Zorionak hauteskundeetan zinegotzi atera direnei. Eta zorionak, ez igandean zinegotzi izateko lain boto eskuratzeagatik, hainbat hilabete lehenago zerrendetan agertzeko erakutsi zuten ausardiagatik baino. Ausardia, konpromisoa, eskuzabaltasuna edota animo handia behar baita gure herririk gehienetan hutsaren truke zinegotzitan aritzeko.
Zinegotzi-lana da, behar bada, kargu politikoetarik zailena, eskergena eta gozakaitzena. Politikoa izatea ez da segurutik egungo gazteek gehien amesten duten lanpostua baina, txarrenean ere, politikagintzan, beste edozein esparrutan bezala, mailak daude eta arratsaldeko zazpiak arte tailerrean, dendan edo bulegoan jardun ostean udaletxera joan beharra ez da, ez, aukerarik erosoena.
Zinegotzi-postua da batere zalantzarik gabe hiritar-eskolarik onena. Hiritar guztiek izan beharko lukete, gutxienik lau urtez, euren udaleko zinegotzi. Administrazio Publikoa zebra-pasagunea bezalaxe da. Beti autoan dabilenak ahaztu egin dezake oinezkoaren ikuspegia, baina sekula autorik hartu ez duenak ez du zebra-pasagunearen funtzio bikoitza ezagutuko.
Hitz egiteko ezagutu egin behar da. Eta ikuspegi biak ezagutzea komeni, gainera.