Biharko eskola: gaitasunak lantzea ardatz

  • Benetako Iraultza?


    Ahalik datu gehien irakastea zen garai batean eskola gehienen helburu. Egungo joerek, berriz, arrazoi eman diote minoritarioak ziren eskola batzuen filosofiari: ikaslearen gaitasunak dira landu beharrekoak, gaien bidez. Gaiak tresna dira, beraz, eta ez helburu. Filosofia honekin bat datoz Europako korronteak, hezkuntza lege berriak, Euskal Curriculuma... Eta gaia puri-purian dagoenaren seinale dira azken aldian egin diren ikastaroak: Ikastolen Elkarteak Iruñean XIV. Jardunaldi Pedagogikoak antolatu zituen eta DEIER Behatokiak simposiuma, Donostian. Planteamendua iraultzailea da inondik, gaurko eskola erabat aldatzea eskatuko baitu. Baina benetan egingo al da iraultza hori? Edo diskurtsoa berrituta betikoa egiten jarraituko dugu? Mahai-inguruak eman dizkigu erantzunak, eta bukaerako artikuluen bidez, hezkuntzako esperientzia erreferente batzuk bildu ditugu.
Garagorri, Loidi, Garcia eta Ariznabarreta
Dani Blanco
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Euskal Curriculumean bost gaitasun edo konpetentzia hartzen dira landu beharrezkotzat: komunikatzen ikasi, norbera izaten ikasi, pentsatzen eta ikasten ikasi, egiten eta ekiten ikasi, eta elkarrekin bizitzen ikasi. Ados zaudete hauekin, edo bada gehitu edo kendu beharreko konpetentziarik?


XABIER GARAGORRI. Galdera horren atzean dagoen galdera, zera da: Zein dira gaurko Euskal Herrian bizi den gazte batek bizitzarako behar dituen konpetentziak? Galdera horri leku desberdinetatik erantzun dakioke. Eta normalean ikastarloaren ikuspegitik ematen da erantzuna, baina berez, planteamendu zabalagoa izan beharko luke. Beharbada, ikuspegi antropologikoagotik: Zein dira gizabanakook eta gizataldeek ditugun beharrak bizitzaren aurrean? Psikologiako teorialariek ere aipatzen dituzten beharrak nahiko antzekoak dira. Batetik bereizten dituzte biziraupenerako beharrak: janaria, edaria, osasuna, erreprodukzioa... Bestalde ditugu babes beharrak: etxea, jantzia, defentsa... Ondoren, izadiarekin harremanetan jartzeko beharra dago: Nola erabili naturaren indarrak nire zerbitzura, alegia, teknologia, zientzia... Beste behar bat da nola bizi besteekin, alegia, elkarbizitzaren antolaketa. Beste bat komunikazioa, hizkuntza... Beste behar bat da atseginak zaizkigun gauzak egitea: musika, dantza, dramatizazioa, artea, jolasa... Eta bizitzaren zentzuaz galderak egitea ere beharra da: nor naiz ni, zer egiten dut bizitza honetan...
Beraz, zein dira bizitzeko behar ditugun konpetentziak? Ba aipaturiko beharrei erantzuten dietenak, eta kultura bakoitzak bilatzen dizkio behar horiei erantzun zehatzak. Konpetentzia horien barruan, badaude hezkuntzarako konpetentzia orokor batzuk, egoera horietarako guztietarako aplikagarriak direnak. Baina desberdinak dira, nire ikuspegitik, hezkuntzarako konpetentzia orokorrak, eta oinarrizko konpetentziak, edo konpetentzia-giltzak. Oinarrizko konpetentziak edo konpetentzia-giltzak lirateke bizitzaren beharrei erantzuteko ezinbestekoak zaizkigun erantzun horiek. Eta horretaz asko daukagu hausnartzeko. Niri ez zait nahikoa Europak esatea "zortzi edo bederatzi hauek dira". Hezkuntzako konpetentzia orokorrak dira, gehiago, laguntzaileak, bitartekariak... Beste konpetentzia oinarrizko horiek lortzeko.

ARANTZAZU LOIDI. Esango nuke aipatutako bost konpetentziak garrantzitsuak izan arren, bi daudela ardatzak eta beste guztiak barneratzen dituztenak. Bata da norbera izaten ikastea, eta bestea elkarbizitzen ikastea. Beste hiruak bi horietan sartzen dira, eta batez ere norbera izaten ikastean. Nahiz eta gero xehetasun asko eta konpetentzia zehatz asko egon. Hain zuzen PRH (Personalidad y Relaciones Humanas) eskolan egiten dugun formazio lana bi konpetentzia horiekin uztartzen da: batetik, txikitatik norbera izaten ikasi duen pertsonak garatuko ditu berezko gaitasunak, eta horrek emango dio bizitzako egoera guztietan norbera izaten ikasteko aukera, erabakiak hartzen ikasteko aukera... eta aukera horiek ematen dizkioten bideak urratuko ditu bizitzan. Beste ardatz nagusia litzateke harreman edo elkarbizitzarena. Hor sartzen dira komunikatzen ikastea, eta baita bestelako gaitasun zehatz asko ere. Komunikatzen ikasten duenak ikasiko du berezko izate horretatik inguruari eta gizarteari daukan onena eskaintzen. Hauek dira elkarbizitzarako konpetentziaren barruan, taldeko bizitzan geratzen diren fenomenoak, PRHn bereziki lantzen ditugunak: aspirazio eta beharren fenomenoa, eta tentsio eta gatazkak nola gestionatu... txikitatik landu beharreko gaiak dira.

ABEL ARIZNABARRETA. Euskal Curriculumean hasierako gogoeta planteatu zenean eta bost konpetentzia hauek definitu zirenean, iturria, Garagorrik planteatu duen bezala, kulturaren kontzeptuan zegoen. Eta garrantzitsua da azpimarratzea badugula guk ere gogoeta zehatz bat egiteko esparrua: geure gizartean eskolak bete behar duen funtzioa. Eta argi dago, funtzio horietako bat dela kultura transmisioa bermatzea ere. Beharrezkoa da konpetentzia hauek garatzea haurraren garapen prozesu integralerako, baina horrez gain, kultura transmititzeko funtzioa ere bete behar du. Gogoeta hasita dago, baina gehiago sakondu beharko genuke: Gaur egun, gure gizartean nola ulertzen dugu dinamikoa den eta etengabe birdefinitzen den kultura? Are gehiago kulturartekotasuna eta horrelako kontzeptuak txertatzen ari direnean. Eta euskal kultura? Interpretazioa egin behar dugu eta transmisio kultural horretan eskolak zer funtzio bete behar duen zehaztu. Eta azkenik, horren arabera curriculuma definitu. Curriculumaren barruan konpetentzia hauek txertatu behar dira, baina, geure gogoetatik ateratako funtzio soziala ere bete behar du.

MAITE GARCIA. Oso ondo osatua ikusten dut planteamendua, oso ondo jasotzen du hezkuntza integrala, alegia, haurraren garapen osoa, eta zaila egiten zait konpetentzien arteko hierarkiarik jartzea, denak lotuta daude. Nire ikuspegitik oso garrantzitsua da alde psikologikoa, norbera izaten ikastea, eta horrekin lotutako alderdi kognitiboak: pentsatzen, ikasten eta ekiten ikastea. Baina beti ere besteekin elkarlanean, komunitateko kide izanik. Beraz, konpetentziak oso ondo daude planteatuta. Baina nik azpimarratu nahiko nuke hori ez dela eskolaren lana bakarrik. Gauza bat da konpetentzia horiek egokiak direla eta eskolak landu behar dituela esatea, baina garbi izan behar dugu benetan konpetentzietan heztea hezkuntza komunitatearen eta gizartearen lana dela. Bestela saiakerak egingo dira eta hobekuntzak egongo dira, baina planteatu diren helburuak ez dira beteko. Diskurtso hau beharrezkoa ere bazen, LOGSErekin hezkuntza integralarena hasita zegoen, baina orain hartu duen zehaztapen maila oso garrantzitsua da.

