argia.eus
INPRIMATU
Abilanbordakoak
  • A rrazoi dute ttakun-kidetzat dauzkadan bi potikoek: funtsean zergatik balio du ezkerraren eta eskuinaren artean ezberdintasunak bilatuz aharratzeak, ezkerreko mamu likitsaren itzalak, norbera noiznahi eskuineko egiten baldin badu? Ez digute besterik errepikatzen partiden gainetik dauden aldizkari hanpurosek, eta euskaldunek beraiek, ez baitira ezkerreko, are gutxiago eskuineko, arras alderantzizko baino. Egia erran, azken asteotan, Abilanbordako sofistak estimatzen ikasten hasi naiz, hainbat urtez debaldetan dogmatikoa eta eskuinarekiko trufaria agertu naizelarik. Kasko-gorrien bidetik jarraitzen baldin badut, Arturo Ripsteinen filmako koronela ohiaren gisa, gosez eta errespetu eskasez hilen naiz eta ontsa merezitua ukanen dut, alabaina!
Itxaro Borda 2013ko maiatzaren 03a
Itxaro Borda
Gaizka Iroz
Metaforak gustatzen zaizkit, hemen bertan jadanik erran dukedanez, metaforak, parabolak eta hautsirik diren anforak, latinezko perpausak ulertezin zaizkidalarik, emazteki soila izanez ez bainuen apez eskoletan ibiltzeko suerterik eduki. Neskame bilakatzeko hezi ninduten eta hara funtzionario naizela, nolabaiteko sehi nerrake, ahalkea niretzat gordez. Lehengusurik ez daukat Abilanbordan eta Ahalburukoa baizik ez naiz, izpiritua alha dabilkidan arren. Baiki, bide guztiek Erromara eroaten gaituzte, nonbait ezker edo eskuin harturik ere. Mundua zuzen dabil funtsean, zertako kezkatu lagunok!, Raffarin behialako frantses lehen ministroak zioenez “ezkerra erabat ezabatu ondoan, zinezko paradisua” baitateke. Heltzen ari gara paradisura, eta batzuentzat infernua baldin bada bost axola, alferrak, zikinak, herrestak, arrotzak, eriak, zaharrak, emakumeak eta haurrak direlakoan izango baita. Ez mundua oker dabilelako; begira nik halaber irun dezaket eskuineko pentsamendu aurrerakoi eta rupturistaren oihala...

Euskaldunak ez du nehoiz erdibideaz besterik xerkatu. Eta aurkitu. Hondar gerla denborako gure intelektualen jokamoldeaz oroitzea aski da: bi txori harri batez eho zituzten, irabazi edo gal, euskalduna burua gora ateratzeko xedeetan zelako edonola. Demagun, juduak eta kanpotar mehatxatuak mugatik iraganarazten zituzten, ez urririk ordea, eta aldi berdinean, Vichyko Gobernuaren gomendioak astekarietan zabaldu bezain laster, astean behin komandantzian “bazkaltzen” zuten. Menturaz, Abilanbordakoen azkaziak ziren ordukoak. Oro har, euskaldun pruntak baldin bagara ez dugu hautatu behar, hautatzeak engainua eta etsipena dakartzalako. Hautatzeak, bazterrak inarros ditzakeen aburuaren plazaratzera kondenatzen gaitu, maitatuak ez izatera ondorioz.

Euskaldunen politikaren ildoetan bizihaztekoak gara: independentzia, aberria, guduka armatua, lurraldetasuna –otoi hitz hauek ez harilka ezkerreko aditz laguntzaileagaz (ibar ezker mila Bizkaia!)–. Ele hauen fantasma eta higimen indarraren hegaletan neurtzen dira sentimenduak, baloreak, jujamenduak eta itxura egiteko baimenak. Maiatz aldizkariaren 25. urteburua ospatzen ari ginela Baionan, Suhartegiko etxekandere gaztea altxatu zen haserrez: “aski solas eder, aski poesia leun, borrokara behar dugu, behar gara, behar duzue”, poesia, orozbat literatura Iparraldean oraindik gorri edo arrosa nagi horien kultura usantza nazkagarrietarik balitz bezala. Idazleek kopetak apaldu zituzten, bekatuan harrapatu ume mukizuak bailiran. Turbo-euli baten burrunba salbu, isiltasuna...
Alabaina isiltasunera heltzekoak gara, hori dugu helburua istriborren. Ezabatzen da marmara, ukatzen zauria. Abilanbordakoak aberastu dira, Suhartegikoek piszina zulatu dute, Ahalburukoak hainbeste loriaren aitzinean mutu geratu direlarik.