Herrialde industrializatuek erantzukizuna eta politika eraginkorrak abian jartzeko ardura dugu. Hori zen Rio de Janeiroko gailurrean (1992) adostu zena, baina Amerikako Estatu Batuen jarrera harroputzagatik, akordio horren aurka izaki, dirudienez, gainerako 34 herrialde industrialek ez dugu erantzukizun sendorik hartu. Are txarrago, ahots ugarien irizpidea dugu. Izan ere, klima aldaketari erreparatzen diogun bitartean negozio ederra egiten saiatzen ari gara. Batzuk zentral nuklearrekin eta besteok isurketa baimenen trukaketan eta salmentan.
Espainiako gobernuek ez dute oso serio hartu asuntoa, egia da. Espainiako Estatuak Europako azken postua du CO2ko murrizketen lasterketan, baina Frantziako Estatuak ere, 52 zentral nuklearrekin, ez du zenbaki askoz hobeagorik ematen. Beraz, engainagarria da oso James Lovelock-en irtenbide erradioaktiboa.
Mendebaldean herrialde industrializatuen emisioak jaitsi beharra dugu pertsona bakoitzeko, ez du inongo zentzurik Txina edo Indiari kulpa botatzea. Asko dira eta gure moduan bizi nahi dute. Asiako herrialde nagusia gure fabrika bihurtu berri dugu, gauza oro ekartzen dugu handik: arropak, ordenagailuak zein jostailuak, esparragoak nahiz CDak. Eta gero esaten diegu CO2 gutxiago isuri behar dutela!
Aldaketak alor energetikoan, garraioan eta industrian eman behar dira. Duela 20 urte esaten genuen bezala, arma nuklearren desagerpenean herrialde eta gizarte bakoitzak hasi behar du bidea, nork bere gobernuari politika berriak eskatuz. Ez du zentzurik estatubatuarren konbertsioa ikusi arte ezer ez egitea.
Mugikortasun gutxiago eta hobeagoa. Energia kontsumo gutxiago eta hobeto ekoiztua. Bideak hain nabarmenak izanda, politikari eta teknikari askok honela esaten digute: “Horrek ez du balio, horrek ekonomiaren hazkundea kolokan ipiniko du”. Jendeak, berriz, gero eta gehiago eskatzen du: bizitza kalitatea ala bizitza maila, ordea? Ekonomiaren hazkundea dugu arazo nagusia, ez klima aldaketa.