Konpetentzien arabera antolatzeak benetako iraultza ekarriko du hezkuntzara? Edo modan jarri den diskurtsoa da, nahiz eta praktikan orain arte bezala jarraituko den?



X. GARAGORRI. Arrakasta izango duen edo ez, ez dakigu. Planteamendu honek aldaketarako aukerak eskaintzen ditu, eta arrisku batzuk ere baditu.
Aukerak asko dira, baina laburrean esanda, batetik, aukera dugu Ariznabarretak esan duen bezala, oinarrizko hezkuntzaren esparruaren zentzuaz hausnartzeko. Hori klabea da, alegia, konpetentziak zertarako? Oinarrizko hezkuntzaren xedea zein da? Aukera daukagu konpetentziak ez zentzu utilitarista eta motzean ulertzeko, baizik, hezkuntzari zentzu bat emateko.
Berdin curriculum kontzeptuan eta ebaluazioan. Garciak aipatu du hezkuntza komunitateak hartu behar duela parte, eta nik ere hori ikusten dut benetako erronka. Ea ausartzen garen ebaluazio gaian eta hezkuntza konpetentzia orokorretan gurasoak eta ikasleak, bere neurrian, inplikatzen eta autoebaluazioa egiten. Beraz, hezkuntzaren inguruan inplikazioa eta sinergia sortzeko aukera dugu.
Irakasleen rolaz eta irakasteko metodologiaz sakontzeko aukera ere ematen du. Planteamendu honetan ekintzak direnez ikasketaren ardatz, nahiz eta edukiak integratu behar diren, proiektuen metodologiak hausnarketa sakon bat eskatzen du. Beste era bateko lan bat eskatzen du, ez hain arrotza, bestalde.
Eta beste aukera bat, ikastetxearen barne antolaketari dagokio: aukera oso ona dugu oinarrizko hezkuntza osotasunez ikusteko, eta ez zatituta, lehen etapa, bigarrena...
Gainera, Euskal Herriko lurraldeen artean curriculuma adosteko aukera ematen digu. Azken batean hezkuntzari buruzko hizkuntza bera erabiltzen ari gara Europan, nahiz eta planteamenduak desberdinak izan. Beraz, aukera dugu apustu bat egiteko.
Arriskuetako bat, berriz, oso curriculum utilitarista egitea da, oso konpetentzia zehatzetan oinarritua. Alegia, 70-80ko hamarkadetako helburu operatiboetara itzultzea, perspektiba motz horretara jotzea. Guk aipatutako bost konpetentziak oso zabalak dira, hezkuntzaren ikuspegi integrala dute. Baina badaude beste konpetentzia batzuk, batez ere lan mundutik eta lanbide heziketatik proposatzen direnak, eta horien arabera askotan ulertu izan da konpetentzia zerbait egiteko eman beharreko pauso zerrenda bezala.
Bost konpetentzia orokorrak aplikatu egin behar dira egoera jakinetan, batetik ikastarloen bidez, baina baita bizitzako beste egoera batzuetan ere. Arriskua dago zeruan geratzekoa, alegia bost konpetentzia eder horietan, eta ez aplikatzen asmatzea.
Beste arrisku bat Ariznabarretak aipatu duena da, konpetentzia ekintzekin lotuta dagoen neurrian, kulturaren transmisioa ahaztea. Hezkuntzaren funtzio nagusietakoa da kultura transmititzea, eta mezu edo hizkuntza honek arriskua du funtzio hori despistatzeko.
Presaka ibiltzea da beste arrisku handi bat.

A. ARIZNABARRETA. Bai horixe, presaren kontuan azken erreformaren esperientzia hor dago, eta ikasi behar dugu aurreko esperientzietatik. Azken erreformak teorian ondo oinarrituak izan dira, baina praktikan ez dira hain esanguratsuak izan. Alde batetik, diseinu fasean ez delako antolatu gero hori aurrera eraman behar duten eragileen behar bezalako partehartzerik, ezta irakasleen partehartzerik ere, esango nuke. Gehiago izan da maila politiko-administratiboan esparrua adostea, eta gero Europatik edo ildo pedagogikoetatik datozen ideiak txertatzea. Baina irakasleria, eta hezkuntza komunitatea are gutxiago, ez da inplikatuta sentitu erabakitze prozesuan. Eta erabakitzerakoan inplikaziorik lortzen ez bada, oso zaila da gero aurrera eramatea tokatzen denean inplikazioa lortzea. Eta aldaketa horiek denak, ehuneko portzentaje handi batean irakasleak eraman behar ditu. Horregatik, praktikan gauzatu diren aldaketak oso azalekoak izan dira. Eta azken batez, hezkuntzan, erreformak irakasleek beraien irakaskuntza-ikaskuntzaren praktikara eramateko gai diren horretan gauzatzen dira.
Konpetentziaka antolatzea benetako iraultza izango da planteamenduetan eta teorian. Honek aldaketa sakona eskatuko du, ez bakarrik curriculumean, baizik antolakuntzan, irakasleen perfilean, irakasle eskolen planteamenduan... mila gauzatan. Iraultza bai, baina benetakoa? Ez dakit. Baina uste dut ez dela moda hutsa. Edozein aldaketa planteatzean, aldaketaren bi dimentsio hartu behar ditugu aintzat, aldi berean: zer aldatu, alegia teoria pedagogikoak, baina baita ere nola aldatu, hau da, aldaketaren teoria. Bi faktore horiek batera garatu behar dira eta ez dakit bigarren faktore hori noraino garatu den. Michel Fullan-en 25-75 teoriari jarraituz, %25a eskaini behar diogu zer aldatu pentsatzeari, baina %75a nola aldatu aurreikusteari.
Nik hiru arrisku ikusten ditut. Batetik, proposamen teorikoaren konplexutasuna. Baina tira, hori gainditu daiteke benetako prestakuntza batekin.
Bigarren arriskua alderantzizkoa litzateke, gehiegi sinplifikatzea, eta oinarrizkotzat jotzen dena helburu gorentzat hartzea. Benetan ebaluagarriak eta oso azalekoak diren konpetentzietan geratzea, eta ez hartzea atzean, planteamenduaren oinarrian dagoen mami guztia.
Eta hirugarren arriskua, jada aipatu dudana, arazo ideologikoa: hau da, konpetentzia hitzaren indar semantikoa eta lanbidetzari lotutako jatorria dela kausa, eskolaren tradiziozko funtzio sozial garrantzizkoenetariko bati, kulturizazioari, alegia, uko egitea. Bere berea duen eginkizuna, gure kasuan euskal kulturaren transmisioa bermatzea, eskolari ere badagokio.

