argia.eus
INPRIMATU
Pop-rocka iraultzen saiatzeko inoiz ez da berandu
  • Desordutan ::Desordutan

    autoekoizpena

    iraupena ::26´12´´

    prezioa ::5€

Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2013ko maiatzaren 03a
'Desordutan'
Tolosako laukote honek zuzenean jo nahi du; disko hau grabatzearen arrazoia zuzenean aritzeko euskarria edukitzea da. Horretarako, Bonberenea gaztetxean sei kantu grabatu eta autoekoizpenaren bitartez kaleratu dituzte. Taldekideetako batzuk orkestra eta bandetatik datoz, baina oraingoan beste instrumentu batzuk probatu eta pop-rock izaerako taldea osatu dute. Egia da pop-rocka egiten dutela, baina abestiei trataera berezia ematen diete. Hain zuzen ere, kantuetako batzuei, haizezko instrumentuen laguntzarekin, bestelako bizitasuna gehitu diete; beste batzuetan gai dira Txuma Murugarren edo Juan Carlos Perezek sortuko lituzketen giro bareen antza duten kantuetatik Ama Sayren pareko ildo energikoetara salto egiteko.
«Pop-rockaren geltokian luzaroan egoteko asmoa dugu, eroso sentitzen baikara»

Abesti gehienetan eguraldia, natura... hizpide dituzue. Oso hippyak zarete?


Hitzetan naturarekiko erreferentziak sartu ohi ditugu, norberaren gogoeta eta uneko egoeraren metafora gisa. Sekula ez dugu planteatu hippyak garenik… baina baliteke hor nonbait, erdi ezkutuan, taldeak atera beharreko nortasun hippy hori izatea.

Zuetako batzuk orkestratan ibiliak zarete. Zer dela eta erabaki zenuten rocka edo pop-rocka egitea?


Ez gara oso etiketa zaleak, baina “pop-rock” deritzogun “tren geltokian” egin dugu topo taldekide guztiok, bakoitza bere bidetik etorrita. Eta momentuz, geltoki honetan luzaro egoteko asmoa dugu, eroso sentitzen baikara.

“Desordutan” jarri duzue taldea martxan? Zergatik orduen eta erlojuen gaineko fijazio berezi hori?


Badira aurre programarik gabe sortu beharreko proiektuak: datozen moduan eta unean gauzatu beharrekoak, eta horietako bat da “desordutan”. Desordutan etorri ohi direlako ideiarik onenak, bat-batean eta abisatu gabe.

Disko hau zuzenean jotzeko aurkezpen-txartela da?


Gure nahia zuzeneko emanaldiak egitea da, han eta hemen, horrek taldearen nortasuna eta esperientzia sendotuko duela uste dugulako. Beraz, kaleratu dugun diskoa aurkezpen-txarteltzat har dezakegu, zuzenekoen ateak irekiko dizkigulakoan.

Autoekoizpenaren aldeko hautua egin duzue. Zergatik?


Argi dago egungo panoramak ez dituela gauzak errazten euskal musika taldeek beraien tokia topatzeko. Autoekoizpena, Bonbereneako lagunei zor diegu neurri handi batean, bertan izan baikenuen diskoaren grabaketaren eta ondorengo lan guztien berri. Emaitzarekin gustura gauden arren, ezin dezakegu aipatu gabe utzi autoekoizpenak suposatzen duen inplikazio eta lan izugarria. Aberasgarria, nolanahi ere. Esperientzia ahaztezin honek argi erakutsi digu musika talde baten lana ez dela abestietara soilik mugatzen.