Maistraren esana lege

  • II. Errepublikak Hego Euskal Herriko emakumeei boto eskubidea aitortu zienetik ez zen urte eta erdi ere igaro; artean ez zuten bozkatzeko aukerarik izan. 1933ko urtarriletik maiatzera zortzi emakumek beste hainbeste herritako agintea hartu behar izan zuten Gipuzkoan. Kapritxo historikoa izan zen. Baina kapritxo horrek ekarri zituen aurreneko alkate andreak.
Alkate andre batzuk
Gipuzkoan 1933an izan ziren zortzi alkate andreetatik bost. Ezkerretik eskuinera: Carmen Querejeta, Azkoitiko alkatea; Purificación Gil, Zestoakoa; Carmen Almandoz, Segurakoa; Aurea Arregui, Albizturgoa; eta Iciar Arana, Legazpiko alkatea.
Hiru alkategaietatik bi emakumeak izango dira igandeko udal hauteskundeetan Zestoan (Gipuzkoa), sekula lehenago ikusi gabekoa. Alabaina bateon batek esan zigun baietz, izan zela Zestoan emakumea alkate aspaldian. Aizarnako (Gipuzkoa) maistra izan zela alkate eta eskola itoginik gabe utzi zuela. Eta hasi gara haritik tiraka.

Purificación Gil zuen izena eta Aizarnan badira bere ikasle izandakoak. Horietako bat da Puri Bergara: “Errepublika denbora genueneko maistra? Bai. Pentsatzen jarrita harrigarria da emakumea jarri izana alkate, eta Aizarnakoa gainera, zestoarrek beti gutxiagotzat eduki gaituztenean... Oso guapa zen, oso guapa. Baina maistratzarako asko ez zuen balio; laboreak eta eskulanak egiteko bai, abiliodosa zen-eta. Behar bezala erakusteko, ordea, onegia zen eta ez dakit ba pixkat ez ote genuen toreatzen. Alaba ere oso politta zuen, Esthertxo”.

Esthertxo sor Esther da joan deneko mende erdian; 1952an Allozko (Nafarroa) komentura sartu zenetik. Hartu gaitu, baina nekatua dagoela esan digu: “Ahal izan dudan guztia eman dut bizitzan, orain atseden hartzea dagokit”. Amaren gomutak bizkortu dio solasa: “Gure ama guapa zen, oso guapa, horregatik ezkondu zen berekin aita”. Gizona ‘berezia’ hartu zuen. Izan ere Tolosako (Gipuzkoa) Rondilla kalean Gilen amak zuen pentsioan ostatatu zen Alemaniatik makina batzuk muntatzera etorritako gazte prestua; Rudolph Brauer Humman zuen izena. Amorostu egin ziren kanpotarra eta etxeko alaba.

Ama alkate izan zenean sei-zazpi urte zituen arren, oroitzen du garai hura: “Aizarnan gaztelera ahaztu zitzaigun hiru anai-arreboi; euskaraz baino ez genekien. Eskolak ere euskaraz ziren inork ez baitzekien kastellanoz. Ama balientea genuen, beharko izan!, oposizioak egin eta plaza atera zuen hiru umeren ama zela; hurrena alkate izan zen eta gero alargun geratu zen zazpi seme-alabekin eta inongo laguntzarik gabe; zerua goian eta lurra behean”.

Maisu erradikala eta Estampako erretratua

Orain ez du etenik sor Estherren tar-tarrak: “Berez Aizarnako beste irakasleari, Maximori [Maximo Puerta da aipatzen duena; udalari bidalitako gutunak ‘Salud y República’ diosalaz burutzen zituen], zegokion alkatetza hartzea, gazteagoa zelako. Baina hark esan zuen apaiz eta moja denak herritik bidaliko zituela. Horregatik joan zitzaizkion amari kargua berak har zezala eskatzera, eta berak onartu. Han jeisten zen, astean behin, oinez, Zestoako Udaletxera, despatxatzera.

Bestea gogoratzen zaidana da Estampa aldizkariarena. Estampa zen gaurko Holaren tankerakoa, sepia koloretan dena. Han atera zen ama kapela buruan, aginte makila eskuan, eta atzean Alcala Zamoraren [II. Errepublikan Espainiako presidentea] koadro erraldoia zuela. Aitari galdetu zioten ea zer iruditzen ziotzaion emaztea alkate izatea, eta berak esan zuen zoragarri iruditzen zitzaiola. Liberalak ziren”.