A. LOIDI. Pozten naiz hau dena teoria huts bat ez bada, zeren niretzat arriskua hori da, teorian geratzea. Konpetentziei buruzko informazioa irakurrita, nik uste oso jende gutxi litzatekeela ados ez dagoena. Teorian denoi iruditzen zaigu oso ondo eta ideala. Arazoa litzateke, benetan praktikara ez eramatea eta benetako iraultza ez egitea. Eta iraultza, nire ustez, iraultza pertsonaletik etorri behar da. Hor zeregin bat duten pertsona guztiak –bai ikasle, irakasle, guraso, zuzendari, eta hezkuntza komunitatea osatzen duten guztiak– aldaketa eta hobekuntza pertsonaletik pasatuta. Niretzat hori da benetako arrakastarako giltza: bakoitzak transmititu behar duen hori benetan sinestea, bere haragian pasatzea eta esperimentatzea. Bakoitzak transformazio pertsonala eginda etorriko da ikastetxearen transformazioa eta hezkuntza komunitate osoarena, eta gizartearena. Horretarako, irakasle eta gurasoengan mentalitate aldaketa sakona beharko da, edo bestela ez da benetan gauzatuko. Mentalitate aldaketa, ez bakarrik teorian "bai, bai, bai" esan eta gero berdin jarraituta, baizik eta benetako zentzua emanda eta esperientzia pertsonaletik pasatuta. Lehenik eta behin norberaren konpetentziez ohartu behar dugu eta horretan lan sakona egin. Nik ikusten dudana da, irakasle jendearen artean badagoela horrelako behar bat, gose bat. Hutsune hori aspalditik ikusten dute irakasleek, eta zerbaiten bila badabil jendea. Bere kasa bide hori jorratzen ari den jendea iristen zaigu guri PRH eskolara.

M. GARCIA.
Nik gehitu edo azpimarratuko nukeena da benetan zer garrantzitsua den talde hausnarketa egitea, bai komunitate moduan eta ondoren ikastetxeetan. Nik uste dut jendeak ez duela irudikatzen zer nolako iraultza edo aldaketa den. Guk Mondragon Unibertsitatean badaramatzagu urte batzuk konpetentzietan zentratuta, eta egia da jarri arte ez dakizula benetan non sartzen zaren; eta behin jarrita ere, konturatzen zara oraindik “nola egin” aldetik asko daukagula egiteko, ikasteko... Hausnarketarekin, garbi izan behar dugu zertarako hezi nahi ditugun neska-mutikoak. Behin hori erabakita, bidea elkarrekin egin beharrekoa izango da, eta prest egon beharko dugu ziurgabetasun bati aurre egiteko. Edukien bidea urte askotan jorratu dugu, eta hau berria da guretzat. Horregatik beharrezkoa da, dakigunarekin oinarrizko sentsibilizazio eta formazio sendoa zabaltzea irakasleen, gurasoen artean... Hori delako modu bakarra, benetan, “zer landu” eta “nola egin” horretan pistak izateko. Helburua garbi dagoenean eta guztiok barneratzen dugunean benetan aldaketa zertan datzan, orduan hasiko dira agertzen normalean irakasleek dituzten mila baliabide, sormena... eta izandako mila esperientzietatik ateratako estrategiak, helburu hori gauzatzeko. Baina lehenengo ulertu behar dugu eta horretan sinestu. Bestela karga moduan ikusten da.
Askotan formazioa eta hausnarketa aldaketaren lehen etapatan egiten dugu, baina gero jakintzat ematen da ondorengo etapetan sartuko direnak kasik berez integratuko direla. Eta ez. Hori eskola inklusiboarekin ikusi da. Eskola inklusiboaren aldeko apustu garrantzitsua egin da, administrazioaren diskurtsoaren aldetik, baina uste dut oraindik ere sentsibilizazioa eta formazioa gehiago indartu beharko litzatekeela, baliabideak ahaztu gabe. Konpetentziekin aldaketa dator, baina eskola inklusiboa oraindik ez dugu lortu, eta uste dut aukera polita dugula biekin bat egiteko, oso ondo lotzen baitira.
Horregatik ez da presarik komeni. Komeni da poliki hartzea, hezkuntza komunitate osoak jakitea benetan zer den lortu nahi dena, zertan datzan aldaketa, eta ondoren pausoak ematen hastea.

Konpetentziak badira hezkuntzaren ardatz eta ez jakintzak, ohiko irakasgai ardatzen ordez (euskara, historia, matematika...) ez al lukete konpetentziek izan behar irakasgai? Zertan aldatzen da egungo eredua ohiko ikasgaietan antolatzen bada kurtsoa?



M. GARCIA.
Nik uste metadiziplinen ikuspegia izan litekeela egokiena, hots, irakasgai batzuk bildu eta modulu metadiziplinarrak sortu non helburu/konpetentzia batzuei erantzuna emango zaien. "Meta" da, eta ez "multi" irakasgaien gainetik dagoen helburu nagusi batzuei erantzuten dielako moduluak, horretarako diziplina desberdinetik ekarpenak integratuz, jakina. Guk horrelako erronka baten aurrean ikusi dugu geure burua Mondragon Unibertsitatean. Irakasle eskolatik aterako ziren irakasleen profil profesionala diseinatu genuen, alegia, zer lortu nahi genuen. Eta horren arabera zer nolako konpetentziak landu behar ziren erabaki genuen: konpetentzia teknikoak, metodologikoak, pertsonalak... Eta konpetentzia horiek jorratu beharreko edukiekin lotu. Behin hori geneukala garbi ikusi genuen konpetentziak ezin genituela aurretiko irakasgai zerrendara eraman, hori oso ikuspegi atomizista zela eta zailago bihurtzen zuela prozesua, kasik prozesuaren kontrako zerbait. Zeren irakasle guztiok jo behar badugu ildo beretik, garrantzitsua izango da benetan gure barne antolaketan ere elkarrekin aritzea, eta hainbat erabaki elkarrekin hartzea. Horrexegatik gure planteamendua metadisziplinarra izan zen, irakasgai desberdinekin moduluak sortu, eta hauen arabera ikasketak antolatu.
Pentsatzen dut derrigorrezko hezkuntzan ere posible dela eta ederra litzatekeela moduluak sortzea, non ikasgaien artean loturak egiten diren: bertan txertatuta dago zer konpetentziari erantzuten dieten ikasgaiek eta zer nolako edukiak lantzen diren. Ezin dira planteatu ikasgaiak alde batetik eta konpetentziak bestetik, zeren biek elkar elikatzen dute.

A. ARIZNABARRETA.
Ados nago, bestela penduluaren arriskua dago, mutur batetik bestera joatekoa. Eta kontuan hartu behar dugu historia, tradizioaren pisua eta irakasleen prestakuntza ere arloka antolatuta dagoela.

X. GARAGORRI.
Galdera da zein izan daitekeen eduki eta konpetentzien uztarketa egiteko bidea. Gaiari bueltak ematen hasi ginenean, ikaragarrizko tentazioa izan genuen galtzerdiari buelta emateko. Ikuspegi antropologikotik eta beste hainbatetik, konpetentzien gaia era logikoagoan planteatzeko aukera ikusten genuen. Baina gero Ariznabarretak esandakoarekin topo egiten dugu: gaur egun, hezkuntza sistemaren zutabea ikastarloak dira. Unibertsitatean irakasleen prestakuntza ikastarloen bidez egiten da. Beraien hautaketa ikastarloen bidez egiten da. Ordutegi sakratu edo madarikatua ikastarloen arabera egiten da. Mintegien antolaketa, egitura guztia, inspekzioa... dena ikastarloen inguruan egituratuta dago. Hor ez bada goitik beherako aldaketarik ematen, ez jada eskolatik, unibertsitatetik ez bada aldaketa aurreikusten, utopia ikaragarrian eroriko ginateke ikastarloak alboratuta. Nahiz guretzat ez izan osagarriena, ikusi genuen gaurko errealitatean ikastarloetan uztartu behar ditugula hezkuntza konpetentzia orokorrak. Sekulako iraultza izango litzateke irakasle guztiek bere burua hezitzaile moduan ikustea, ez matematika, hezkuntza fisiko edo musika irakasle soil moduan. Baizik, irakasle denen eginkizuna zera dela ulertzea: pentsatzen, ikasten, komunikatzen, elkarbizitzen... irakastea.
Bestetik, jabetu behar dugu hezkuntza konpetentzia horiek ez direla lantzen soilik eskolako garaian, eskolako egoera informaletan ere lantzen dira: jolas orduan eta abar, eta nola ez, kalean, familian, komunikabideen bidez... Egoera horiek guztiak dira hezitzaileak.

