argia.eus
INPRIMATU
Hamar galdera
  • Hamar galdera, bat bedera eta denak batera

    1. Askotan gertatua. ETB1en euskarazko albistegia, normalean 20:28etan ematekoa, futbola dela edo beste, orduz aldatua, laburtua, ezeztatua ere bai batzuetan. Baina espainierazkoa ETB2an, zer gerta ere, 20:58etan hutsik egin gabe emana. Deux poids, deux mesures... Zein hitz dagokie bi jokabide desberdin horiei?

    2. “Herri guztiek dute autodeterminatzeko eskubidea” . Herria denez, Euskal Herriak ere badu eskubide hori. Nork eta zein Legeriaren bidez ukatzen digu?
Jose Luis ,'Txillardegi' Alvarez Enparantza 2013ko maiatzaren 03a
Txillardegi
Ruben Plaza
3. “Durante estos catorce meses, hemos hecho menos que el PP de Aznar”. Alegia, eta euskarara itzulita “ez dugu urratsik bat ere egin Euskal Herriari bere nazio eskubideak aitor dakizkion”. Zeren zerbitzutan hartu du Rodríguez Zapaterok jokabide hori?

4. “La meta es la paz. Es decir, el fin de la violencia”. Bakea, ordea, ez da kanposantuetako isilpea, eta ezin daiteke eraiki eskubideen gainean baizik. Nork ezkutatzen du hau, eta zeren zerbitzutan?

5. Bere lurraldean beharrezkoa ez den hizkuntza oro desagertu egiten da. Beharrezkotasun hori ukatzen duten legeriek, beraz, hizkuntzaren desagerpenera daramate. Zergatik ezkutatzen da hau, edo disimulatzen, eta zeren zerbitzutan?

6 .“Izquierda radical”, “izquierda autonomista”, “el gobierno central”, “traducido al castellano”, hedatzen ari dira azken bolada honetan. Noren artean itsasten ari? Eta zeren zerbitzutan baztertzen “ezker abertzalea”, “Gobernu espainola” eta “espainierara itzulia” esamoldeak?

7. Erdaldun elebakarrek inposatzen digute espainiera –edota frantsesa Iparraldean–, gure artetik etengabe euskara bazterreraziz. Noiz arte isildu beharko dugu euskaldunok?

8. Irlandaren nazio-askapena porrota izan da, bere nazio hizkuntza galdu baitu. Aldaketa demografiko larriak jasan ondoren, berriz, herri baltikoek borroka ausarta daramate aurrera beren naziotasuna berreskuratzeko. Guk, ordea, maizago begiratzen dugu Irlanda aldera, Baltikora baino. Zergatik ote?

9. “No, no, no, y no, y nunca”. Hortaz, zer egin behar da? Pertsiana jaitsi?

10. Niccolò Macchiavelli. (El príncipe; 1513). Politikari buruzko liburu klasikoa. (Espainierazko argitalpena Ediciones Austral; 2001). XIV. kapitulua, 105. orrialdea: “Quod principem deceat circa militiam”. Irakurri: “El estar desarmado, además de causarte otros males, hace que te desprecien... Entre un príncipe armado y otro desarmado no hay comparación posible, y no es lógico que quien está armado quiera obedecer al que está desarmado”.

Euskarara itzulita, gutxi gorabehera: “Desarmatua egoteagatik, beste gaitzez gain, mespretxatu egingo zaituzte. Printze armatuaren eta desarmatuaren artean ez dago inolako alderaketarik, eta ez da logikoa armatuta dagoenak desarmatuta dagoenari men egin nahi izatea”.
Zer deritzo irakurleak?