Bandoa euskara zuzen, jator eta egokian

Zestoako euskara teknikariak ere, Nora Palmitanok, oraintsu jakin du alkate andrearen kontua eta mantsoagatik arakatu du udal artxibategia. Han zer topatuko eta “Gil Iglesias-tar Garbiñek izenpetutako akta, euskaraz!, artxiboan euskaraz dagoen bakarrenetakoa”. Ez da gainera nolanahiko dokumentua Palmitanoren iritzira: "Bando bat da sagarrondoak aldatzeagatik diru-laguntza deialdi baten berri ematen duena. Ortografia alde batera utzita, esango nuke gaur egun testu administratibo bati eskatzen dizkiogun ezaugarri guztiak badituela: edukiz –ulergarria lehenengo lerrotik, zehatza, argia, lastorik gabea…– eta formaz. Hots, testu natural-naturala. Eta hala ere, ziur nago, batere pentsatu gabe idatzitakoa dela”.

‘Anekdota historikoa’ren azalpena

Udal hauteskundeak berez 1931ko apirilean izan ziren; herri txikietan ordea –Gipuzkoan 89tik 42tan– hautagaitza bakarra zegoelako edo hautatu beharreko kargu adina hautagai aurkeztu ez zelako, ez zen bozketarik egin eta hauteskunde legearen 29. artikulua aplikatuz hautagaiak sartu ziren udaletan. Errepublikaren etorrerak legea aldatu eta hauteskunderik izan ez zen herrietan agintean zeuden zinegotzi eta alkateak kargutik kendu zituen 1933ko urtarrilean; apirilerako hauteskundeak deituz –hauteskunde kanpaina horretan parte hartu zuen, lehenengoz, zenbait emakumek eta boto eskubidea ere hor estreinatu zuten–. Lau hilabeteko botere hutsunea betetzeko udal gestorak sortu ziren herriz herri, zozketaz ateratako bi herritarrek eta funtzionario batek osatuta. Herri askotan maistra zen funtzionario bakarra, baita gestorako hiru kideetan alfabetatu bakarra, funtzionario ez zirenen sinadura dardartiek salatzen dutenez. Horrek bihurtu egin zituen alkate.

Dozenerdi urte eman zituen Jose Antonio Rodriguez Ranzek tesia egiten: Guipúzcoa y San Sebastián En Las Elecciones De La II República. Bere aburuz, “alderdien eta ideologien bilakaera ulertzeko gestora horiek anekdota hutsa dira, baina kontuan hartzekoa da emakumeen parte hartzeagatik”. Maistrek ez zuten borrokarik egin alkatetzara iristeko; legez onartu behar izan zuten izendapena. Ez da hor heroitasunik... Edo bai?

25 urteko neska, Azkoitiko ‘endore’

Carmen Querejetak gobernadorearen ordezkariaren mehatxuei eta udal gestorako kideen ustelkeriari aurre egin zien 25 udaberri bete aurretik.

Juan Bautista Mendizabal Azkoitiko kronista ofizialak eman dizkigu aurreneko pistak: “Hauek (Querejetatarrak) denak karlistak ziren eta artista samarrak ere bai; anaia inbentore modukoa zuen, Zeppelin esaten zioten. Horien berri nahi adina kontu Aittitte Pedrok emango dizkizu”.

Ez dio gezurrik Mendizabalek, Pedro Aldalur (1920) iturri agortezina da eta. Querejetatarrak etxepekoak izan zituen eta eurena izandako etxean bizi da gaur: “Aita ere irakaslea zuen. Oso zen gizon ilustratua; ba al dakizu zer zen maisua denbora hartan, herrian jendea brusarekin ibiltzen zen sasoian? Ez ziren edozein, ama-alabak Cauterets-era joaten ziren udan, bainuetxera.

Carmen neska maja zen oso. Beltzarana, ederra, apaina; izakeraz, berriz, izan litekeen emakumerik onena. Ene, oso zen umila eta bihotz onekoa. Maistra egin berria izango zen alkate jarri zenean. Herrian lehenengotik harridura egon zen: ‘Hau nola jarri ote duk alkate!’... Gainera, pentsakeraz familia tradizionalistakoa zen eta udalean berekin sartu zena, berriz, nazionalista; baina hura ere gizon ona, ez zen xextrosoak. Orduan zitalkeria bazen baztarretan, gainera kazikismo handia zegoen herrian eta botoak erosi egiten ziren eta...”.

