Ines Urrutia
Beste hainbat herrirekin batera Erdi Aroko Sarean parte hartzen du Hondarribiak eta garai hartako kutsua ez duela galdu egiaztatu nahi izan dugu. Izan ere, Erdi Aroan hasi ziren herria gotorleku bihurtzen –Nafarroako erregeak lehenengo eta Gaztelakoak gero– eta orduan abiatutako harresi, baluarte, zubi eta hobiek zutik diraute. Alde zaharrerantz goazela, murruak kanpotik aztertu ditugu: kare-harriz eginak, sendo eta garai altxatzen dira gure aurrean. Pena bakarra, zaharberritzeko obrek iraun bitartean dezente itsusten dituztela. XVI. mendean eraikitako Erreginaren Baluarte ikusgarria inguratu eta Hondarribiko –“hondar-ibia”tik eratorria– sarrera nagusietakoa izan zenetik barneratu gara alde zaharrera, egun arku xumea den Santa Maria atetik hain zuzen.
Alde zaharrean barna
Ezkerrera egin eta harresiak barnealdetik inguratuz kasik lauki bat osatzen duen ibilbidea oinez egitea da aukeretako bat. Bidean zehar, Hondarribia berria, Jaizkibel eta Txingudiko badiaren paisaia ederrak begiztatu ahal izango ditugu, hormen altuerak ematen digun ikuspegi pribilegiatutik. Guk ordea, aurrera jarraitu dugu, antzinako karriken tankerako Kale Nagusian gora. Teilatu-hegal zabaleko etxeak, burdin landuzko balkoiak eta armarriak dira nagusi, Jasokunde eta Sagarrondoko Ama Birjinaren eliza erromanikoaren babespean. Muinoaren gaina Arma Plazak hartzen du eta bertan dago Karlos V.aren gaztelua, egun turismorako paradore bilakatua. Hortik aurrera, kalexka estuetan barna etxebizitza koloretsu eta plaza soilen artean murgiltzea da gomendiorik onena. Apezpiku, San Nikolas, Juan de Laborda edota Denda kaleek ezinbestean aspaldiko garaitara garamatzate, breazko errepiderik eta hirietako zaratarik ez zegoen garaitara. Lekuak igortzen duen patxada hori mantenduz, San Nikolas atera iritsi gara berehala. Atea XVI. mendean eraiki zuten eta kanpora irten ahal izateko zubia zuen. Egun, pasabidea berreraiki dute, berriz ere hasierara, Erreginaren Baluarte kanpoaldera garamatzana.
Ainaran kostaldea zeharkatuz
Hondarribiaren gotorleku izaera ez da harritzekoa. Mugaren ondoan eta itsasertzean egonik, bere kokapen estrategikoa garrantzitsua izan da betidanik. Izaera horren erruz, askotan setiatua egon da herria, batez ere Espainia eta Frantziaren arteko gudetan, eta XX. mendean zehar, kontrabandorako leku egoki bihurtu zen, gerran nahiz gerra ostean. Kontrabandisten bidea ez dugu egin, baina gizakiak eraikitako harresiak utzi eta harresi edo muga naturalak zeharkatzeari ekin diogu bidaiaren bigarren zatian. Horretarako, Ainara izan dugu lagun, txalupa txuri-urdina, eta Pedro lemazain, txaluparen jabea eta Irungo bizilaguna.
Duela urte batzuk polemika gogorren artean eraikitako kirol kaian egin dugu hitzordua, hondartzatik gertu. Txalupa hor amarratua izateagatik dirutza ordaindu behar duela esan digu Pedrok, baina lana uzterakoan egunero barkua hartu eta arrantzara ateratzea du amets, eta txalupa nonbait utzi behar. Motorra piztu eta pixkanaka atera gara, tor-tor-tor-tor. Eguraldi iragarpenen arabera metro bateko olatuak espero ziren, baina itsasoa bare dagoela dirudi. “Itxaron, ikusiko duzue pixka bat gehiago barneratzen garenean…”, ohartarazi digu Pedrok. Berak gomazko bota berde handiak daramatza, eroriz gero kentzeko errazagoak direla baitio. Ikusten denez, ez gatoz behar bezala jantzita, baina ez dugu itsasora erortzeko asmorik…
Hondartza pasa eta kaiberri deiturikoa –antzinako kai zaharra ordezkatu zuena– inguratu dugu. Beste aldean berriz, Hendaiako kai-muturra eta hondartza primeran ikus daitezke eta lainotuta dagoen arren, Lapurdiko kostaldearen zati handi bat erraz begiztatu daiteke. Garai nahasietan, ausartenek Hondarribia eta Hendaia banatzen dituen tartea igerian egiten zuten, gauez, muga igarotzeko. Portuaren ondoan San Telmo gaztelua ikusi dugu, XVI. mendean Bidasoako sarrera itsaslapurrengandik babesteko eraikia. Horregatik, piraten gaztelua izenarekin ezagunagoa da herrian. Esku pribatuetan badago ere, administrazio publikoak bereganatu nahi duela kontatu digu Pedrok. Higerreko lurmuturrean, itsasargiak hartzen du protagonismoa eta beste itxura bat du uretatik. Gauez imajinatu dugu, lurreratu nahi duten nabigatzaileei foku indartsuekin ingurua argiztatuz.
