argia.eus
INPRIMATU
C ala K?
  • Iruñea Sartaguda izan balitz, orain ez zen Barcina Iruñeko alkate izanen, ez horixe. Baina, beste lau urterako hartu du aginte-makila eta hortxe ikusiko dugu harro eta buru zut uztailaren zazpiko prozesioan. Ez da aldaketarik izan Iruñean; aukera galtzen utzi dute, eta aukerak gutxitan izaten dira Nafarroan, azken 30 urtean oso gutxi izan diren bezala.

    Sartagudan oso bestela jokatu zuen PSNk; bestela, ANVk. PSNko zerrendaburua prest agertu zen hasieratik beretik ANVko zinegotziaren botoa hartzeko. PSNkoek, ordea, huts egin dute hiriburuan. ANVko sartagudarrak, bere aldetik, argi izan zuen zer keinu egin behar zuen, eta egin zuen. Iruñeko biak ez dira saiatu ere egin.
Kike Diez de Ultzurrun 2013ko maiatzaren 03a
Kike Diez de Ultzurrun Sagalá
Mikel Saiz
Ez zen bakarrik Barcina alkatetzatik kentzea, Barcinari Nafar Gobernurako bidea eragoztea ere bai: Barcinari protagonismoa kentzea, komunikabideetatik ateratzea, oposiziora bidaltzea, bizitza pribatura egoztea, datozen hauteskundeetan UPN nafar gobernurako zerrendabururik gabe uztea, UPN barnean urduritasuna areagotzea, UPN barneko sektoreen arteko talka eragitea. Gauza jakina zen Barcinak begiz joa zuela Sanzen kargua, eta isilean saiatu dela saiatu denez, Miguel Sanzi azpiak jaten. Aspaldian bukatu zen Sanzen eta Barcinaren arteko adiskidantza zintzoa, eta leialtasuna ere bai. Orain, ordea, lau urtez kanpaina buru-belarri egiten arituko da Iruñeko alkate andrea, karguak ematen dion oihartzunaz baliatuta. Horretan maisua baita.

Badaezpada ere, egunotan enpresa bat dokumentuak eta dokumentuak ateratzen aritu da Gobernuak dituen departamenduetatik, agiriak toki seguruan suntsitzeko. Baina Iruñekoaren ondotik, Parlamentukoa etorri da. Purasek amore eman du UPNk eskainitako kargu sorta ikusita; bizkarra eman dio bai politikoki bai etikoki aldaketari, bizkarra ere boto-emaileei, eta lasaitu ederra hartu dute hauteskunde gauetik beretik aurrera ezinegonak hartuta zeuden Gobernuko goi-karguek eta UPNko foru funtzionarioek. Arras nerbiostuak zeuden eta lelotuak ere bai. Esaterako, Gobernuan atalburu den Maica izeneko emakume batek galdera egin zuen lehengoan larri baino larriago: “NaBaikoak Gobernuan sartuz gero, nire izena Maika idatzi beharko dut, k-rekin?”. Bestalde, sozietate publiko batean lanean ari diren gazte batzuek beren barneko kezka jarri zuten mahai gainean: “Gobernua aldatzen bada, euskara ikastera behartuko gaituzte, eta Nafarroatik alde egin beharko dugu”. Halakoak barra-barra entzun dira egunotan, UPNk –sozialistek lagundurik, bidenabar errateko– azken zortzi urteotan euskara eta bizikidetzaren aurka zabaldutako mezua arrakastatsu gertatu den seinale. Horra hor beste arrazoi bat UPN ahalik eta aginte-gune gehienetatik kentzeko. Baina PSNko buruzagiak ez daude prest; Madrilgo aginduak zintzo-zintzo betetzen ari dira, men eginez Zapaterok eta Rajoik erabakitakoari.

Azken batean, Nafarroa negoziazio gai izan da, txanpon-trukea. Gauza jakina zen hori, eta orain berriz ere oso modu nabarmenean egin dute. PSN eta NaBairen arteko bileretan, koalizioak Gobernurako programari buruzko zerbait proposatu duen aldi oro, pixka bat itxoiteko erraten zuen Purasek; mahaitik altxatu eta aldameneko gelatik Madrilera deitzen zuen telefonoz. Halaxe jokatu zuen Parlamentuko mahaia eratu baino lehentxeago ere. UPN bazter uzteko eta aldaketaren aldeko konpromiso irmoa hartzeko eskatu zioten Nafarroa Baiko ordezkariek; telefonoz bestaldeko ahotsak ezezkoa eman zuen, eta Purasek, jakina, ezetz erran zion NaBairi. Gauzak horrela, ustekabe handia litzateke PSNko buruzagiek aldaketaren alde egitea. Alderdi barnetik ahots kritiko batzuk entzun dira, haserre iduri, baina berehala isilduko dira. Horregatik, bego lasai Maica, ez baitu bere izena k letraz idatzi beharko.