argia.eus
INPRIMATU
Osasuna
Elebitasunak arreta hobetzen du
  • Zaila da aldi berean hizketan ari diren pertsonaz betetako bulego batean kontzentratzea. Elebidunentzat, hala ere, errazagoa da. Bi hizkuntza hitz egiten dituztenek erraztasun handiagoa dute beren arreta fokalizatu eta ez distraitzeko. Bartzelonako Unibertsitateko Neurozientzietako Ikerketa Taldeak frogatu du hori 100 gazte elebakar eta beste 100 elebidunek parte hartu duten azterketa batekin. Gazteen arreta gaitasuna neurtzeko hainbat froga egin dituzte.
Jabier Agirre 2013ko maiatzaren 03a
Premiak eraginda elebidunek etengabe kontrolatu behar dituzte beren bi hizkuntzak, elkarrekin ez nahasteko eta batek besteari interferentziarik ez eragiteko. Horregatik, mintzairaren zentroak erabiltzeaz gain, aldi berean, arreta gaitasunarekin lotuak dauden garuneko zirkuituak ere erabiltzen dituzte. Horrek entrenamendu gehiago esan nahi du, eta elebakarrak baino bizkorrago izatea kontrol gehiago eskatzen duten eginkizunetan.

Gatazken aurrean elebidunak bizkorrago erabakitzen du eta horri esker oker gutxiago egiten du. Gainera adimen gainesfortzu horrek badu bere saria zahartzaroan ere, elebidunek gehiago tardatzen dute alzheimerra bezalako gaitz neurodegeneratiboak garatzen.

Badira desabantaila txiki batzuk ere. Milisegundoen kontua baldin bada ere, elebidunak motelxeagoak omen dira hizketan, seguruenik beren garunean bi datu-base batera erabili behar dituztelako. Eta aldian behin trabatuta bezala geratzen dira, batez ere gutxi erabiltzen diren hitzekin edo hizkuntza batetik bestera oso diferenteak direnekin.