Urpekariak eta olatu franko
Tor-tor-tor-tor, lehenengo kalaraino iritsi gara: Asturiaga. Ez gara gehiegi gerturatu, arroka ugari dagoelako eta hainbat lagun urpekaritza egiten ikusi ditugulako. Inguru arrokatsua da, aproposa itsas animaliak ikusteko, eta marea behera dagoenean, karramarro, ameba, itsas zaldi eta halakoak agerian geratu ohi dira. Pedrok argitu digunez, txitxarroak harrapatzeko leku ona da inguru guztia, “baita lupiaren bat, zortea izanez gero…”.
Behin lurmuturra inguratuta, babesik gabe geratu gara itsas zabalean eta orain bai, eguraldi iragarpenek aipaturiko olatuak nabariagoak dira. Itsasoa harrotu xamar dago eta Ainararen mugimenduak bortitzagoak dira, baina ez dugu beldurrik, Pedrok dena kontrolpean duela nabarmena baita. “Garrantzitsua da bistan barku gehiago izatea –dio–, 112ra abisua eman beharko balitz horiek gerturatuko liratekeelako. Gainera, hemen kostaldean telefono mugikorrek oraindik estaldura dute”. Gure barkuak hiru neurgailu dauzka: bateria markatzen duena, olioaren presioaz informatzen gaituena eta ur-hozkuntzaren tenperatura adierazten duena; horiekin nahikoa dela azaldu digu patroiak. Badaezpada salbamendu-jakak dituela ere ikusi dugu.
Aurrera jarraitu dugu: Amuaitz irlatxoak irmo eusten die olatuen erasoei eta atzean, Jaizkibel mendian, ur-araztegia nabarmentzen da. Gainerako bidea ederra da, baina antzekoa: Hondarribian hasi eta Pasaiaraino doan Jaizkibel mendi malkartsuan hain ohiko den are hori-marroixka, zelai berdeak eta ur aparraren eztandak jasaten dituen silueta arrokatsua. Bertako kalak leku zoragarriak dira udako bero sargoriari aurre egiteko paraje lasaien bila dabiltzanentzat. Batzuetara oinez ere iritsi daiteke, Jaizkibel gibelean dauden bide zidorrak jarraituz gero. Baxuko badia, Artzuko Portu edota Biosnar inguruko kala, esaterako, bereziki atseginak dira patxadaz Bizkaiko Golkoaren handitasunaz gozatzeko. Halaber, Bidasoako surflarien esanetan, oso olatu berezia sortu ohi da inguru honetan.
Tor-tor-tor-tor, itzultzeko garaia iritsi da eta bide berari ekin diogu, alde batean Jaizkibel begira dugula, eta bestean ur masa gardena horizonteraino. Olatuek aise altxatzen dute Ainara eta zirrara pixka bat eragiten digu, baina olatu horiek ez omen dira arriskutsuak, ez direlako gu gauden lekuan lehertzen. Pedrok kontatu digunez, uhinek gehiegi ez altxatzeko denbora guztian txalupa olatuarekiko 45 gradutara kokatzea komeni da, ez aurrez edo alboz. “Eta ekaitza dagoenean, soka bati lotuta baldea bota ohi da itsasora, ontzia hainbeste ez mugitzeko”.
Ontziak portuan, ezin arrantzatu
Bueltan, kaiberrin sartu gara eta arrantzaleen itsasontzi koloretsuak ikusi ditugu. Olaziregi Ontziola da Hondarribian barkuak egiten dituena, baina Bilbo eta Santanderren egindako batzuk ere daude bertan amarratuta. Pittar, Aita Ramon, Gure Ama Martina, Kukuarri… Txiki ikusten dugu gure burua halako ontzitzarren artean. “Popa zapala duten itsasontziak praktikoagoak dira, sarea errazago jasotzea ahalbidetzen baitiete arrantzaleei, baina ipurdi borobildua dutenek baino erregai gehiago kontsumitzen dute”, azaldu digu gure patroiak. Egurrezko barku bat ere ikusi dugu, “azkenetarikoa –Pedroren hitzetan–. Orain gehienak burdinazkoak dira”. Gurea poliesterrezkoa da, kostaldean ibiltzeko aproposa, ez baita oxidatzen, baina itsaso zabalerako arinegia litzateke. Ainarak 600 kilo pisatzen dituela jakinda, auskalo zenbat tonakoak diren inguruko barku erraldoiak. Deskantsuan daude gaur, antxoa harrapatzera ezin atera eta laster hasiko den atun kanpainari ekiteko prest.
Arrantza-ontziak atzean utzi eta ontzi pijoagoekin elkartu da Ainara kirol-kaian. Katamaranak, kirol-ontziak, aisialdirako kapritxoak… eta txalupa ugari. Gu oso duin igaro gara denen artean, tor-tor-tor-tor-a gelditu eta dagokion lekuan amarratu du Pedrok. Beharrezkoak diren korapiloak egiten ere berari utzi diogu eta agurtu aurretik itsaso bareagoarekin berriz eramango gaituela agindu digu. Pozik hartu dugu gonbidapena, noski, Gipuzkoako herri harresituaren paisaiez gozatzea beti baita aukera ona.