Thomas Sankara Burkina Fasoko kapitain gorri hura

  • 2007ko ospakizunen artean bada bat herrialde frankofonoetako ezkertiar eta altermundialisten artean seguru aipatuko dena. Duela hogei urte kolpe militar batek eten zuen Afrikako Burkina Fason lau urtez militar ezkertiar baten itzalean martxan jarritako iraultza saioa.
Thomas Isidore Sankara
Irudi handian, Uagaduguko horma batean egindako margolana, Burkina Fasoko nekazal munduko irudi bat islatzen duena. Argazki txikian Thomas Isidore Sankara, 1983tik 1987ra lehendakari izandako militar gaztea. CADTM erakundeak honela deskribatu du Sankarak oraindik ere afrikar gazteetan daukan itzala: "Sankararen sinpletasuna, espiritu argia, haren umorea, zuzentasuna eta eskuzabaltasuna maite dituzte Afrikako gazte askok, ohartzen baitira beren buruak ezagutzen dituztela harengan. Horregatik erakusten dute beren berotasuna "˜Sankara klubak"™ antolatuz, Malin bezala Senegalen, Boli Kostan, Beninen edo Ginean. Europako, Asiako, Latinoamerikako, AEBetako, munduko edozein txokotako gazteek "˜Sankara klubak"™ sortu dituzte". Nazio Batuen Erakundeko batzorde batek eskatu dio Campaoré presidenteari argitu dezala nola hil zuten Thomas Sankara.
Ikur politiko bihurtua, Thomas Sankarak herentzia intelektual eta politikoa Afrikaz gain mundu osoan utzi zuen. Horrek kezkatzen ditu batzuk Burkina Fasotik urrun ere. Bamakon 2006an egin Afrikako Gizarte Foroan eta Nairobiko 2007ko Munduko Gizarte Foroan omenaldia egin zaio Sankarari. Zailtasun batzuk gorabehera, Burkinan 1983ko iraultza oinarritu zen batetik, munduko harreman menperatzaileen kritikan –finantza erakundeen rola eta potentzia neokolonialena– eta bestetik, politika ekonomikoak berriro pertsonen beharretan eta lekuko merkatuen garapenean zentratzen. Ideia horiek ukatzen dituzte mundializazio liberalaren sustatzaileek”. Nor da Le Monde Diplomatiqueko bere blogean Ane-Cécile Robert-ek halako garrantzia aitortzen dion Thomas Sankara hori?

ARGIAko irakurle beterano batzuei ezaguna egingo zaie Sankara kapitaina. 1980ko hamarkadan behin baino gehiagotan ekarri zuen orriotara Pablo Sastrek, nazioarteko kroniketan. AEBen eta Sobiet Batasunaren arteko gerra hotzaren garai haietan, garapen bidean dauden herrialdeetan inperioarekiko “dekonexioa” aldarrikatu zuten Samir Amin bezalako intelektual batzuek eta buruzagi politiko eta militar gutxiagok. Horien artean, urte labur batzuetan, Thomas Sankara militar gaztearen itzala handitzen joan zen Afrikan barna. 1987ko urriaren 15ean hil zuten arte.

Hogei urte beranduago, liderraren omenezko ekitaldiak antolatzen ari dira, Afrikan batez ere, baina munduan barna ere bai. Burkina Fason bultzatze lanean Collectif International Sankara 2007 elkartea ari da. Honen buru ezagunena Sama Karim musikari eta irratigizona da, Sams’ K Le Jah izenez ezagunagoa. Mahai-inguruak, ikuskizunak, liburuak, elkarretaratzeak eta abar ari dira prestatzen. Ekintzetako bat Chiapasetik abiatu eta Italian barna, Frantzia eta Suitzatik pasatuz, Uagadugu hiribururaino helduko den ibilaldia izango omen da.

Horiek hala izango dira, baldin eta antolatzaileek ezbeharren bat nozitzen ez badute. Dagoeneko amenazo anonimoz ari dira zigortzen Sams’ K Le Jah: “Thomas Sankara hil genuen eta ez zaigu ezer gertatu. Norbert Zongo (oposizioko kazetari burkinatarra, 1998an hila) garbitu genuen eta ez zaigu ezer pasa. Hire txanda ere laster helduko duk”.

Ez da irri egiteko kontua, zeren eta egia baita Sankara hil zutenak libre dabiltzala. Hiltzailetzat aipatu zirenetako bat berrikitan hauteskundeetan aurkeztu omen da. Are nabarmenagoa: oraindik ere agiri ofizialetan Thomas Sankara mort naturellez hil zela esaten da.

Hirugarren Munduaren Zorra Deusezteko Batzordea (CADTM, frantsesezko sigletan) da kanpainari nazioartean babesa ematen dioten erakundeetako bat. Honen egitura baliatzen da herrialde askotan –Frantzian bereziki– Sankarari buruzko liburuak, filma berriak, eztabaidak eta beste aurkezteko.

