Urritzate, ezkutuko harana

  • Irubelakaskoa, Gorramendi eta Iparla mendiek, haran ezezagun bat inguratzen dute Nafarroa garaia eta behearen mugan: Urritzateko harana. Urritzateko haran ezkutua inguratzea, Euskal Herrian egin daitekeen ibilaldi ederrenetakoa da. Irubelakaskoaren –Irubelakaskoa da Iparraldekoen artean hedatuen dagoen izena, Alkaxuri deitzen diote, berriz, baztandarrek– berezko edertasuna, Iparlako gailurreriaren giro basati eta aereoa gehitu aurrez esandakoari, txangoa aparta da.
Urritzate
Bidarrai herri behenafarra hartu dugu abiapuntu; txangoari kilometroren bat kentzeko aukera dago, Sumuseko benta zaharretik gertu dagoen Basasagar etxalderaino autoz hurbilduz gero. Bidarrai inguruko mendi magaletan barreiaturik dauden baserritara daramaten pistetan zuzena aukeratzea ez da lan erraza. Pistetako bat besteak baino zabalxeagoa da, eta horixe da, prezeski, hautatu beharrekoa Irubelakaskoa oinera heltzeko. Bastan ibaia –eta ez Baztan– Infernuko zubi ezagunetik zeharkatu eta aurrera egingo dugu, beraz, Basasagarreraino. Itxuraz mendiaren erraietara garamatzan kaminoaren amaieran zer eta, aparkalekutxoa! aurkituko dugu halakorik… Bidean kontuz gidatu, estu samarra eta bihurgune itxi ugarikoa baita. Inguruko baserri batzuetara ez omen da oraindik argindarrik iritsi.

Ibilaldiaren abiapuntutik gertu, bidegurutze batekin egingo dugu topo: GR-10 zeharkaldiaren margo ikur zuri-gorriek eskuinerantz hartzen dute, Ainhoarantz; guk, berriz, ezkerreko bidetik egingo dugu.

Basasagar etxaldera autoz edo oinez inguratu ostean, benetako txangoari ekingo diogu. Aparkalekua baino beheraxeago hautemango dugun Sumuseko bentatik gertu, Urritzate eta Aritzakun errekastoek bat egiten dute, hemendik aurrera Bastan izena hartuko duen erreka nagusixeagoa elikatuz. Bidarrai herrian bertan hilko da, ordea, Bastan, Donibane Garazitik datorren Errobiko uretan. Irubelakaskoa mendia, izatez, Urritzate eta Aritzakun bailarak banatzen dituen erpina da. Piramide perfektua.

Ikusgarria da Sumuseko bentatik behatuz Irubelakaskoak eskaintzen duen aurpegia. Inguruko mendi guztiak gailur borobilduak diren bitartean, Irubelakaskoak ertz zorrotzak ditu, hegoaldekoan ez beste isurialde guztietan. Orain gutxira arte jende gutxik bisitatzen zuen mendi hau. Sumuseko bentara autoz inguratzeko aukera dagoenetik, gauzak dezente aldatu dira. Parajearen berezko edertasunak, baina, bere horretan dirau.

Ez da zaila Irubelakaskoako gailurrera eramango gaituen bidexka nondik abiatzen den hautematea: piramidearen oinetik bertatik. Ahalegin handi samarra eskatuko digu altuera irabazteak, baina, era berean, Urritzate eta Aritzakun haranen gaineko panorama ikusgarriaz gozatu ahal izango dugu gorantz egin ahala. Baita Itsusiko harrien eta jarraian bisitatuko dugun Iparlako gailurreriaren gainekoa ere. Etenik gabeko igoera, baina ederren artean ederrena. Ezkietako lepoan (575 m) atseden hartuko dugu, igoeraren lehen zatia osatu ostean.

Bidexka baso txiki batean barneratuko da, eta margo ikur zein zedarriak jarraituz egingo dugu gora. Azken malda zorrotzera heldu aurretik –kontuz igo beharrekoa–, eskuinerantz jo eta basoaren amaiera iragarriko duen lepoxka bat gainditu beharko dugu –igarobide garrantzitsua, margo ikurrak eta kairnak–. Hortzak estutu eta azken metroak osatzea baino ez da falta. Irubelakaskoa edo Alkaxuri (957 m). Ia konturatu ere egin gabe, 750 metroko desnibela gainditu dugu igoera gogorra burutuz. Ikuspegia, amestua: Iparla-Buztanzelai gailurreria, Gorramendi-Gorramakil mendi multzoa, Alkurruntz, Itsusiko harriak, Iguzkimendi, Artzamendi, Baigura…

Gorramendi-Gorramakil mendi multzoa

Ibilbideari berrekingo diogu, kontu handiz gandor zorabiagarriari jarraiki, Gorostiko lepo berdera heldu arte. Bardako kaskoa ezkerraldetik saihestu eta, xenda nabaririk gabe, bidean gora egingo dugu, Gorramakileko gailurraren bila. Perspektiba berria, ordea, ez da espero bezain atsegina, eraikuntza militar baten hondakinek eta Otsondoko mendatetik datorren errepide zahar baten arrastoak zeharo itsusten baitute berez ederra behar lukeen eremua. Gailurra bera (1.082 m) ere hondakinen artean dago. Ia geratu gabe egingo dugu aurrera, eremu desolatuak gure barrenean sorrarazi duen zirrara ahaztu nahian.

