AIOL
Aguretan, bakarzale bihurtu zen: etxean itxi zuen bere burua.
Karkaxak loditu, eta listu zikinekin zurbildu zitzaion aurpegi ederra izana.
* * *
Nafarroatik jaso dut galdera. Zerk egiten gaituen eskuineko, hala egin dit Errok akuiluarekin. Gizon gordina zahartu zuen jaioberria etorri zait burura.
Ezerk egitekotan, ezker besomotz batek egiten gaitu eskuineko.
Ez dut zalantzarik.
Maximalismora moldatutako ezkerrak egiten gaitu eskuineko. Hitzik eta handienak ahoratuta, urratsik eta txikiena egiteko gaitasunik ez duen karramarro horrek eragiten du gorakoa.
Ezgaitasun handi xamarra dario.
Autokritikari aterik eta leihorik irekitzen ez dion ustezko ezkerrak egiten gaitu eskuineko. Mundua dago oker, hori besterik ahoratzen ez duen lastozko ezker horrek egiten digu zangalatraba.
Egokitu ezinaren eri nabarmena du.
Txapela beltz nahiz pamela zuriz, aratusteetatik kanpo baizik mozorrotzen ez den ezkerrak egiten gaitu eskuineko.
Hau erabaki da bezalako lelo hutsalekin eusten diona monolitismoari, edukietan eta formatan.
Rigor mortis.
* * *
Zein ezkerreko? Zein eskuineko?
Baina badakit, jakin, zein balizko ezkerrek urdin diezadakeen odola. Iparrizarrari so, bularreko istriborrera herrestan daramana inoren bihotza.
Ustezko ezker hitsaren pentsamendu bakarrak xaxatzen du nire duda: ezin inorekin ezer adostu. Aut vincere, aut mori (irabazi ala hil).
Odol garbiko lasterketa-zaldiaren haziak ez du moxalik ernalduko, baldin eta behorrik kausitzen ez badu belardietan…
“Bada bidezidor bat, sahatsen eta piku-masustondoen artean doana; bainu bat hartzearren, urmael sakonera hurbiltzen diren errantxoetako umeen joan-etorriek eta, gauez errepidetik uraren abarora hurbiltzen diren arrotz alderrai nekatuen oinek gogortu duten lur-buztinezkoa. Hainbat suren hondar, errauts piloa zutitzen da basa-piku erraldoiaren adar etzanaren aurrean; bertan eseri diren gizonek leundurik dago enbortzarraren azala”.
John Steinbeck idazlearen hitzak dira (Arratoiez eta gizonez). Hogeita hamazazpikoak, azken gerra bezala.
Hitz-asperturako enborra falta denean, orduan egiten du balizko ezkerrak inor eskuineko.
Urmaela bera, zingira bihurtu baita.
Padura lehortuan, nork egin dezake boga ababorrera?