A. LOIDI.
Ni ere ados nago, oso inportantea da teoria hutsean geratuko ez den zerbait planteatzea. Alegia, ikasleek ez dezatela konpetentziak zer diren teorian bakarrik barneratu. Eta hori ez da ikasgelan bakarrik egiten, bizitzan sortzen diren mila egoeretan, jolas orduetan, bidaietan...
Erroko aldakuntza izango da irakasleak irakasle izatetik hezitzaile izatera pasatzea, rol oso hori hartuta. Hori ez da ikastetxeetako sistema aldatuta bakarrik egiten, sistema oso-osoa aldatu behar da: fakultatean fisika ikasi eta gero irakasle izango denak ere hezitzaile rola bereganatu beharko du. Horregatik ematen diot enfasia apustu pertsonalari.

A. ARIZNABARRETA.
Baita ere kontuan hartu behar da, eskuratzen diren ezagutzak (bai kontzeptuzkoak, bai trebakuntzak eta bai balioak) konpetentzia bihurtzeko, egoera ez formaletara eramateko gaitasuna izan behar dutela ikasleek. Horregatik, konpetentzien garapena begiratu behar da, baina ez hezkuntza formalaren barruan ea lortu dituzten neurtzeko bakarrik, harago pentsatu behar da. Bizitzarako hezitzailea izan dadin, ez bakarrik eskolako ebaluaziorako. Konpetentzia, azkenean, horixe da, ezagutzen erabilera.


Jakintza gehiago irakastea noraino da bateragarria konpetentzietan trebatzearekin? Jakintzen exigentzia jaisteko prest gaude konpetentzia mailak irabaztearen truke?



A. ARIZNABARRETA. Nik ez nuke "truke" esango. Lehen, proposamen teorikoaren konplexutasuna aipatu dudanean, arrisku hori ikusten nion: hau ikustea lehendik egiten genuenaren gainean egin beharreko moduan. Txertatu egin behar dira, eta batak ez dakar besteari uko egitea.

Baina konpetentziak lantzeak denbora gehiago eskatzen du, azkarrago egingo litzateke irakasleak apunteak diktatuta. Denbora bera edukita, eta konpetentziak landuta posible da gaurko eduki kopuruari eustea?



X. GARAGORRI.
Konpetentzien lerro honek hori jartzen du zalantzan. Pentsarazi behar digu, orain arte ematen ditugun eduki horiek guztiak garrantzizkoak diren ala ez. Guk hezkuntzako konpetentzia orokorrak bereizten ditugu, lehen aipatu ditugunak. Eta Europan eta LOEn aldiz, hezkuntzako konpetentzia oinarrizkoak edo konpetentzia-giltzak zeintzuk diren definitu dituzte. Eta zeintzuk dira horiek? Bada bizitza pertsonalerako, gizarterako, lanbiderako ezinbestekoak direnak. Ezinbestekotzaren galbahe hori pasatu behar dugu gaur egungo eduki pila batean, eta galdetu "eta hau zertarako?"... Horrek eskatzen du curriculumaren barruan hausnarketa sakona egitea, eta bahe horretan, gauza asko eta asko kendu, eta beste gauza asko gehitzea. Garbi dago ikasten ditugun kontzeptuzko gauza pila bat kolokan jarriko direla, benetan gai hau aurrera baldin badoa.

M. GARCIA.
Nik uste dut hori dela kontua. Gakoa ez da kantitatea, jakintza gehiago edo gutxiago ematea, baizik erabakitzea benetan zer nahi dugun eta pertinente eta beharrezkoa dena irakastea. Konpetentziek emango diote gaitasuna ikasleari, gero bera beste eduki gehiagotara iritsi dadin. Eduki gehiago-gutxiago, lehengo diskurtso horretan jarraitzea, benetan gizartea aldatzen ari dela eta ezagutzara iristeko bideak ere aldatu direla ez ikustea da. Horregatik da garrantzitsua oinarrietara joatea: zer jakintza da garrantzitsua eskolan lantzea, zer ez du ikasleak beste modu batera lortuko?

A. LOIDI.
Galbahea nahitaez pasa beharra dago. Ez bakarrik edukietan, ikasleari kritiko izaten eta pentsatzen irakastea da lehenengoa, eta berak ere galbahea pasatzen jakin behar du. Hor eduki asko eroriko dira, seguru, baina irakasleek ere uko egin beharko diete gauza askori: seguru daukatena albora utzi eta sormena gehiago lantzen, edo bere uztatik ematen hasi beharko dute... Segurtasuna, apunteak eta liburuak utzi eta sormenetik abiatuta irakatsi beharko dute. Baina inork ezin duenez irakatsi ez daukanik, hor iraultza benetan handia izan beharko luke.

A. ARIZNABARRETA.
Gainera uste dut gizartea konturatu dela, gaur egun ezagutzak daukaten hazkunde eta ugaritze erritmoarekin, ezinezkoa dela ezagutza hauek guztiak heziketa formalaren barruan jasotzea, edozein delarik maila eta are gutxiago derrigorrezko edo oinarrizko eskolaldian. Halaber pertsonak, norbanakoak, bizitza osoan ikasten jarraitzeko beharra du, eta eskolak oraindik badu bere funtzioa horretan, jarraitzen duelako iturri garrantzitsua izaten modu sistematiko eta koherentean. Nahiz eta gaur egun erraz iristeko moduko informazio iturri ugari dagoen, eskolak jarraitzen du izaten informazio hori modu sistematiko eta antolatu batean aukeratzen duen iturri bakarra, funtsezkotasun eta baliozko irizpideak erabiliz horretarako. Baina gizartea jabetu da horretaz, eta beste esparru batzuetan egin du aldaketa, eta ez dio hainbeste garrantzia ematen ezagutzari, baizik informazio iturri egokiak aurkitzeko gaitasunari, irakurketa objektiboak egiteari, gauzak analizatzeko gaitasunari, ekimena lantzeari... Gauza bera eskatu behar dio eskolari ere, zeren gaurko eskolak, konpetentzietan oinarritutako sistema baten lan egiteko beharra du.

X. GARAGORRI.
Nik bide horretatik gehituko nuke bizitzarako bai, baina enplegurako ere, eta lanposturako baliagarri direla konpetentzia hauek. Langile bat hautatzen denean edo profesional on bat hautatu nahi denean edozein esparrutan, eskatuko dizkizute konpetentzia zehatz batzuk, profesional bezala. Baina horiek bezain garrantzitsua izango da enpresarentzat, konpetentzia orokorrak noraino garatuta dauzkan: pentsatzeko eta etengabe ikasteko gaitasuna daukan. Egun edozein enplegutan komunikatzen jakitea, gauzak adierazten jakitea oso garrantzitsua da, elkarrekin bizitzen jakitea esango didazue gaurko lanpostu batean garrantzitsua den, ez badakizu elkarrekin lan egiten, enpatia sortzen... eta norbera izaten jakitea ere beharrezkoa da, oreka emozionala izatea, ekintzailea izatea... Hau da, konpetentzia orokorrak bizitzako edozein arlotarako dira, baita lan mundu eta enplegurako ere. Horiek eduki batzuen bidez eskuratzen dituzu, baina edukiak, bere hutsean, tresna batzuk dira.