Gailurreriari jarraituz, Otanarte (1.065 m) eta Gorramendi (1.070 m) bisitatuko ditugu segidan; puntan antena bana izanagatik Baztan behatzeko talaia bikainak biak. Beherako bidea hartuko dugu, Aizpitzako muino antenadunean jarririk begia. Aizpitzako muinoa ezkerraldetik saihestu eta Otsondo mendatetik datorren errepidearekin egingo dugu topo, ibilaldiko puntu garrantzitsu batera helduz. Baztan haranera jaisten diren bide nagusi guztiak baztertu eta, Iparlako mendi multzora zuzenduko baikara ahalik eta gutxiena jeitsiz.

Iparlako gailurreria

Astate eta Buztanzelai dira Iparlako gailurreriaren hegoaldeko muga, Erratzu eta Baigorri batzen dituen Izpegi mendatetik gertu. Inzpideko eta Meakako lepoak eskuinetik saihesten ditu bide nagusiak, baina Meakako lepoa igaro ondoren, Otsameakako muinora igoko gaitu bide nagusiak. Lizarlepora jaitsi eta, atsedenik hartu gabe, Iparlako gailurreriara goitzeko metroak irabazten hasiko gara poliki-poliki.

Bada, hala ere, igoerarik gabe zuzenean Iparlako gailurreriako Arrieta lepora iristeko aukera; bidexka nabarmen batek ezkerrera jotzen du Astate eta Buztanzelai saihestuz mendi hegala zeharka igaroz. Kilometro aldetik ez dugu gehiegi irabaziko, baina bi gailur horiek ez igotzeak nekea arintzen du. Oso larri ez bagoaz merezi du giharrak pixka bat estutu eta Buztanzelai gailurrera (1.026 m) igotzeak. Bertatik, Izpegiko mendatea ikusteaz gain, Baigorriko haranaren gaineko eguneko lehen ikuspegiaz gozatuko dugu. Jarraian zeharkatuko dugun Iparlako gailurreriaren perspektiba paregabeak asebeteko gaitu gainera.

Buztanzelairako igoeraren azken aldera margo ikur zuri -gorriekin topo egingo dugu; Pirinioak alderik alde zeharkatzen dituen GR-10 ibilbidearen margo ikurrak dira, iparraldeko isurialdetik doan bidearenak, alegia –GR-11a da bi itsasoak hegoaldeko isurialdetik lotzen dituena–. Baigorri eta Bidarrai lotzen dituen GR-10 ibilbideko etapako zati handi bat osatuko dugu jarraian margo ikur zuri-gorriak Iparlako gailurreriatik bertatik igarotzen dira eta.

Buztanzelaitik jaitsiera labur baten ostean, Astateko kaskoa (1.021 m) igoko dugu. Eta hemendik, kontu handiz, Arrietako leporako berriz beheiti, eguraldi hezea eta euritsua dagoenean arriskutsu samarra gerta daitekeen eremu harritsua igaroz. Iparlako gailurrerian, eguraldia edonolakoa izanik ere, kontu handiz ibiltzea komeni da, labarra handia baita Baigorriko haranerantz.

Iparlako gailurra eta itzulera

Arrietako lepoan –811 m, zutoin adierazlea– bat egingo dute Buztanzelaitik datorren GR-10 ibilbideak eta Lizarlepotik zeharka datorren bidexkak. Iparlako gailur nagusia baino lehen gailurreriak ezarririko beste oztopo bat gaindituko dugu, Tutulia muinoa. Metroak irabazi ahala, Iparlako gailurraren gertutasuna nabarituko dugu. Ez da asko falta. Arnasa hartu, Baigorriko haranari bistadizoa, eta, malda leunagotik, azken metroak osatuko ditugu Iparlara (1.044 m) helduz.

Lainoak gailurra estaltzen ez duenean ikuspegi paregabea da. Lainoa bada, ordea, ikuspegi ederrik ez, eta Basasagar etxaldera itzultzeko bidea aurkitzeko zailtasunak gainera. Hasieran, GR-10 ibilbideko margo ikur zuri-gorriak jarraituko ditugu, baina, Buruzuneko bordatik gertu, Bidarrai herrira bertara jaisten den GR-a utzi eta ezkerrerantz –ipar mendebalderantz– okertu beharko dugu ezinbestean. Bidea ez da hain nabarmena hasierako metroetan, harik eta Latxoko lepora heldu arte. Nolabaiteko ezinegona sorraraziko digu, beraz, GR-10-aren margo ikur zuri-gorriak uzteak. Behera egin ahala, Latxoko lepotik gertu bide nabarmen bilakatzen diren xenda baten trazak aurkituko ditugu.