Emakumeari mehatxu, bere hobebeharrez

Querejeta udalean egon zeneko aktak leituta azkar antz eman diogu Pedrok esandako zitalkeixe eta kazikismue ez zirela Azkoitian kabitzen. Udal gestoraren horren lehendabiziko batzarreko aktan, azken paragrafoan, salaketa larria jasota dago. Idazkariaren kaligrafia barrokoak gazteleraz jasotzen du nola kargu hartzeko egunean bertan, Querejeta andereñoari presentatu zitzaion “el delegado del Excmo. Sr. Governador Civil”, eta nola gizon horrek zegokion karguari uko egin zezan ahaleginak egin zituen, bere hobebeharrez, zeregin horrek ekarriko zion disgusto andana ekiditeko. Querejetak, legezko betebeharra zuelako, uko egingo ez zuela erantzun zionean gobernadorearen ordezkariak mehatxu egin zion ahal zueneraino jazarriko zuela zin eginez. Horregatik adierazi zuen Querejetak “su más enérgica y solemne protesta”.

Gaitzespen horrekin ez zitzaizkion ordea buruhausteak bukatu. Gestorako beste bi kideekin errieta mordoska ibili zuen; bilera gehienetan erabakiak beste biek hartzen dituzte Querejetaren kontrako iritziarekin. Bi gizonezkoek soldata kobratzea ere onartu zuten, legez galarazia egonagatik, eta horrek sutan jarri zuen gobernadorea. Atzera egiteko aginduz hiruzpalau telegrama jaso zituzten. Halako batean, apirilaren 5eko batzarrean Carmen Querejetak sinatzen du alkate moduan eta bi kide berri agertzen dira. Pentsatzekoa da gobernadoreak agindutako ‘neurriak’ hartu zituela. Gazteak hilabete pasatxo baino ez zuen egin postuan, hilabete patxadatsua nolanahi ere. Alkatetza utzi ostean Larraulgo eskolan aritu zen.

Aurea, Iciar, Josefina eta Maxima

“Zahartzarora heldu zenean jakin ditut nik amaren kontu asko” hasi da Ana Mari, alaba, Aurea Arreguiren ibilerak esplikatzen. “Badakizu, jendeak zahartzen delarik, oroitu egiten du; gaztetako oroitzapenak berritzen ematen du denbora. Alkate izan zela zerbait banekien baina gauza gutxi. Haurtzaroa Leitzan (Nafarroa) pasa zuen. Aita maisua zuen eta hiru alabak maistra egin zituen. Hemeretzi urte zituela Galiziako herrixka batera destinatu zuten eta aitak lagundu zion hara; errepiderik ez eta iritsi ziren. Handik bueltan Gipuzkoara. Albizturrera lehendabizi, han ikasi zuen euskara, bertakoek apenas zekitelako erdararik. Gero, urte gehienak Arrasaten eta Hernanin eman zituen.

Jose Maria Urcelayk esanda jakin dugu 27 urterekin iritsi zela, 1931n, Iciar Arana donostiarra Legazpira (Gipuzkoa). 1933ko urtarrilaren 24tik maiatzaren 10era arte egon zen alkate. Bere agintaldian bukatu zituzten Brinkola auzoko eskolak; musika banda ere tarte horretan sortu zen. Anoetako alkatea izan zen Maria Josefina Sola, eta Berrobikoa Máxima Purificación.

Beste lurraldeetan azterketa egiteko dago. Gipuzkoa miatu dugu guk eta zortzi alkate andre topatu. Igadera arte, behintzat, gizonek agindu dute zortzi herriotan. Horregatik du garrantzia lau hilabete eskas iraun zuen iraultza txikiak. Maistraren esana herriko etxeetan lege bihurtu zenekoa.

Azkenak
Harrera premia aurreikusiz Zumeta margolaria

Irakurlea dagoeneko jakitun dateke Euskal Herrian askatasunaren alde egon den eta dagoen gatazka politikoaren ondorioz urte luzetan kartzelan, erbestean edota deportazioan bizi behar izan duten euskaldunak, etxerako bidean, beren bizitza berregiten hasteko izaten dituzten... [+]


Trump-ek distentsio nuklearra eskaini die Errusia eta Txinari

Bi herrialdeekin arma nuklearrei buruz hitz egin nahi du AEBko lehendakari Donald Trumpek, ostegun honetan bere bulegoan kazetariei jakinarazi dienez.


