Deabruak merezi al du abokaturik?
Bai. Beste gauza bat da defendatzeko gai izan eta prest egotea.
Ibarretxe defendatzeko prest?
Defentsa amankomuna daramagu. Otegi, Etxeberria, Barrena eta Danobeitiarentzat planteatzen duguna da Ibarretxerentzat planteatzen dena.
Zer planteatzen zaio lehenengoz ikusten den atxilotuari?
Gurekin dagoela adierazten saiatzen gara baina ez dugu beti lortzen. Hori da torturaren helburua. Askok ez dakite ez zer esaten duten ez non dauden.
Politikari askok bezala, beraz.
Horregatik daude hain desbalorizatuak gizartean. Egia da jendeari galdetuz gero zer esan duzun ez dakiela, baina jakaren kolorea ziur baietz!
Zure jaka zuri-gorria izango da, Athleticeko bazkide konpromisarioa izateko...
Arlo guztietan gure asmoak planteatzen baditugu Athleticen zergatik ez?
Athletic EAJrena delako!
Athletic jendearena da. Horregatik da oso inportantea ezker abertzalekoak ere hor egotea.
Baina hori El Correon aldarrikatzea ere...
Kalean, artikulu horri buruz galdetzen dit jendeak, ez autodeterminazioari buruz.
Jendearen arazo nagusia autodeterminazioa dela uste duzu, ala?
Beti pentsatzen dugu Euskal Herriko gatazka konpontzen denean beste guztia konponduko dela baina jendearen eguneroko arazoez ez gara behar beste okupatzen.
Batzuk ongi okupatuta daude ba, trenak, autobideak eta etxeak eraikitzen.
Horregatik ez dute ezer aldatzerik nahi. Sekulako negozioa daukate instituzioetan.
Negozioa egiteko egon nahi duzue instituzioetan?
Azkunak ezker abertzalerik gabe oso ondo dagoela dio. Zergatik dela uste duzu?
Zuen autonomia proposamena iritsi ez zaiolako, akaso?
Gure azken helburua independentzia da. Hori lortzeko oso bide desberdinak daude. Batzuk jende batentzako ezinezkoak direnak, eta beste zenbait legezkotasuna aprobetxatuz lortu daitezkeenak. Baina guk ez dugu ezer rebajatzen.
Beti galtzaileen bandoan, ordea.
Porrotetik porrotera azken garaipenera arte! Galtzaileen bandoan egon arren beti pentsatzen dugu irabaziko dugula.
Baita 18/98 makro-auzian ere?
Epaiketa juridikoki irabazita dago baina kondenak egongo direla uste dut. Batzuek espero dutena baino gehiago gainera.
Enfin... Zer egingo genuke larunbateroko manifestaziorik gabe?
Ez dakit, baina hau konpontzen denean ni telefonista izango naiz. Telefonista soila.