Nola neurtzen dira konpetentziak? Konpetentzien oinarri diren gaitasunak, desberdinak ditu gizaki bakoitzak. Denei konpetentzia maila bera eskatu behar zaie?



M. GARCIA. Ebaluazioan ere aldaketa oso sakona dator. Mondragon Unibertsitatean, hain zuzen, erronka horrekin egin dugu topo.
Badira ebaluatzeko joera desberdinak. Batzuk (Britainia Handia) nahiko murriztaileak dira, eta hauek planteatzen dute edozein konpetentziaren ebaluazioa ebidentzien bidez egitea posible dela. Ebidentziak esan nahi du nolabait frogatu behar duzula gai zarela zerbait egiteko. Konpetentzia norberaren gaitasunak ekintzatan jartzea da, beraz ekintzen bidez adierazi egin behar duzu gaitasun hori, eta horren arabera puntuazioa jaso. Baina horrek arrisku bat du: konpetentzien oinarri diren hainbat gaitasun –nortasun alderdiekin lotutakoak bereziki– oso konplexuak dira ekintza-puntuazioa parametroetara mugatzeko, beraz, puntuazio hori ez da erreala.
Bada beste joera bat, Alemaniatik datorrena, konpetentzien ebaluazioaren ikuspegi integrala duena. Honek kontuan hartzen ditu nortasunarekin lotutako konpetentziak ere, baina ziurtatzen du hauek txertatuta daudela lortu beharreko azken ezagutza edo ekoizpenean. Adibidez, pentsa dezagun matematika eta naturarekin lotutako lan-proiektu bat ebaluatu behar duzula. Proiektu horren planifikazioan elkarbizitzarako konpetentziak eta baita ere natura-matematikarekin lotutakoen lanketa txertatu duzu. Beraz, bi motatako konpetentziak ondo kudeatu/garatu behar dira lan-proiektu horrek emaitza egokiak izan ditzan… eta kuantitatiboki neurtuko duzuna azken ekoizpena izango da, baina ez “zuk 7 bat daukazu elkarbizitzan, eta zuk 8 bat komunikazioan”. Jakina, horrez gain nortasunarekin lotutako konpetentzien inguruko ebaluazio kualitatiboa egin daiteke, non ikasleari zein gurasoei konpetentzia hauen garapenari buruzko informazioa eta hobetzeko orientabideak ematen zaizkien.
Egia da gaitasun oso desberdinak dituela bakoitzak eta testuinguruak asko baldintzatzen duela umearen garapena, eta ez litzatekeela agian justuena izango ebaluazio kuantitatiboarena. Gai hau da konplexuena eta gehien lantzeko duguna.
Irakaslea behatzen eta feedbacka ematen joatea beharrezkoa da, kualitatiboki ere oinarrizko balorazio bat egiteko, jakiteko pertsona hori nola doan prozesuan eta nolako aurrerapena lortzen ari den. Prozesuaren bukaera aldera espero denaren barruan non kokatzen den jakingo genuke horrela.
Baina ezin dugu konpetentzien ebaluazioa, lehen edukiekin egiten genuen bezala planteatu. Bi motako ebaluazioak bilatu behar genituzke, kuantitatiboa eta kualitatiboa, eta edukiak eta konpetentziak oso ondo lotu.

A. LOIDI. Nik uste dut notaren zentzua edo ideia errotik aldatu beharra dagoela. Ikasle bakoitzari jarraipena egitea beharrezkoa da, eta prozesu osoa baloratzea, ez hainbeste emaitza, azken egun batean jokatzera ohituta gauden emaitza hori. Horrek eskatzen du jarraipen zehatza egitea ikasle bakoitzari. Garrantzitsua iruditzen zaidan beste gauza bat da, eta aplikatzen hasia dena gainera, autoebaluazioaren ideia, maila guztietan gainera: ikasleak berak, txiki-txikitatik bere burua ikusten, bere puntu ahulak eta indarguneak jarrera kritiko batekin ebaluatzen ikastea, eta bere bilakaera bera epaitzeko gai izaten irakastea. Ebaluazio hori irakasleenarekin bateratu beharko da.

X. GARAGORRI. Ados gaude. Nik garbi bereizten ditut hezkuntza konpetentzia orokorren ebaluazioa eta konpetentzia espezifikoena, eta azken horietan ebidentzia batzuk lortu ditzakezu. Baina hezkuntza konpetentzia orokorrak zenbat eta egoera gehiagotan aplikatu, ebidentzia gehiago izango dituzu, baina ez dituzu inoiz muturreraino eramango. Adibidez, pentsatzen ikasteko konpetentzia non bukatzen da? Zein da bere gailurra? Ebidentzia totalik, eta nota jartzekorik ez duzu izango.
Beste galderari erantzunaz, alegia, norberaren gaitasunen arabera ebaluatu behar den, nik bereiziko nuke maila pertsonala, eta maila profesionala. Maila pertsonalean ikasle bakoitzari eskatu behar zaio berak dituen gaitasunen arabera ahalik eta konpetentzia gehiago garatzea. Hor termometroa edo neurria, bakoitzaren gaitasun potentzial horiek dira. Hor ezin dugu urrunago joan, irizpidea da bakoitzaren ahalmenak muturreraino lantzea. Beste arazo bat da, jada maila profesionalean, edozein funtziotarako, ezaugarri eta konpetentzia jakin batzuk kanpotik eskatu egiten zaizkizula.

A. ARIZNABARRETA. Orain arte hitz egindakoan, ikaskuntza prozesuaren barneko ebaluazioa atera da, eta hemen erreferentzia jarritako helburuak dira. Helburuak dekretuan etorriko dira definituta, eta horiek aginduzkoak izango dira. Noski, jakintzat ematen da helburu horiek definitzerakoan kontuan hartu direla oinarrizko konpetentziak.
Baina bada beste arazo bat, praktikan orain arte ere eman dena: kanpo ebaluazioa. Legeak diagnostiko-ebaluazioak egitea aurreikusten du. Alegia, Lehen Hezkuntzako laugarren mailan eta DBHko bigarren mailan, kanpo ebaluazio bat, estandarra, egingo zaie ikasle denei. Eta hor oinarrizko konpetentziak dira ebaluagai, ez jakintza gaiak. Horrek eskatzen du, maila horietarako konpetentzien gutxiengo mailak zein diren zehaztu behar direla, eta baita dagozkien indikadore edo adierazleak ere. Nire galdera da: Noraino ez ditu honek kutsatuko eta eragingo, ez dakit onerako edo txarrerako, hain garrantzizkoak diren ikastetxe barruko ebaluazioak? Hau praktikan berehala jarriko da, datorren irailean lehen mailan hasiko da, eta hiruzpalau urte barru laugarren mailakoei ebaluazio hori egingo zaie. Badakigu goian kanpo froga bat jartzeak nola kutsatzen duen beheko funtzionamendua, hor dugu unibertsitate sarrerako froga adibidetzat.

X. GARAGORRI. Erabakiorra izango da ebaluazioa: zer erako ebaluazioa egiten den, izan ere konpetentzietan oinarritutako aldaketa honek aurpegi bat edo bestea izango du. Eta kontu horretan erabakiorra izango da PISA, OCDE-k mundu mailan egiten duen ebaluazioa, alegia. Egun ebaluatzen ditu hizkuntzak, matematika, natur zientziak... baina jada egitasmoan sartuta du informazio eta komunikazio teknologietan elkarrekin bizitzeko konpetentziak ebaluatzea. Estatu denek begiratzen diote ebaluazio horri, eta argazkian polit atera nahi dute... horrek ikaragarrizko eragina du. Zeren azkenean aldaketa hauek praktikan jarriko dira neurri handi batean, kanpoko eragile hauek ebaluazioak ikuspegi horretatik egingo dituztelako, eta unibertsitateko ebaluaketak ere bide horretatik egitera iristean, akabo, jada inbutu horretan sartuko gara.

