argia.eus
INPRIMATU
Abarrak
Kristoren mina daraman poeta
  • Trapuan Pupua (Erein) Patziku Perurena.

    Urteak dira Patziku Perurenarekin hartu-emanik ez dudala. Bi bider gurutzatu naiz berarekin munduon, kazetari gisa betiere. Bestenaz, behin ere ez. Oraindik orain, akorduan izan dut Komatxo artean (Utriusque Vasconiae) liburuen aurkezpenaren karietara. Trapuan Pupua artikulu liburua eta Nicolas Ormaetxea Orixe hizpide kristorenak bota zituen, eta berauek bi liburu horietan jasota geratu dira. Ez da samurra Patziku, ezta samurra ere bere eleen eramailea –mezularia– izatea.
Mikel Asurmendi @masurmendi 2013ko maiatzaren 03a
Patzikurekin gurutzatuz gero, ez dago sosegurik. Patzikuk Kristoren mina baitarama bere baitan. Ez dut gizona ezagutzen, alabaina, Gizona bere bakardadean liburuaren protagonista begitandu dezaket, Goizueta eta Leitza arteko larreetan lasai demonio irudikatzen dut. Alta, hirira jaisten den bakoitzean –Iruñera azken aldikoz, Alexander Tapiaren jardunaldiak kari– kristoren minak ekarri ohi ditu berarekin. Zer dela-eta?

Patzikuren aburuz “Goizuetatik Donostia ikusten da, baina Donostiatik Goizueta ez”. Hori da, bere ustez, zinezko euskaldunen abantailetako bat.

Aizak Patziku, sistema politiko berria behar diagu –sistema literarioa barne–, baina mezulariak kartzelara eramaten hasi dituk berriz ere. Sistema desorekatua bizi diagu euskaldunok eta geure minak ez ziguk soseguz bizitzen uzten.

Non hago? Goizuetako edota Leitzako zein larretan? Aditu al duk estalitako egien oihurik bortitzena? Loreek ematen ote diate bizitzeko lain?

Mendira jo huenetik “bi sosen pupua eta lauen trapua” bizi ditiagu hemen beherean. “Argia ez da ikusten” hemen, hirian alegia.
Oraino ere, gizakiok guk geuk ematen zioagu min handiena geure buruari. Jaitsi hadi menditik, baina fusible andana ekar ezak sakelan, jaisten haizen bakoitzean hainbat bonbilla –edo buru, alegia– erreta itzultzen haiz-eta!