argia.eus
INPRIMATU
Hiru perla ez polit(iko)
  • Politikariak, euren promesak, esanak, ateraldiak nahiz purrustadak gutxietsi, kakaztu eta oinperatzeko ohitura arras hedatua dugu gurean. Guztiak berdinak, lapurrak, ustelak eta interesatuak direla esango dizu, nola langilerik zintzoenak hala ikaslerik finenak ere. Italiaren geroz eta antz handiagoa dugu horretan.

    Beraz, hauteskunde kanpaina pasa berritan botatako astakeriak bilduko banitu, nekez harrituko nuke inor, eta txalo errazen bila joandako bertsolariarena eginen nuke. Sarkozy edo Azkuna hain ezberdinak diren edo kanpaina garaiak etenik baduen ere, auskalo.
Joseba Barandiaran 2013ko maiatzaren 03a
Joseba Barandiaran
Iñigo Azkona
Alta, ez da hori nire gaurko helburua. Nago politikariak gizartearen beraren isla baino ez ote diren. Kanpaina garaian ezein mitinetatik at jasotako hiru perla bildu eta txoko honetara ekarri baino ez dut egin nahi. Atxagak bi letter nola, neuk hiru perla jaso baititut oso denbora gutxian. Hiru hiritar, boto-emaile, euskal herritar arrunt, soil. Ardura politikorik gabeak baina, itxuraz, inmigrazio politikak arduratuak.

Urliak Araban bota zidan lehena: “Marrokiar guztiei babes ofizialeko etxea ematen ei diete; aldiz, hemengo (?) asko dago etxeak lortzeko zerrendetan…” Noski, esan nion, horrek azalduko luke Afrikatik Espainiarako itsasoa gurutzatzeko erakusten duten tema edo gogoa. Etxe baten truke ez ote ginateke gu ere Tanger aldera igeri abiatuko? Ziriaren kirioak igarrita edo, Radio Gorbean gisako berriak sarri-sarri entzuten direla arrazoitu zidan. Entzun nazala. Radioak esan du, badakizue. Periodikoak dio. Alea jacta est.

Sandiak ekarri zidan bigarren perla. Aurrezki kutxan lan egiten duen lehengusuak esanda dakiela, Jaurlaritzak 3 mila euro ordaintzen dizkiola alaba bat duen etorkin bati, beste lanik ez zuela eta –itxuraz, beste azalpenik ez zuen behar–. Gerora, laguntza 600 eurora jaitsi ziotela, lanean hasi zelako. Ez zidan zehaztu etorkinak lanean hileko 2.400 euro irabazten ote zituen baina, berdin dio, eskola, jantoki, txango eta autobusak ez ordaintzeaz gain, laguntza publikoetatik majo bizi delako horrelako (…) hainbat. Batipat ijitoak. Beste inor baino hobe bizi dira, lanik egin barik noski. Nire artean, hain lan gutxi eginda hain ongi futbolariak baino ez zirela bizi uste nuen. Ezjakina neu. Tamalez ez nion galdetu bere alaba ijito batekin ezkontzea, futbolari batekin ezkontzea bezain ongi ikusiko lukeen. Hain da parekotasuna nabaria.

Berendiak, alta, kubatarrak zituen hizpide Bilboko tabernazulo batean. Bat lankide izan ostean, nahikoa eta sobera. Berak produktu nazionala (!?) hobesten zuen, duda barik, Karibeko mi amol guztien gainetik. Sabino Aranak “maketo” joko zukeen baten ahotan, esango nuke bere produktu "nazionala" Irundik Ceuta edo Kanarietara hedatzen dela.

Baina agerikoa da arrazakeriak ez duela geografia lar aztertzen. Ez geografia, ez historia, ezta istorioak ere. Estatistika akaso gehixeago. Derradan arrazakeria alarde harrigarrienak egiten ikusi izan ditudanak, Euskal Herrian etorkinak ziren jendea izan direla. Baina gaurko hiru perla ez polit hauek, politikoak ez diren hiru maskorrei bildu dizkiet. Kantauriko maskor autoktono endemikoak, lagunok. Hiruotan bakarra ere ez da, gainera, FN edo PPren boto-emaile. Bai zera. Itxura denez Euskal Erdian, eskuin muturra, ez eskuin eta ez mutur agertu liteke. Sinistra.