argia.eus
INPRIMATU
Bizkaiko aldaketa
  • Pena da Espainian eta Euskal Herrian pertzepzioa oso desberdina izatea. PSE-EE eta, batez ere, ezker abertzalea saritu dituzte hauteskundeotan, eta sumatu dute etxean nork jarri duen ilusio gutxien prozesuan. Oso ondo asmatu dute irakurtzen herritarrek horren emaitza kaskarrak eman dituen prozesua. 2008ko martxora bitartean hobeto eta bizkorrago egin beharko dute, Zapaterok Espainian zerbait saldu gura badu.

    Estrasburgon ei dago itxaropena –eta alderdien legea atzera botaz gero, berriz hauteskundeak?–: Espainian erraz sal dezake ezker abertzalea legeztatu beharra dagoela, berak nahi ez arren, Europa dixit. Aznarren legea da, gainera. Hamar hilabete urrats sendoak emateko, zalantzan ibili barik. Zertan dabilen ondo dakien presidentea ikusi behar dute espainiarrek, gerrara eraman zituztenen aldean bakea dakarkiena.
Urtzi Urrutikoetxea @urtziurruti 2013ko maiatzaren 03a
Urtzi Urrutikoetxea
Iñigo Azkona
Argi geratu da gizartearen zati handi batek bat egiten duela ezker abertzalearen analisiekin, jardunarekin beti ados egon gabe ere. Barajasko atentatuarekin urte eta erdiko ekimen guztiak estali gura izan dituztenen aldean, saritu dituzte ezker abertzalearen ahalegin politikoak eta jasandako errepresioa, Otegiren espetxeratzetik zerrendak legez kanpo uzteraino. Errepresioari zelan erantzun ere pista batzuk ematen dituzte emaitzek.

Zenbakiei begira, aldaketa gutxien Bizkaian sumatu dute askok. Eta hemen egon da, nik uste, astindurik handiena. Ekialdean salbu, noski, baina premisa bestelakoa zen: UPN bota behar zen. Udalerrietan Nafarroako Parlamentuan baino askoz boto gehiago dauzka ezker abertzaleak.

Bizkaian, jeltzaleek nahieran jardun duten herrietan batez ere, kolokan jarri da erabateko nagusitasun hori. Bilbo salbatu dute: Iñaki Azkunaren populismo eskuindarrak boto ez abertzale asko ditu, 2008an ziurrenik alderdi espainolistak bozkatuko dituztenak.
Bizkaiko hamabost udalerri ingurutan da ezker abertzalea nagusi, eta beste pare baten ere erraz dute EAJ kentzen, zuzendaritzen arteko distantziak laburtu eta Aralarrekin bat eginik.

Poztu nau, behingoagatik, Berrian horren zorrotz jarduten duen Fredi Paiaren iragarpenak kale egin izanak: Prestigeren ostean Galizian PPri legez, askok geneukan susmoa EAJri triskantzak merke irtengo ote zitzaizkion. Bada, eskualderik jeltzaleenetakoan, Durangaldean lurrikara izan da: Elorrio, Abadiño, Garai, Izurtza eta Atxondo galdu ditu, eta eutsi dieten herrietan ere beherakada nabarmena izan dute. Kasualitatea ote Abiadura Handiko Trena Anboto eta Udalatx artetik pasatzea?