Abiadura handiz metroak galtzen ditugun bitartean, ibilaldiaren amaierara heltzen ari garela konturatuko gara. Ibilbide zirkular paregabe honen azken metroak osatzen goazen neurrian, Irubelakaskoak berriro erakutsiko digu bere aurpegirik ederrena.

Azkenak
2024-12-27 | Julene Flamarique
EuskarAbentura 2025: izena emateko epea zabalik martxoaren 5era arte

EuskarAbentura 2025 espedizioak aukera emango die 127 gazteri zazpi lurraldeak oinez zeharkatzeko kulturan, historian eta paisaietan murgilduta. EuskarAbenturako parte-hartzaileen hautaketa ez da proiektuen kalitatean bakarrik oinarritzen, baita generoa,... [+]


2024-12-27 | Leire Ibar
AEBek eta aliatuek 260.000 milioi dolar eman dizkiote Ukrainari laguntza militarrerako

AEBek eta Mendebaldeko aliatuek guztira 260.000 milioi dolarreko laguntza eman diote Ukrainari, gehienbat armamentuan eta laguntza militarrean, Errusiak 2022an egindako inbasioaren ostean. Nahiz eta laguntza horrek Ukrainaren defentsa indartzea helburu duen, Nazio Batuen... [+]


2024-12-27 | Julene Flamarique
Elkarte memorialistek manifestatzera deitu dute urtarrilaren 18an, Erorien Monumentua eraistea galdegiteko

Elkarte memorialistek kritikatu egin dute Iruñeko Udalak Erorien Monumentua eraisteari uko egiteko hartutako erabakia. Memoria Demokratikoaren Legea “oker interpretatzea” egotzi diote Joseba Asiron alkateari, eta mobilizazio batera deitu dute urtarrilaren... [+]


2024-12-27 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Myanmarreko gerra zibila, laugarren urtera

Hutsaren hurrengo arreta mediatikoarekin –batez ere Ekialde Hurbileko edo Ukrainako gatazkekin alderatzen badugu; baina Sudangoaren aldean ere bai–, laugarren urtea betetze bidean da Myanmarreko gerra zibila.


2024-12-27 | Leire Ibar
Txanpainaren industriaren arrakastaren oinarrian eskulan esplotatua dago

The Guardian egunkariak Épernayn (Frantzia) txanpain-industrian aritzen diren migratzaileen egoera aztertu du. Ikerketak agerian utzi ditu luxuzko xanpaina-marken mahastietan lan egiten dutenen baldintza prekarioak eta legez kanpokoak.


2024-12-27 | ARGIA
Gutxienez 5.212 eraso matxista salatu dituzte aurten EAEn, iaz baino %8 gehiago

2024ko azarora bitarte 683 sexu eraso salatu dituzte, iaz baino %16,7 gehiago, Emakunderen arabera. Familia barruko indarkeria salatu duten emakumeen kopurua ere handitu da (975 izan dira), baita bikotekide edo bikotekide ohiek egindakoa ere (3.554).


2024-12-27 | Euskal Irratiak
Benito Lertxundi
“Zuzeneko emanaldietan beharrezko den xarma galtzen ari nintzela sentitzen nuen”

Benito Lertxundi 60 urte iraun duen kantugintza uzten zuela jakinarazi du Durangoko azoka aitzin. 2023an Gernikan grabatu zuen kontzertu baten diskoarekin bururatuko du bere ibilbide handia bezain aberatsa. Bazuen urtea hartua zuela erabakia, ez da erraza izan horren berri... [+]


2024-12-27 | Gedar
Eguberrietan 110 osasun-zentrotan ezarri ditu murrizketak Osakidetzak

Iazko Gabonetan, hamabi ordurainoko itxaronaldiak izan ziren. Urtean 180 egunetan ezartzen ditu nolabaiteko murrizketak Osakidetzak.


Ibai Ripodas: “Balorazio oso positiboa egiten dugu, orain gazteek sortu beharko dituzte presoei elkartasuna helarazteko bide berriak”

Hatortxu Rock jaialdiko 29. edizioa egingo da larunbatean Atarrabian. Sarrerak jada agortuta daude, baina txandak osatzeko laguntza behar da oraindik.


2024-12-27 | ARGIA
“Euskaraz ez dakien pertsona bat” izendatu dute Eitb.eus-eko zuzendari, LABek salatu duenez

"Euskalduna ez den pertsona bat –Nagore de los Rios– hautatu du EITBko zuzendaritza nagusiak Eitb.eus eta Social Media atalerako zuzendari posturako, eta, ondorioz, euskaraz ez dakien pertsona bat izendatu dute helburuen artean euskararen... [+]


Eguneraketa berriak daude