argia.eus
INPRIMATU
Maltzagatik
Nafarroan gobernu aukera guztiak zabalik daude oraindik
  • ETA-Gobernuaren eta Batasuna-PSOE-EAJren arteko bileren aireratzearekin jarraitzen da, batez ere Gara-ren aldetik. Batek zein besteak zabaldutako informazioek nekez erakarriko dute familiakoa ez dena. Gara-k kontatutako gauza asko izan daitezke egiazkoak, batez ere Espainiako Gobernuaren borondateari dagozkionak; baina oro har, informazioa ETA eta Batasunaren galbahetik pasatua dago eta, beraz, negoziazioaren kapitulua alde baten jarduera justifikatzera bideratua.
Xabier Letona Biteri @xletona 2013ko maiatzaren 03a
PSOEren negoziatzaile Jesus Egigurenek, “pertsona bezala frakasatua” sentitzen dela adierazi dio Danbolin Zestoako herri aldizkariari. Beltz ikusten du etorkizuna: “Baten batek pentsatzen badu nahiz eta oportunitate hau galdu bi urte barru ahal izango dela, nik uste dut oso deskuidatuta dagoela”.

Kontraste erabatekoa egiten du Pernando Barrenak ARGIA honetan bertan dioenarekin: “Ez dago elementurik prozesua bukatu dela pentsatzeko”.

Eta Estatuko komunikabide gehienekin kontraste eginez –baita bertakoekin ere– The Economist astekari britainiar ospetsuak gatazka bortitza gainditzeko hiru printzipio iradokitzen ditu ekainaren 9ko zenbakiko editorialean. Bat, “Akatsa da pentsatzea ETAren terrorismoarekin indarra eta zigorra bakarrik erabilita amai daitekeela”. Bi, eta Erresuma Batuko ispilua erabiltzen du ideia hau azpimarratzeko: Londreseko politikariek onartua dute Ipar Irlanda eta Eskoziako biztanleen gehiengoek independentzia nahi badute, ez dagoela aurka egiterik; Madrilgo gobernu guztiak, aldiz, ideia horren aurka agertu direla dio. Hiru, ETArekin amaitzeko edozein planek PSOEren eta PPren adostasuna beharko duela.

Eremu abertzaleari so eginez gero, gero eta dinamika politiko berezkoagoa du Nafarroak, batez ere EAErekin erkatzen badugu. Nafarroa Bai koalizioa da horren adierazle argienetakoa, eta bere ibilbidea oraindik laburra bada ere, Nafarroako alderdi abertzale gehienek norabide hori bultzatzen dute, ez arazorik gabe.

15-20 urte atzera eginez, abertzaletasunari zail zitzaion sinestea noizbait erabaki eskubiderik izanez gero, eskubide hori esparruka gauzatu beharko zuela. Gaur egun, gero eta argiago dago EAEk, Nafarroak eta Iparraldeak beren dinamika propioak dituztela eta dinamika horiek markatuko dituztela erabaki eskubidean edota lurraldeen arteko harremanetan jarri beharreko indarra.

Azken 30 urteetan abertzaletasunaren baitan modu desberdinean eman den etengabeko baina ez oso ageriko eztabaida da: zer da eraginkorragoa nazio eraikuntzaren ikuspegitik, nazio giza egituratu gabe dagoen herriaren norabide argiz eta indartsuz tiratuko duen ikusmolde zentralista, edo hiru esparru instituzional-administratibo nagusien ikuspegi federala bultzatuko duen harremana?
Ibarretxe Plana, departamenduaren aldeko eskakizunak, Nafarroa Bairen sorrera eta garapenak, Euskal Herria Bai... eredu federal horren ikusmoldea gailentzen ari dela dirudi. Batetik abertzaletasunak hiru esparru horietan dituen indar maila oso desorekatuagatik; bestetik, jadanik egindako ibilbide historikoak ezaugarri desberdinak dituzten lurraldeak egituratu dituelako; azkenik, herritarren borondatea irabazteko formularik eraginkorrena bide delako.

Nafarroa eta EAEko hiru lurraldeetako foru gobernuen eraketa uneari, ostera, gero eta denbora gutxiago geratzen zaio. Kateen erresumari begira, UPNren eta NaBai-ren jarrera ulerterrazak dira: Sanzek gidatutakoek ohiko botere eta jardun moldeei eutsi nahi diete kosta ala kosta; abertzaleek, oraindik ere aukera sinestu ezinez ia, Gobernuari kosk egin eta abertzaletasunaren aukera historikoa baliatu nahi dute UPNren hegemonia erabatekoarekin amaitzeko.

Zailagoa da ulertzea PSNren jarrera. Jakina da Ferrazen erabakigarritasunaz eta, beraz, ikusi beharko da uztailaren hasieran Espainiako Kongresuko eztabaida orokorrean zer gertatzen den. Oraindik gobernu aukera guztiak zabalik daude.