argia.eus
INPRIMATU
EHNE: Nekazaritza berri baten alde
Juan Mari Arregi 2013ko maiatzaren 03a
ENHE nekazari sindikatuak Hego Euskal Herrian 6.000 kide baino gehiago ditu eta Espainiako Estatuko, Europako zein nazioarteko erakundeetan dago. Aurreko astean V. Konfederazio Batzarra izan zuen Agurainen (Araba). Batzarrak goiburu hau izan zuen: “Beste nekazaritza mota bat posible da gizarte berri baten alde”. Euskal nekazaritza eta abeltzaintza anitzak direnaren mezua indartu eta eguneratu nahi izan zen. Batzar honen helburua garai berrietara moldatzea izan da, bai barne antolamenduan bai gizarte arloan. Aldaketaren aldeko apustua egin du, beti ere lau probintzien eta sektorearen partaidetza kontuan izanda. Ez du ahaztu, halaber, ENHE nekazariek eta abeltzainek sortutako sindikatua dela, eta eurentzat sortua. Nekazaritzan lan egin nahi duten gazteen eta emakumeen aldeko hausnarketak ere izan ziren. Batzarrak nekazaritzan eredu jasangarri eta sozial baten aldeko apustua ere egin zuen, honen baitan hainbat errealitatek du leku, eta guztiak dira onargarriak. V. Batzar honek lana sortzen duen ereduaren alde ere egin zuen, lurraldea egituratuko duena eta etorkizunean segida izango duena. Kalitatezko elikagaiak ekoizteko gai den eredua, eta ingurumenarekin errespetuzkoa eta bertan integratua. Hau guztia gizartearen konpromisoaren baitan eta nazioartearekin izandako bere esperientzia solidarioa ahaztu gabe. Sindikatu honek dituen hogeita hamar urteak hazten jarraitzeko eta nekazaritza eredu berri baten aldeko egungo apustuak praktikan jartzeko berme onak dira.