A. LOIDI. Noski, zeren barrutik beste mentalitate eta beste teoria batekin lan egin arren, kanpoko ebaluazioak gaur egun selektibitateak duen presioa izaten jarraitzen badu, horrek eragina izango du ikastetxe barruan.

A. ARIZNABARRETA. Denok norabide berean bagoaz, ebaluazio hauek ondo artikulatu daitezke, baina zaindu eta errespetatu egin behar da ebaluazio mota bakoitzaren esparrua, eginkizuna eta eragile edo arduradunak. Horregatik, garrantzitsua da aurretik adostea zer ebaluatuko duen bakoitzak, baina aurretiaz, eta ez norberak ebaluazio mota bat jarri eta gero besteei horren arabera jokatzeko eskatu edo, oraindik gogorragoa dena, behartu.

Aldaketa hau dena posible da eskola handitan egitea? Ez dago kontraesanean administrazioa gastuak arrazionalizatzeko bultzatzen ari den zentroen kontzentrazio politikarekin?



A. ARIZNABARRETA. Nik arazoa ez dut horrenbeste ikastetxeen neurrian ikusten. Ikusten dudana da ikastetxeen autonomiaren aldeko apustu handiagoa egin behar dela, bai administraziotik eta baita ikastetxeetatik ere. Eta ikastetxe proiektu serio bat egitea da garrantzitsua. Nire ustez, berriro ere aukera galtzen ari gara, apustua hezkuntza proiektuan egin behar da eta ez hainbeste curriculum proiektuan bakarrik. Curriculum proiektua teknikoagoa da, eta hori arlo horretako adituek egin dezakete, neurri batean behintzat. Baina hezkuntza proiektua hezkuntza komunitate bakoitzak egin behar du, berea, propioa duelako. Eta benetan ari gara urteak galtzen. 80ko hamarkadan ere curriculum proiektuan ipini zen enfasia, hezkuntza proiektuaren aldeko apustua alde batera utziz, nahiz eta oinarrizko legedi guztian, ikastetxeen funtzionamendurako funtsezko tresnatzat aipatu.

X. GARAGORRI. Niretzako ere neurriak baino beste faktore batzuek gehiago eragiten dute. Gaur egunean, batez ere sare publikoko zentroek gai honi buruz pentsatu beharra dute: ikuspegi honek oinarrizko hezkuntza osotasunean hartzen du eta hautsi egiten da Derrigorrezko Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren arteko eten hori. Planteamendu osoa egiten da: oinarrizko hezkuntza bukatzean zein dira gazte batek bereganatu behar dituen konpetentziak? Horren arabera, antolaketa logikoa litzateke zuzendaritza bat izatea denentzat, nahiz eta ikasle denak ez diren zentro bakarrean egongo. Eta jakina, koordinazio ikaragarria ere eskatzen du, baita Haur Hezkuntzarekin ere, Haur Hezkuntzatik 16 urtera arteko ikasketa hausturarik gabe eramateko. Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako irakasleen kulturan dagoen haustura ere gainditu egin beharko da.
Aurrerantzean titulu gradu bera izango dute Lehen Hezkuntzakoek eta Bigarrengoek, eta horrek lagunduko du kulturak bateratzen.

A. ARIZNABARRETA.
Bai, hezkuntza publikoan hain zuzen oztopoetariko bat horixe da, partzelazioa. Herrian hasten dira, eta agian ziklo guztiak bertan ez daudelako, haur hezkuntzan hasi direnetik batxilergoa bukatu arte hiruzpalau ikastetxe pasa ditzakete. Hala ere nik hori orekatu egingo nuke: beti izan naiz herri txikietan ere eskola mantentzearen aldekoa, haurraren garapen logikoan hain garrantzizkoa den espazioaren jabetze prozesuan ezezik ingurune fisiko eta sozialarekiko identifikatze prozesuan ere, lehen esparrua, gertukoena, herria delako. Eta nahiz eta fisikoki ondoko herria hurbil egon, sozialki oso desberdina izan daiteke. Baina hortik aurrera, egia da administrazioari jarraikortasuna bermatzea eskatu zaiola.

[Hain justu konpetentziei buruzko bilerara doan Xabier Garagorri agurtu dugu]


Planteamendu berri honekin, irakasleei eskatzen zaie ez daitezela dagokien ikasgaia ematera mugatu. Aitzitik, hamaika balio eta gaitasun transmititu ditzatela. Egungo irakasleak prestatuta daude horretarako?



M. GARCIA. Nik bereiziko nituzke jada irakasle direnak eta etorkizunean irakasle izateko prestatzen ari direnak. Nik uste, jada irakasle direnek jaso duten formazioa eta izan duten esperientzia, orokorrean ez doala norabide honetatik, gehienbat edukietan oinarritutako irakaskuntzan aritu dira. Dena dela, esango nuke multzo horretako irakasle batzuk baietz, oso ondo prestatuta daudela, euren alderdi pertsonalari eta esperientziari eskerrak: batzuek jada horren kontzientzia hartu dute, eta lehen aipatutako edukien bahea egina dute. Ikastetxe batzuek hezkuntza proiektua ere formulatua dute. Baina orokorrean, bai da beharrezkoa horri buruz lasai hitz egitea eta oinarrizko formazioa jasotzea.
Eta irakasle eta pedagogo izango diren unibertsitateko ikasleei, edo irakaskuntzan sartuko diren gainerako lizentziaturetakoei begira, unibertsitatea aldatu beharra dago. Badago paradigma bat errepikatu egiten dena: nola ikasi dugu guk? Bada horrela irakasten jarraitzen dugu. Oso garrantzitsua da ikasle hauek formatzeko ikasketa plana eta curriculuma bera errebisatzea, baita unibertsitatearen ildo metodologikoak... dena. Nik uste dut Europan dagoen korrontearekin batera joango garela pausoak ematen, jada gu hasiak gara.

A. LOIDI. Hezitzailearen rola barneratzea garrantzitsua da, matematika edo fisikako irakasleak ere pertsona izaten irakatsi behar duela ulertzea, eta horretarako, argi izatea norberaren esperientzian oinarritzen dela dena. Irakasleek, dena delako ikasgaia irakasten dutela ere, hezitzaile bokazioa edukitzea da gakoa. Benetan bokazio hori duen irakasleak asmatuko du aldaketa hau egiten eta aldaketa honek eskatzen duen transformazio horretan sartzen. Baina egokitzapen bat egin beharra daukate, zalantzarik gabe. Eta lehenik, planteamenduaren informazio osoa eman beharko zaie irakasleei, ahalik zehatzen, eta gero horretan formatu.
Irakasleen lehen jarrera izan daiteke pentsatzea: eta oraindik gehiago ikasi behar dut? Baina kontua ez da materia gehiago ikastea, baizik izaten ikastea, gero hori transmititzen ikasteko. Eta hori ez magisteritza ikasleek bakarrik, baizik, edozein ikasgai ematera ikastetxera inguratzen direnek ere bai, zein administraziokoek... Hezkuntza komunitate osoak.

