Balata: lur bat itxaroari

  • Palestina marrazteko galdetu zioten neska txiki bati, eta kartografoaren mapek edo poetaren poemek baino askoz ere irudi zehatzagoa eta politagoa sortu zuen: lurrezko ontzitxo bat bi olibondo adar ernetzen zitzaizkiola barrutik. Baina neska txikia joan zenean, ontzia paperetik behera amildu zen, eta milaka zati egin zen lurrean. “Ez haiz beherago eroriko” pentsatu zuen norbaitek. Baina bigarren kolpea ere hartu zuen, lurretik beherago erorita –ia itsaso hileraino–, eta lehen milaka ziren lur zatiak milioika zabaldu ziren mundu osoan. Geroztik ere, egunero ari dira zangoak lur ontzi zatitxoak zapaltzen, eta txikitzen, eta zabaltzen. Eta ontzi zati urrunduak ez dezake jada bildu ontzi osoa mapa berri batean, eta lur zati hautsiak ez dezake jada olibondo adarrik eutsi poema zaharretan. Baina ontzi zati bakoitzak palestinar bat darama bere barruan, eta palestinar bakoitzak lur zati bat. Munduan barrena errefuxiatutako milioika zati txiki, horixe da Palestina.
Txomin Txueka

Bere herrixka marrazteko galdetu nion mutil kozkorrari, eta “zaila da” esan zidan. Kolorezko arkatzak eman nizkion eskura, eta “ez dakit marrazten” esan zidan, “bai, marrazten denek dakite”, nik baneki bezala. “Ez, marraztea idaztea bezalakoa da, eta nik ez dakit idazten” esan zidan. “Marraztu ahoz” erre nuen etsi aurrekoa, eta irribarre egin zidan. “Oso polita da nire herrixka, olibondo sail luzeak daude, eta jolasteko leku handi-handiak, haurrak jolasteko. Itsasoa ere bai. Berde-berdea da. Munduko lekurik zoragarriena da niretzat”. Begiak zabaldu zituen eta irribarretxoa itxi. Orduan antzeman nion bere herrixka sekula ikusi ez duen milioika palestinarretako bat zela. Eta horregatik maite zuen hain itsu aitonaren gauetako kontakizunetan bakarrik zapaldu duen bere lurra. Ez nion esan badaezpada, bere herrixka berde-berdean Tel Aviveko aireportua eraiki dutela.

“Ni Balatan bizi naiz, baina Sheikh Muwannis da nire jatorrizko herrixka”. Hamar palestinarretik zortzi ez da bere herrixkan bizi. Eta “nongoa zara?” galdetzen badiozu, erantzun konposatua jasoko duzu. “Ni ere Balatan bizi naiz, baina nire herrixka Kafr Bir’im da”. Bere aiton-amonek bost hamarkada lehenago utzi behar izan zuten herrixkatxoaren izena da, berak inoiz ikusi gabea. Palestinar gehienak ez dira beren herrixkan jaio. Nik han ikusi nituen denak Balatan jaioak ziren, eta Balatan haziak, baina inor ez zen Balatakoa, nahiz eta asko ez diren egundo Balatatik atera, ez bada Nabulusera joateko. Nabulus bi kilometro eskasera baitago Balatako errefuxiatu kanpamentutik, eta Sheikh Muwanis, berriz, ehun batera. Kafr Bir’imera ere berdintsu, kilometroak ehun bat. Baina egun asko. Urteak. Hamarkadak beharko dituzte hara itzultzeko. Eta atzamarkadak.

Zisjordaniako handiena

1952an sartu ziren lehen kanpin dendak Balatan. Gehienak Jafatik etorriak. Kilometro bateko zelaigunean landatu zituzten, bost mila errefuxiaturi aterpe emateko beste. Baina dentsitate zenbakiak kilometroenak bezain erlatiboak dira Palestinan; egun, 23.000 pertsona kabitzen dira leku estu horretan. Eta arnasa soberan balego bezala, hilabete oro hirurehun errefuxiatu gehiago iristen dira Balatara. Pertsona bakoitzak 10,6 metro koadroko lekua du beretzat, Sheikh Muwanisen bizi diren israeldarrek 1.000 metro koadrotik gora dute. Hori irakurtzean ulertu nuen mutil kozkorrak zergatik esan zidan hainbesteko ilusioz bere herrixkan jolasteko leku zabal-zabalak daudela. Eta itsasoa dagoela ere bai. Balatan 1977an sartu baitzen ura etxe bakoitzean, kanpin dendak adreiluzko bihurtu eta zazpi urtera. Elektrizitateak 1980ra arte itxaron behar izan zuen, abiadura handian mugitzen omen da baina.

