argia.eus
INPRIMATU
Osasuna
Asma: arnasa hartzea bizitzea da
  • Asma da arnas gaixotasun ohikoenetarik bat. Funtsean airebideetako buxadura eta inflamazio kronikoa da asma. Eta bronkioen erreakzioak ondorengo sintomak sortzen ditu: txistu-hotsak arnasterakoan, disnea edo arnasestua, nekea, bularreko zanpaketa sentsazioa eta eztula, gauez edo goizaldean batez ere. Asma-aldi horiek aire fluxuaren buxadurarekin batera gertatzen dira, eta buxadura hori atzera itzulgarria da, normalean bere kasa edo bestela tratamenduaren eraginez itzultzen da arnasa bere onera.
Jabier Agirre 2013ko maiatzaren 03a
Umeetan asma oso patologia arrunta da, gaixotasun kroniko larrien artean ohikoena. Gaitz hau gero eta indartsuago eta iraunkorragoa da baldintza genetiko eta klimatikoen eraginez eta kanpoko alergenoak gero eta gehiago direlako. Badira arrisku faktore batzuk asmak adoleszentzian eta helduaroan ere jarrai dezan eragiten dutenak. Adibidez familian asma-aurrekariak edukitzea, alergikoa izatea edo gaixotasuna bi urte bete aurretik agertzea. Asma alergikoa, asma kasu guztien %85 izatera irits daiteke, eta errinitis alergikoen ia erdia asmarekin batera ager daitezke.

Alergia sintomak martxan jar ditzaketen faktoreak kanpokoak izan daitezke –hautsa, onddoak, animalien ileak edo polenak, nagusienak aipatzearren–, izan daitezke narritatzaileak –tabakoaren kea, bernizak, aerosolak, garbiketako produktuak– edota beste hainbat –klima-aldaketa, ekaitzak tximistekin batera agertzen direnean, emozioak, estresa–.

Krisiaren tratamendua kortikosteroideak inhalatzea izaten da normalean, baina paziente asmatikoen erdiak ez du betetzen agindutako tratamendurik. Eta gaizki kontrolatutako asma kasu horiek 180.000 heriotza ekartzen dituzte urtero mundu osoan; tuberkulosia eta HIESak batera baino kostu ekonomiko handiagoa eraginez. Dena den, tratamenduak baino garrantzia handiagoa du prebentzioak. Horregatik, honatx arreta neurri batzuk:

- Ez utzi inoiz medikuak agindutako botikak hartzeari.
- Ez erre. Ez asmatikoak jakina, ez asmatikoaren ondoan ere.
- Kontuz ingurumenarekin –hautsa, polenak, onddoak, animaliak–.
- Kontuz hotzeria eta bat-bateko hozbero aldaketekin.