A. ARIZNABARRETA.
Bai, honek irakasleen hasierako eta etengabeko formazioa beste modu batera planteatzea eskatzen du. Nik uste dut momentu egokia dela aldaketak egiteko, Europako goi mailako irakaskuntzaren berrantolaketa, Bologna izenekoa, baliatuz. Eta batez ere etorkizunean irakaskuntzan ariko direnen prestakuntzan ari direnek, irakasle eskolek, planteatu behar dute kontua ez dela bakarrik ikasturteak, jakintza arloak, kreditu sistema eta abar berrantolatzea, baizik eta hausnartzea zer funtzio bete beharko duten irakaskuntzako profesional berri horiek. Gogoeta hori egin behar dugu maila lokalean ere, eta erabaki zer eskatzen dion gaurko gizarteak eskolari, eta horren arabera zer irakasle behar ditugun.
Ikastetxeetan lanean ari direnak, nola edo hala jada klabe berriekin ari dira, 90eko erreformatik hona. Eta batzuk klabe hau ulertuko dute eta emango dute urrats hori. Baina datu garrantzitsu bat: belaunaldi aldaketa handia datorkigu irakaskuntzan. Irakaskuntza publikoan eta kontzertatuan, irakasleen %22ak 50-52 urte baino gehiago ditu. Pentsa egun erretiroak hartzen ari direla 60-62 urteko irakasle anitz. Baina multzo honi gehitzen badiogu 42-43 urtetik gorako irakasleen kopurua, irakasle denen %70a da. Horrek esan nahi du 10-15 urteren buruan irakasleen bi herenak aldatu beharko direla adinagatik. Ezinbestean, sartuko den belaunaldi berri horrek eraman behako ditu aurrera XXI.mendeko gizarteak eskolari zuzentzen dizkion eskariei erantzutera etorri beharko duten erronka hezitzaile berriak, konpetentzietan oinarritutako heziketarena barne. Ezin dugu irakasle eskoletan orain arteko gauza bera egiten jarraitu, lehengo eskematan. Hau da daukagun erronka garrantzitsua, eta baita aukera ere. Belaunaldi aldaketa eta goi mailako irakaskuntza esparruaren berrantolaketa ditugu eskura, baina geuk egin behar dugu, ez du inork egingo geure ordez.

A. LOIDI. Bai, belaunaldi aldaketa aukera bat ere bada. Ez du esan nahi gazteek beste mentalitate bat dakartenik derrigorrez, baina teorian aukera polita da.


Sistema publikoko irakasle asko maiz aldatzen da ikastetxez (ordezkapenak, lekualdatzeak direla...). Hori bateragarria da ikasleak konpetentzietan trebatzeak eskatzen duen lan jarraituarekin?



A. ARIZNABARRETA.
Irakasleriaren mugikortasuna eta estabilitate eza arazo bat da, baina ez konpetentzien planteamendu hau aurrera eramateko orduan soilik. Konpondu beharrekoa, baina ez bereziki hau ahalbidetzeko baldintza den neurrian, oro har hezkuntza kalitatearen hobekuntzarako baldintza den neurrian baizik.

A. LOIDI. Planteamendu hau ez dakit nola gauzatuko den praktikan, baina ondo zehazten bada, eta garbi baldin badaukagu zer egin behar den eta nola, irakasleen aldaketa ez da nahitaez jarraikortasunerako oztopo. Irakasleak etengabe aldatzea oztopo da, batetik, denbora gutxirako datorren irakaslea ez delako bustitzen, eta bestetik, denbora gutxi ematen duen irakasleak ez duelako astirik ikasleak ongi ezagutzeko, komunikazio on bat lantzeko, konfiantza sortzeko... Horregatik da nire ustez oztopo, eta ez prozesuan traba izango delako.

A. ARIZNABARRETA. Bai, prozesuaren koherentzia bermatzeko tresnak badaude, baina Loidik esandakoa da gakoa. Eta egungo errealitatean, bizirik irautearekin nahikoa egiten dute egoera horretan dauden irakasle batzuk.

A. LOIDI.
Egoera horretan dagoen irakaslea kontziente da zer arazo sortzen duen, baina aldi berean ezin du gehiago egin. Eta hori nork sufritzen du? Ikasleek.

A. ARIZNABARRETA.
Antolaketa maila horretaz hitz egiten hastean, jada atetik kanpora utzi behar dituzu mahai honetan orain arte erabilitako argumentu pedagogiko hainbat. Zeren hori administrazioak eta langileen ordezkariek adosten dute, gehienbat. Eta hor jada joko arau batzuk hain-hain kateatuta daude, edozer gauza aldatzeko dena berrantolatu behar duzula: izendapenak, lehentasunak, zerrendak, funtzionario sartzeko baldintzak...

A. LOIDI.
Gainera ez da erabaki kontua bakarrik, errealitate kontua ere bada. Bajak hartzen dituen irakaslegoa ordezkatu beharra dago, eta horko problematika ez da erabaki bidez konpontzen. Hor dago errealitate bat, alegia, langileek bajak ere hartzen dituztela.

A. ARIZNABARRETA. Hori konpontzeko badaude beste bide batzuk, esaterako, aldi jakin baterako proiektuen arabera aurrikustea ikastetxe bakoitzak epe horretan behar duen irakasleria eta horren arabera irakasleriaren egonkortasuna ziurtatzea. Eta aurrikustea, baita ere, biltzen diren datuen azterketatik ateratzen diren portzentajeen arabera, urtean zehar arrazoi desberdinengatik –laneko bajak, ikasketa baimenak, prestakuntza ekitaldiak, koordinazio ardurak,...– ikastexean emango diren huts egiteak, baina beti proiektu baten arabera justifikatuz. Edozein kasutan, sakonago aztertzea eskatzen duen gaia dela deritzot, ikastetxeen autonomiaren garatze aldera egin beharreko planteamendu zabalago baten barruan, alegia.

M. GARCIA. Oso garrantzitsua litzateke baja kasuetarako benetan koordinaziorako antolaketa eta tresna eraginkorrak jartzea eta ikasleen jarraipen hori ahalik zehatzena izatea. Datorren irakasleak izan dezala ikasle bakoitzari buruzko oinarrizko informazioa, nondik abiatzen den, aurretik zer bide egin duten eta prozesuaren zer puntutan dagoen jakiteko.

Gurasoen parte-hartze handia eskatzen du eskola eredu berri honek. Gurasoak parte izan nahi dute, badute inplikaziorik? Eta eskolak nahi du gurasoek parte hartu dezaten edo intrusismotzat hartzen du askotan?



A. LOIDI. Oinarrizkoa da, seme-alabak konpetentzietan hezi nahi baditugu, geure burua ere konpetentzietan heztea. Hori da ardatza: gurasook eta irakasleok, pertsona bezala trebatzea. Nik ezin diot semeari ezer transmititu neuk ezagutzen ez baldin badut. Norbera izaten, elkarrekin bizitzen eta komunikatzen dakien aitak edo amak, hori transmitituko dio txikitatik umeari, eta oinarri batzuk jarriko dizkio. Nik uste dut horretatik urruti gaudela. Batetik, guraso askok bizi ditugun zirkunstantziengatik, lana, estresa eta denbora gehiago atera ezina jende askorentzat errealitate dira. Egia da gurasook umeei eskaintzen diegun denbora eta kalitatea ez dela askotan nahi genukeena, eta askotan eskolaren esku ere uzten dugula hezteko ardura, zoritxarrez. Baina ikastetxeen aldetik ere, askotan laguntza eta elkarlana zinez estimatzen den arren, badago sentsazioa gurasook traba egingo ote dugun, edo arrisku gogaikarria ote garen. Eta errealitatean noraino garen traba ere ikusi beharko litzateke. Baina kontua da kondenatuta gaudela elkarrekin bizitzera eta parte hartzera, horretaz ez dago zalantzarik.