Ez da Gazako Jabalia bezain gogorra, ez da Libanoko Nahr al-Bared bezain sonatua, baina Balata Zisjordania osoko errefuxiatu kanpamenturik handiena da. Jendetsuena esan nahi dut, haurtsuena jakina. Eta haurrei irakurtzen eta idazten erakusteko bost eskola daude, lautik bat analfabetoa baita azken datuetan. Ospitale bakarra dago, eta bi sendagile. Baina debekatua dago ostiraletan ordu bietatik atzera eta igandetan edozein ordutan gaixotzea. Ez da koranaren agindu bat, sendagileen atseden egunetan itxita dago UNRWAko ospitaletxoa. Alta, soldadu israeldarrak ez dira egunari eta orduari begira ibiltzen. Noiznahi eta nolanahi sartzen dira Balatako kale estuetan. Bigarren intifadan 160 lagun hil zituzten hemen, beste lau mila zauritu, eta oraindik ere gau askotan dentsitatea pixka bat jaistera etortzen dira.

Eskasia orokorra da: espaziorik ez, semeak etxetik falta, sendagile gutxi, janaria urri... Baina “zer da gehien behar dena?” galdera materialista luzatu nuenean, aho batez erantzun zidaten denek: “Itzultzeko eskubidea”.

Amaordearen magala

Israelen esperantza zen zaharrak hil egingo zirela, eta gazteek ahaztu egingo zutela. Zaharren heriotza iragarpenean asmatu zuen, baina gazteen ahaztura ustean ez. Herrixka minaren suak palestinarren zainak urtzen segitzen du, eta sustraiak ez dira lur berrira egin, ez eta egingo. “Maitagarria da Balata, hemen jolastu nintzen umetan, hemen ditut lagunak, hemen daude nire pauso guztiak, baina ezin dut maite. Hau ez da sekula nire etxea izango. Nire etxea han dago. Balata denboraldi baterako itxaron lekua baino ez da, eta egun batean joan egingo naiz, itzuliko gara, badakit”. Egun horretan, Balata, milaka errefuxiaturi magala emandako lurra, bakarrik geldituko da, isilik, triste. Eta berak ere kantatuko du berekiko: “Erroak ebaki banizkio nirea izango zen”.

Azkenak
Osakidetzan egiturazko eta egiazko konponbideak eskatu dituzte Gasteiz, Bilbo eta Donostian

Milaka pertsona kalera atera dira larunbatean, Eusko Jaurlaritzari eta Osasun Sailari "konponbide errealak" eskatzeko, Osakidetzaren arazo estrukturalak konpon ditzaten.


Aroztegiari ezetz esan dio jende oldeak Iruñean, eta auzipetuen absoluzioa eskatu du

Milaka eta milaka lagun elkartu dira larunbat bazkalondoan Iruñean, Baztango Aroztegiaren makroproiektuari aurkakotasuna adierazteko eta maiatzean epaituko dituzten zazpi auzipetuen absoluzioa eskatzeko. Bideoz grabatu dugu amaiera ekitaldiko hitzartzea [albistearen... [+]


Bonus track: non dago saria?

