Laburbildu al zenezake zure lanaren mamia?
Erakuntza-Hezkuntza-Hizkuntza teoriak aztergai hartu ditut, Euskal Herriko ikastetxe sare osoan, herri-eskolak edo publikoak zein jabedun-eskolak edo pribatuak duten eragina ikertzeko. Eta horren ondorioz, sare osoaren berrantolaketa berri bat proposatu dut. Lana, funtsean 1994ko abenduaren 13an Euskal Herriko Unibertsitatean euskaraz egin eta aurkeztu nuen doktore-tesia da.
Orain argitaratzearen arrazoia?
Beno, ordutik hona, euskal hezkuntza formalaren inguruan asko egin da, baina hezkuntza-eragile mota guztien artean eraikitzen ari den errealitatean, oraindik ere, hutsune bat antzematen dut: euskal lurraldean jardun duten ikastetxeen izatea eta balioa eguneratzeko ikuspegi intelektual baten beharra. Hezkuntza adituen zeregina litzateke ikuspegi hau gauzatzea eta beste eragileei ezagutzera ematea. Haatik, adituen lan hau burutzeko Eskola-erakuntza zientziaren laguntza ezinbestekoa da.
Zer erakusten du zientzia horrek?
Eskola-erakuntza zientziak, ikastetxea ikertzeko beharrezkoak diren oinarri teorikoak eta praktikoak antolatzen erakusten digu, bere bidez garaian garaiko eta tokian tokiko egitura intelektuala altxatzen lagunduz. Zientzia honek, nire ikerketak dituen hiru zatietan, ikastetxeen printzipio, lege eta sinesmenen arteko harremanak eta lehentasunak nolakoak izan daitezkeen atzematen laguntzen digu, beharrezkoa dugun egitura intelektuala eraikitzen; eta behin hau lortuz gero, nahi dugun ikastetxearen dimentsioa nolakoa den jakitea lor dezakegu.