Hauteskunde guztiek dituzte ondorioak. Atal honetan, euskal errealitate sozioekonomikoarekin zerikusia duten hiru nabarmenduko ditugu.
- Euskal herritarrak, orokorrean, zigortu egiten du diru publikoarekin egindako kudeaketa okerra. Hego Euskal Herrian, EAJri gertatu zaiona, batik bat Gipuzkoan, oso nabaria izan da. EAJ nabarmen jaitsi da, Ogasunarekin erlazionatutako ustezko bi iruzurretan politikari jeltzaleak dira tartean eta boto-emaileetako batzuek ez diote barkatu.
- AHT edo Pasaiako kanpo portuaren alde egin duten alderdi politikoek boto gutxiago jaso dituzte aipatutako azpiegiturak egingo diren herrietan.
- Finantza-estrategia zenbaitzuetarako gehiengoak eta adostasun politikoak behar dira. EAEko Aurrezki Kutxen bat-egitea erabaki estrategikoa da. Orain arte ezinezkoa izan da, PPk Gasteizko Udala eta Foru Aldundia kontrolatzen baitzituen eta ez zuen onartzen Vital Kutxak BBK eta Kutxarekin bat egitea. PPk bat-egitea Arabako kutxaren absortziotzat jotzen du. Orain, bai PSEk bai EAJk eta gainerako alderdiek –bat-egitearen aldekoek–, bidea libre izango dute hiru kutxak elkartzeko. PPk, galtzaile denez, ezingo du saihestu. Ikusiko dugu ea gaur egin daitekeena, bihar beste arrazoi politiko batzuengatik, egin ezin dena bihurtzen den. Finantza eta ekonomia ikuspegitik guztiek uste dute bat-egitea errentagarriena dela.