Belar kableak arrakasta Ataunen izan zuen nagusiki –guztira 197 kable bota zituzten eta gaur egun oraindik aztarna ugari geratzen dira–. Beste leku batzuetan, harria edo itsasoko algak biltzeko ere jarri izan zen kablerik. Egur kablea, aldiz, Pirinioetan erabili zen gehien. Egurra garraiatzeak ingeniari lan handiagoa suposatzen zuen, baina horretan ere iaioa omen gure Eskisabel. Hain zuzen, berak bota zuen Ernioko mazeletan bost urtez aritu zen kablea.
Gerraosteko ogi zuria egiteko egur-ikatza Ernion
Ernioko malkarretan bildurik, Itzuregi izeneko parajean, baso zabalak zeuden, pagalizar eta pago mugarrotuz osatuak gehienean. Egurretarako bikainak. Baina Pirinioetan bezalaxe, esplotatzeko zaila zen maldazar hura. Gerraoste betean egur-ikatza ezinbestekoa zen ordea, hirian hain eskasa zen ogi zuria egiteko. Ez da harritzekoa beraz, Erniopeko basoak ustiatzeko formula bila hasi izana inguruko biztanleak.
Alkizako Pello Joxe Aranburu etnohistorialariak ikertu ditu Ernioko kableari buruzkoak, beraien aita baitzen ustiapenaren sozioetako bat. Bixente Eskisabel ordurako ezaguna zen kablelari gisa eta harengana jo zuten. 1945ean hasi ziren kablearekin lanean, bakoitzak 25.000 pezetako (100 libera) kapitala jarri eta gero.
4.000 metroko kablea Asteasuraino
Hiru urtetan, Illardegi izeneko basotik ia 4.500 tona egur atera zituzten ikatzetarako. Horretarako, 4.000 metro pasako kable zuzena jarri behar izan zuen Eskisabelek Konporta baserriraino. Pello Errota bertsolariaren jaiotetxea zen hura, eta bertan zegoen zerrategia –gaur egun desagerturik daude, zerrategia eta baserria bera–.
Egur kablearen funtzionamendua belarrerakoa baino konplikatuagoa zen: kable finkoak beste kable biratzaile baten laguntza behar zuen. Horrela, egur karga jaisten zen bitartean, basomutilentzako janaria eta materiala igotzen zuen kontrakargan. Erniokoak 28.000 kiloko zama jasan zezakeen guztira eta leku batzuetan ia 500 metroko altuera hartzen zuen kableak, baina normalean lurzorutik metro eskas batzuetara egoten zen “astoa” deituriko parapeto batzuen bidez eutsita.
Istripua Konportako zerrategian
Kablea montatzeak eta baso lanak langile asko mugitu zituen: kablelari, basomutil, itzain, zerratzaile... Guztira 40 bat lagun bai. Horietako bat, Jose Etxarri, istripuz hil zen Konportako zerrategian, pago-buruak dinamitaz lehertzen ari zela. Zendu berri den Asteasuko Jazinto Irazu trontza lanean ibili zen Konportan eta gogoan zuen heriotza hura. Basoan aldiz, Etxarri-Aranazko gazteak aritzen omen ziren, “zezena bezalakoak”, zioen Irazuk.
1948 urte bukaeran, kablea karreteetan jaso eta langileekin afari bat egin ostean, egur esplotazioarekin amaitu zuten. Hala ere, enpresa ez zen 1950 arte desegin. Ernioko kablearen arrastorik ez da geratzen gaur egun, pista eta todoterrenoen erreinaldian gauden honetan, aspaldiko kontua da hori.