Magnizidioaren 20. urteurrena ospatzeko CADTMk egin duen deialdian (“Sankara, ausart gaitezen etorkizuna asmatzen”) pasarte batean honela diote: “Burkinako agintari berriak Thomas Sankarak eta bere ekipoak egin lana desegiten ahalegindu diren arren, lau urte laburretan burutu zuten obra gaur ere bizirik dago afrikarren eta borrokan ari diren herrien bihotzetan, Afrikaren behar eta nahiei erantzuten baitiete. Zorra deuseztea, neokolonialismoaren arazoak, ustelkeriaren kontrako borroka eraginkorra, emakumeen eskubideak, nekazarien ekonomia, herritarren erantzukizunak, osasungintza eta heziketa sustatzea... horietan guztietan Sankara aitzindari ageri zaigu”.

Neokolonialismoa salatu

1949an Thomas Isidore Sankara, Yako herrian sortu zen. Hura orduan Haute Volta (Hegoaldekook eskolan Alto Volta ikasi genuen) deitzen zen. Mossi-tarren kasta sisteman ongi kokatutako familia batean sortua zen, eta aita gainera jendarmea zuen. Anaia Frantzian borrokatu zen Mundu Gerran, eta nazien preso egon. Thomasek militar ikasketak egin zituen, eta lehen enplegua Madagaskarren eduki zuen. Han bere begiz ikusiko zuen erregimen kolonial baten gainbehera, eta armada kolonialak matxinoei egiten zien gerra errukigabea. Militarren artean graduetan azkar igo zen, eta laster egin zen oso ezaguna Uagadugun, besteren artean musikaria ere bazelako: gitarra jotzen zuen Tout-à-Coup Jazz taldean.

Ofizial gazte multzo batekin Officiers Communistes talde sekretua osatu zuen. Militar ezkertiarren mugimendu eta kolpeak sarri ikusten ziren garai haietan Hirugarren Munduan. 32 urterekin, 1981ean, Informaziorako Estatu idazkaria zen Saye Zerbo koronelaren erregimenean. Dimititu egin zuen, baina 1983an, Jean-Baptiste Ouedraogo presidenteak lehen ministro nonbratu zuen Sankara. 34 urte zituen.

Bere biografoek diotenez, berehala ekin zion Sankarak iraultza demokratiko eta herritarra garatzeko lanari. Urte horretan bertan, 1983an, Indiako Delhin burututako biltzar batean harremanetan jarri zen Fidel Castrorekin eta orduan Mozanbikeko lehendakari zen Samora Machel-ekin. Urte horretan, Ouedraogo lehendakariak espetxean sartu zuen Sankara... François Mitterrand handik pasa eta berehala. Kasualitatea?

Kalean istiluak piztu zituen espetxeratze horrek, eta Blaise Campaoré militar lagunak emandako kolpeak atera zuen Sankara espetxetik, lehendakaritzan ipintzeko.

Herrialdea izen berriz bataiatu zuen, bertako bi hizkuntza nagusietako bi hitz erabiliz: Burkina eta Faso. Baina ikurraz gain, lau urtetan –beste kolpe batekin agintetik kendu eta bera hil zuten arte– egin zituen mintzaldiak eta martxan jarri zituen lorpenak gogoratzen dituzte gaur ere Sankaragandik.

Nazio Batuen Erakundearen egoitzan honela mintzatu zen 1984an: “Larruazala beltza dutelakotz ghettoetan dauden milioika pertsonaren izenean mintzo natzaizue. Munduko iraultza guztien oinordeko izan nahi dugu”. 1986an François Mitterrandi honela hitz egin zion, honek Uagadugura egindako bisitan: “Giza arraza guztien artean gurea denez gehien sufritu duena, zin egin dugu ez dugula sekula lurralde honetako zatirik txikienean ere onartuko injustizia txikienik”.

Sankararen aldekoek bere mintzaldiak baino gehiago ekintzak dituzte gogoan. Haurren bakunazio masiboak, eskola eta ospitaleak eraikitzea, basoetan zuhaitzak landatzeko kanpaina, Sahelean desertuaren kontrako borroka, nekazaritzako erreforma prezioak arautu eta laborariei zergak kentzea, emakumeen askapenerako neurri aitzindariak (eszisioa debekatu, poligamia mugatu, bizi politikoan emakumea integratu), etxebizitzen inguruko plan zabala, eta abar luzea.

Espetxetik atera zuen Blaise Campaorék eman zion kolpea. Militar frantsesak ez ziren urruti. Eta Thomas Sankara mitoa sortu zen. 20 urte eta Campaoré dago oraindik agintean.