Jan-edanean zeuden denak, itxuraz alai, baina baten bat urduri zebilen aperitibo eta aperitifa artean. Bigarrenez jasoko zuen saria, baina eskuetan edukiko zuen lehenbizikoa izango zen. Eta urduri zegoen, oroigarriak bulegora heldu beharra zeukalako, joder. ARGIA Sariak ez dira,... [+]


Argia Sarien kronika
Galga azkartasunari

Gauzak bizi eta azkar aldatzen badira ere, zenbait kontu ez dira aldatzen: Argia Sarien ekitaldia da horietako bat. Horixe esan dio kronikagile honi beharrera etorri den kanpoko kazetari batek, ARGIA asko aldatu dela esatearekin batera, sari-banaketa hasi aurretik. Onerako ari... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Interneteko Argia Saria: Oroibidea

Galtzaileen herri ondarea sarean jartzeko erakunde publiko batetik egindako ahaleginagatik, ahots gabeen ahotsa entzuteko aukera emateagatik, eta batez ere, Nafarroak aitzindari izaten segi dezan oroimen historikoa berreskuratzeko bidean, Interneteko Argia Saria Nafarroako... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Banatu ditugu euskarazko komunikazioaren 2025eko Argia Sariak

Sei sari banatu ditugu aurten: ikus-entzunezko saria EITB Kultura telebista saioari eman zaio, prentsako saria Irutxuloko Hitza Donostiako hedabideari, entzunezko saria BaDa!bil podcastari, interneteko saria Oroibidea bilatzaileari eta komunikazio kanpaina onenaren saria Altxa... [+]


2025-01-31 | ARGIA
ARGIAko lantaldearen mezua: Mundu ilunean, ARGIA gehiago

Onintza Irureta Azkunek egin du hitzartzea ARGIAko lantaldearen izenean:

"ARGIAko komunitatea osatzen duten milaka lagunetako batek berriki adierazi digu batzuetan ARGIA iluna dela, barruak mugiarazten dizkion albiste gogorrak daudela. Lan ona egiten dugula, baina... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Urteko kanpaina onenaren Argia Saria: Altxa Burua

Seme-alabek lehen mugikorra izateko adina atzeratzeko eskolaz eskola egindako lanagatik eta lortutako emaitzengatik, ikastetxeak mugikorrik gabeko arnasgune izateko borrokagatik, kanpaina onenaren Argia Saria guraso elkarteek osaturiko Altxa Burua ekimenarentzat izan da... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Merezimenduzko Argia Saria: Ene Kantak

Hamabost urteotan gazteenen artean euskara sustatzeko egindako lanagatik eta lortutako arrakastagatik,  Merezimenduzko Argia Saria Ene Kantak proiektuarentzat izan da. Saria Nerea Urbizu, Fermin Sarasa eta Jesus Irujok jaso dute.


2025-01-31 | ARGIA
Entzunezko Argia Saria: BaDA!bil podcasta

Entzunezko Argia Saria BaDA!bil podcastak jaso du, Hiru Damatxo ekoiztetxeak ekoitzitakoa, eta Gerediaga elkarteak eta EITBk finantzatutakoa. Podcastak kulturgintzan dabiltzan lau mahaikidez osaturiko bost mahai inguru jaso ditu Durangoko Azokaren bueltan. Saria jaso dute Amets... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Prentsako Argia Saria: Irutxuloko Hitza

Prentsako Argia Saria Irutxuloko Hitza-rentzat izan da, eskuin muturraren igoerari egindako jarraipenagatik eta talde erreakzionarioen benetako aurpegia erakusteko kalean hor egoteagatik. Aurten 20 urte beteko ditu Donostiako hedabideak. Aizpea Aizpurua, Andrea Bosch,... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Ikus-entzunezko Argia Saria: EITB Kultura

EITB Kultura telebista saioak jaso du Argia Saria euskal kulturgileen lana bistaratzeagatik, Euskal Herriko txoko guztietako proiektuak telebista publikora ekartzeagatik, eta egiten duten kalitatezko ikus-entzunezkoagatik. Saria Leire Ikaranek eta Kerman Diazek jaso dute, Berde... [+]


Calexit, Kaliforniaren independentzia bilatzen duen ekimena

Ekimenak erreferendum eskaera egin du eta Shirley Weber estatu idazkariak onartu. Orain, prozesuari jarraipena emateko, 546.000 sinadura lortu behar dituzte datorren uztailerako. Marcus Evansek egin du eskaera.


Eguneraketa berriak daude