matrikulari esker Herbehereetan bizitzen jarraitzeko baimena dutelako.

Herrialde berekoak zireneko garaiak gogoratzen saiatuko dira eskoletan. Gastronomia, pop kantak, haurtzaroa. Baina pixkanaka ispiluaren puskak lurrera jausten joango dira. Deserrian bizitza berria eraikitzeak iragana ahaztu beharra eskatzen duelako. Gerra ahaztea, baina batez ere Yugoslavia izeneko leku bat existitu zela. Dolua eratu beharra, Freudek esango zukeenez.

Heriotza sinboliko hori –Yugoslaviarena– onartu behar eta ezina islatzeko Ugresicek genero eta baliabide arteko nahasketa bilatu du. Nobelak badu saiakeratik, poesiatik, koadro kostunbristatik –batez ere Herbehereetako bizimoduaz diharduen kapituluetan– eta metaliteraturatik, baina ez da horregatik nola hala jositako adabaki bilduma bihurtzen, seguruena istorioa kontatzeko erabili duen lerro nagusia lineala izateari esker.

“Bigarren Mundu Gerraren ondoren Filipinetako irletan galdu ziren soldadu japoniarrak bezalakoa nintzen” dio protagonistak liburuaren bukaera aldera. Urteetara oraindik gerrak jarraitzen zuela sinesten zuten horiek bezalakoa, alegia. Askoren gaitza. Eta ez naiz Yugoslavia galduaren penetan daudenez bakarrik ari.