Azkenak
2024-10-18 | ARGIA
Langile bat hil da Lizarran, biltegi batek eztanda egin ondoren

56 urteko langile bat hil da Lizarran, Agralco (Agrupacion Alcoholera de Bodegas Cooperativas) biltegian lanean ari zela. 10:00ak aldera gertatu da ezbeharra, Lizarran la alcoholera moduan ezagutzen den nekazaritza hondakinen biltegian.


Beldurra espazio komun gisa

Herritarren segurtasunik ezaren kezka gero eta handiagoa da gure auzo eta hirietako elkarrizketetan, batez ere kalean bizirik dirauten Magrebeko gazteek eragindako lapurreten eta gatazken inguruan. Badirudi egoera horiek areagotu egin direla azken hilabeteetan, eta alarma eta... [+]


Puig Antich, Estatuak ez du inoiz barkamena eskatzen

Espainiako Gobernuak dokumentu bat helarazi die Salvador Puig Antichen arrebei, Oroimen Demokratikorako ministro Ángel Víctor Torresen eskutik. Frankismoak anarkista katalanari jarritako heriotza kondenaren “baliogabetasun akta” dela diote. Harrigarria... [+]


Sinwarren hilketaren ondoren, gerrak bere horretan jarraitzen du

Yahya Sinwar Hamaseko burua hil ondoren, Ekialde Erdiko gerrak nola jarraituko duen aurrera mintzagai da hilketaren biharamunean. AEBek, Joe Bidenen ahotik, berehala iragarri dute orain su-etenak bidea libre izan dezakeela. Bide beretik jo dute Mendebaldeko hainbat buruzagik... [+]


2024-10-18 | Ahotsa.info
Azken hiru urteetan altueratik erorita Nafarroan 10 langile hil direla salatu dute

LAB, CGT, Steilas, ESK, EHNE eta Hiru sindikatuek salatu dituzte Nafarroan altueratik erorita hil diren hamar langileen kasuak.


Marcos Maceira, A Mesa pola Normalización Lingüísticaren presidentea
“Oso zaila izango da galiziera leheneratzea PPren hizkuntza politika ez bada zuzentzen”

Galiziako Estatistika Institutuak galizieraren egoeraren inguruko inkestaren azken datuak ezagutarazi ditu. Ezagutza eta erabilerak, biek, egin dute atzera. Galera handiagoa da adin tarte gazteenetan. 5 eta 14 urte artekoen herenak adierazi du galiziera gutxi edo batere ez... [+]


2024-10-18 | Hala Bedi
Makroproiektuen aurkako manifestaziora deitu du Gasteizen Araba Bizirik!-ek, urriaren 26rako

“Araba ez dago salgai” eta “Makroproiekturik ez” lelopean egin dute deialdia. Urriaren 26an elkartuko dira 18:00etan “etekin pribatuak bermatzera” bideratuta dagoen eredu energetikoa eta “instituzioek jokatzen duten papera”... [+]


Zergatik daude Renfeko trenak inoiz baino grafiti gehiagorekin margotuta?

Garraio publikoaren zerbitzuaren gainbeheraren barruan, alde estetiko hutsa bada ere, ohikoa bilakatu da trenak margoturik ikustea eta, behingoagatik bada ere, ez da arrazoi ekonomiko hutsengatik, langileek azaldu dutenez.


2024-10-18 | Urumeako Kronika
‘Hariak’ zinemaldia erresistentzia istorioen lekuko, azaroaren 7tik 17ra Hernanin

Aurtengoa hirugarren edizioa izango da, eta memoriaren gaia hartuko da ardatz, Kulturarteko Plaza Feministan.


2024-10-18 | Uriola.eus
Bazter Fest ospatuko dute Bilbon azaroaren 9an, protagonistak emakumeak diren hip-hop jaialdia

Azaroaren 9an, emakumeak protagonista diren hip-hop jaialdia ospatuko dute, 17:30etatik aurrera. Jaialdiak urtez urte hip-hop eta rap estiloetan ibilbide ezaguna duten emakume artistak bildu izan ditu.


Xamarrek ‘Orhipean, Gure Herria ezagutzen’ liburuaren edizio berria aurkeztu du

Gaur Donostian Orhipean, Gure Herria ezagutzen liburuaren edizio berria aurkeztu dute. Bertan Izan da egilea Xamar eta berarekin batera Antton Luku, Isabel Isazelaia eta Lander Majuelo.


“Beti gainerakoei jartzen diegu oxigeno maskara, eta denbora badago, norberari”

Krisi egoeran idatzitako gogoetak eta lagungarri egin zaizkion tresnak jasotzen ditu Iratxe Etxebarria kazetariaren 7.300 miligramo eszitalopram liburuak.


Eguneraketa berriak daude