A. ARIZNABARRETA. Ez gurasoek bakarrik, eredu honetan, gizarte aldakor batera egokitzeko gai izango diren herritar kritiko eta autonomoak hezteaz mintzo garenean, baloreetan oinarritutako heziketaz mintzo gara derrigorrez. Horrek ezagutzen transmisio hutsa gainditzen du, eta heziketa honetan, nik uste dut gizarte hezkuntza eragile guztiak inplikatu behar ditugula. Afrikako esaera zahar ezagun batek dioena egia da: haur bat hezteko tribu osoa behar da. Hau ezin du eskolak bakarrik aurrera eraman, gizarte osoak bere heziketa eginkizuna berreskuratzea da irtenbidea, eta gurasoen eginkizuna funtsezkoa da horretan.
Baina zailtasunak ditugu etxean balioen heziketa egiteko. Zeren balioen heziketak hiru maila urrats konziente eskatzen ditu: Maila teorikoan lantzea informazioa eta ezagutza, gero dator maila pertsonala, jokabide eta jarrera pertsonalen azterketa kritikoa egitea, eta hirugarren maila, gizarte mailako konpromezua. Eta sarritan, balioen heziketa egin beharrean, gauza puntualetan bakarrik parte hartzen dugu, eta kasu batzutan, guraso bezala gureak bakarrik edota berariaz geureak ez diren espazioetan sartuz eta eraginez gainera. Hortik dator konfrontazioa eta irakasleok gurasoen parte hartzea espazioaren agresio moduko bat bailitzan, eta batez ere presio bezala bizitzea. Baina gurasoek bere berea dute espazio bat hezkuntzan, ez bakarrik eskolan, etxean ere bai. Eta haurraren garapenerako lehen espazioa etxea da, nahiz eta egun lau hilabeterekin "haur-eskola"ra eraman, ez da amaitzen horrekin familiaren (kontzeptu hau bere zabalean hartuta), eginkizuna. Familia da heziketa espazio funtsezkoa eta jarraitzen du erantzukizun hezitzaile osoa izaten haurraren nolabaiteko eskolaratze fasea hasi ondoren ere.

A. LOIDI. Hori, azkenean, kezka pertsonal kontua da, gurasoen garapen pertsonalean sartzen dena. Etxean behar adina inplikatzen denak, berdin da eskolan inplikatzen den edo ez, haurrarengan fruitu bat emango du. Noski, etxean eta eskolan inplikatzea, biak ezinbestekoak dira, haurrari dena osotasun bat dela transmititzeko. Eta haurraren heziketan inplikatua dagoena, etxetik hasita, inplikatuko da ez bakarrik ikastetxean, baita haurraren lagun taldean, eta guraso taldean ere bai... Eta baikorra izateagatik, esango nuke gurasoen artean kezka handia dagoela.

Azkenak
2024-11-28 | Gedar
Zumaiako Balenciaga ontziolako langileek mobilizazioei ekingo diete, lanpostuen defentsan

Enpresa jo dute egoeraren erantzuletzat, baita erakunde publikoak ere. Langile batzuek bost hilabete baino gehiago daramatzate kobratu gabe, eta ostiral honetan egingo dute manifestazio bat, ontziolatik abiatuta: ez dezatela itxi aldarrikatzeko.


2024-11-28 | Irutxuloko Hitza
Mikel Zabalzaren omenezko plaka jarriko du Donostiako udalak larunbatean, Intxaurrondoko kuartelaren aurrean

Donostiako Udalak Mikel Zabalza Garateren (1952-1985) omenezko plaka bat jarriko du larunbat honetan (hilak 30), Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuartelaren aurrean (Baratzategi kalea, 35). Guardia Zibilak gaurko egunez atxilotu zuen Zabalza, 1985ean, Altzako bere etxean... [+]


Plastiko kutsadura mugatzeko negoziaketen azken fasea abiatu du NBEk

Azaroaren 25ean hasi eta abenduaren 1era arte iraunen du Hego Koreako Busan hirian aitzina doan gailurrak. Petrolio ekoizle diren estatuak eta beraien lobbyak oztopoak jartzen dabiltza, ekoizpenaren mugatzerik ez dutelako nahi.


“Hezkuntzak izan behar du patxadatsua eta geldoa”

Eguneroko abiadura itogarritik atera eta eskola-proiektua amesteko, gogoetatzeko denbora hartzea aldarrikatu dute solaskideek, Superbotereak liburua aurkezteko mahai-inguruan. Patxadatsu aritu dira, hain justu, eraldatzeaz, inpotentziaz, ilusioaz, eskola bakoitzak egin beharreko... [+]


2024-11-27 | Julene Flamarique
"Euskara ez den hizkuntza bat” erabili du Barakaldoko Udalak kanpaina batean

Barakaldoko Udalak euskararen erabilera “umiliagarria” egin duela salatu du Sasiburu euskara elkarteak. Salaketa argitaratu ostean kanpainaren euskarazko bertsioa ezabatu du udalak. Halakorik berriz gerta ez dadin arduradunen barkamen publikoa eta behar diren... [+]


2024-11-27 | Leire Ibar
180 eragile baino gehiagok egin dute bat etxebizitzaren eskubidea bermatzearen aldeko mobilizazioarekin

Abenduaren 14an Bilbon etxebizitzaren negozioaren aurkako mobilizazio nazionala antolatu dute Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareak. Ia 200 izan dira auziarekiko elkartasuna adierazi duten eragileak.


2024-11-27 | Julene Flamarique
Gutxienez 2027ra arte atzeratu dituzte berriro ere AHTren obrak EAEn

2024ko otsailean Astigarraga-Hernani tartea amaitu zutenean Abiadura Handiko Trena 2027an prest egongo zela aurreikusten zuen Eusko Jaurlaritzak. Orain Arkautiko lotunearen obren lizitazioari ekin dio Jaurlaritzak; Euskal Trenbide Sarea enpresaren esku utzi du, eta 2027an hasiko... [+]


Erretiroa hartuko du Benito Lertxundik

82 urteko abeslari oriotarrak azken disko bikoitza kaleratu du, Gernikan 2023ko azaroaren 11n eskainitako kontzertuaren zuzenekoa. Eta horrekin bere ibilbideari amaiera eman diola iragarri du.


2024-11-27 | Mati Iturralde
Gogoan ditut

2006. urtean, Baltasar Garzonek, orduko epaile izarrak, errebelazio moduko bat izan zuen, eta jardunbide bat idatzi zuen, terrorismoagatik inkomunikatutako atxilotuen eskubideak bermatzeko. Epaile berak ehunka atxilotu inkomunikatu pasatzen ikusi zituen bere aretotik, horietako... [+]


Valentziako ilargia

Duela gutxi, larrialdi klimatikoa zertan zetzan galderaren aurrean, zientzialari batek erantzun bikain hau eman zuen: “Begira, larrialdi klimatikoa hauxe da, zure mugikorrean muturreko fenomeno meteorologikoei loturiko gero eta bideo gehiago ikusten dituzu, eta konturatzen... [+]


2024-11-27 | Castillo Suárez
Pertseberantziaz

Bihotzean ditudan oroitzapenik politenetakoak dira. Euskal Filologia egiten ari nintzen garai hartan, eta Arbizuko elkarte batera joan ginen Ruper Ordorikaren kontzertu batera. Han zeuden Rikardo Arregi Diaz de Heredia eta Juanjo Olasagarre. Ez nintzen Arregiri esatera ausartu... [+]


Materialismo histerikoa
Zuekin nahi dut

Gutxi ateratzen naiz azken urteetan. Askotan esan dut, badakit, baina badaezpada ere. Bertso saio batera joan naiz gaur. “Bejondeizula”. Bai, horregatik abisatu dut gutxi ateratzen naizela, pentsatzen dut zuek kultur ekitaldi askotara joaten zaretela, eta... [+]


Eguneraketa berriak daude