Sexu jazarpena leporatu dioten EHUko irakaslea eskoletatik kanpo utzi du errektoretzak

EHUko Errektoretza Taldeak hedabideetara igorritako ohar baten bidez jakinarazi du neurria: "Unibertsitateak baieztatzen du salatu duten irakaslea jada klaseetatik at dagoela eta ez dela fakultatera joango kasua argitu arte".


AHT Hego Euskal Herrian: 15.000 milioi euroko inbertsioa Irunera abiadura handian iristeko?

Abiadura handiko trenaren aurkako manifestazioa egingo dute Iruñean larunbat honetan AHT Gelditu plataformak deituta, 12:00etan Diputaziotik abiatuta. Castejon eta Iruñea arteko trenbidearen eraikuntza lanek aurrera jarraitzen dute eta Espainiako Garraio... [+]


Emeadedei + Mahl Kobat
Gutaz ari dira

EMEADEDEI + MAHL KOBAT
NOIZ: otsailaren 2an.
NON: Zuiako gaztetxean, Murgian.

----------------------------------------------------

Iazko irailaren 20an izan genuen lehen aldiz musika kolektiboaren berri, sortu berri zuten sare sozialeko profilean: “Hemen da Hil da... [+]


2025-02-14 | ARGIA
Adin txikiko beisbol jokalari bati musu emateagatik entrenatzaile bat kondenatu dute

Adin txikiko neskak 2023an salatu zuen entrenatzaileak hiru aldiz musukatu zuela bere baimenik gabe. Nafarroako Probintzia Auzitegiak Iruñeko epaitegiak ezarritako zigorra baieztatu du. Entrenatzaileak ezingo du harreman zuzenik izan adin txikikoekin inongo lanbidetan eta... [+]


2025-02-14 | dantzan.eus
Inauteriak 2025 oinarrizko egutegia

Kaskarotak eta maskaradak urtarriletik dabiltza martxan, Malerrekakoak etorri dira segidan eta pixkanaka han eta hemen ospatu dira inauteri festak. Aurten, ordea, data nagusiak berandu datoz oso; Kandelaria egunean Hartza esnatu zen, baina ilargiari begiratu eta beste pixka... [+]


2025-02-14 | Sustatu
Itzulinguru ikerketa: itzulpen automatiko aurreratuak nola eragiten dio euskarari?

Sozioluinguistika Klusterrak, zenbait erakunderen laguntzarekin eta Asier Amezaga, Eduardo Apodaka eta Asier Basurtok landutako lanean, Itzulinguru izeneko proiektuaren emaitzak argitaratu ditu. Itzultzaile neuronalek (azken belaunaldiko itzultzaile automatikoak, zeinak euskaraz... [+]


2025-02-14 | Euskal Irratiak
David Gramond
“Gizartea beldurrarazteko baliatu zuten tortura, militantziari uko egiteko”

Otsailaren 13a Torturaren Kontrako eguna izanki, Euskal Herriko Torturaren Sareak gutun publiko bat igorri du. Poliziek torturatu euskal jendeen lekukotasunak bildu, eta aitortza egiteko xedea du sare berri horrek Euskal Herri osoan. Torturatuak izan diren 5.000 pertsonei... [+]


2025-02-14 | Gedar
Munichen, manifestazio sindikal bat harrapatu eta gutxienez 21 pertsona zauritu ditu gizon batek

 Ibilgailu baten bidez, Ver.diren protesta batean zeuden manifestariak aurretik eraman ditu. Duela egun gutxi, supremazista zuri batek 11 pertsona erail zituen Suedian.


Gizon bat atxilotu du Guardia Zibilak Amurrion, hildako bi agenteren kontura sare sozialetan barre egitea egotzita

"Polizia hila, baratzerako ongarririk onena" idatzi zuen atxilotuak sare sozialetan, eta lau milioi jarraitzaile baino gehiago ditu bere profilak, Guardia Zibilak azaldu duenez.


Iruñeko Laba, agur labur bat, irailean indarberrituta itzultzeko

Larunbat honetan itxiko dute Laba ostatua Iruñeko Gazteluko plazan eta, bitxia bada ere, egun osoko festarekin ospatuko dute itxiera, agurra ez baita behin-betikoa: Labak ondoko Windsor tabernarekin bat egingo du, obrak hastera doaz, eta beranduenez irailean berriz... [+]


Eguneraketa berriak daude