«Lurrik ezean, maputxeen nortasuna berreraikitzerik ez dago»

  • Txile eta Argentina artean banatzen den Maputxe Herriak bere lurren gaineko kontrola berreskuratzeko eskubidea aldarrikatu du aspalditik. Maputxeen agintarietako batek, Héctor Llaitul presoak, gose greba hasi zuen joan den apirilean, Angoleko kartzelara eskatutako lekualdaketa ez ziotelako onartu. Llaitulekin izan gara kartzelan, maputxeek Txileko Estatuaren aurka duten gurutzadari buruz hitz egiteko.
 elkarretaratzea preso maputxeaskatasuna aldarrikatuz

Temucoko jendarmeriaren zuzendaritzara Héctor Llaitul bisitatzeko baimena eskatzera joan ginenean, hartu gintuen jendarmeak “preso berezia” zela ohartarazi zigun. Preso politikoa ote zen galdetu genionean, ezetz esan zuen, eurek atxiloturiko maputxeei comunero esaten dietela. Maputxeen lurrak berreskuratzeko borrokan dauden komunitateak batzen dituen Arauko-Malleko Koordinakundeko agintaria da Héctor Llaitul. Ez da, gainera, irakurleontzako ezezagun bat: duela urte bi, klandestinitatean zegoela, Maputxe Herriak Txileko Gobernuaren aldetik jazarpena jasaten duela salatzeko izan genuen orrialde hauetan Fernando izenpean. Pasa den otsailaren 21ean, poliziak atxilotu egin zuen Concepción hirian. Epaileak “sute terrorista sortzea” leporatu zion eta “gizartearentzako arriskutsua” zelako espetxeratu zuten. Apirilaren 13an gose greba hasi zuen, Angoleko espetxera eraman zezatela eskatzeko, eta maiatzaren hasieran, gure bisitaldiaren ostean, bertan behera utzi zuen greba, kartzelaz aldatzea lortu baitzuen.

“Dakizunez, mendietan ezkutatuta ibili naiz, hiriak guretzako ez baitira batere seguruak: poliziaz eta salatariz beteta daude. Hala ere, hirira joan nintzen eta hori izan zen nire akatsa”, kontatu zigun Llaitulek. “Acevedo plazatik pasatu nintzenean, horrelakoetan ohikoak diren zereginetan ikusi nuen jendea: andre bi gimnasia egiten, eta abar”. Konturatu zenerako, emakumeak eta beste asko gainean zeuzkan. Hasiera batean Concepción hiriko presondegian espetxeratua izan zen arren, Temucokora eraman zuten gero; bere esanetan “familiarentzako zigor ekonomikoa izan zen”.

“Deabrutzat naukate”

Ezkonduta dago eta bost seme-alaba ditu Héctor Llaitulek. Guk Temucon zegoenean ikusi genuen eta bera bisitatzeko sei orduko bidaia egin behar izaten zuen Pamela emazteak. Eritegiko argirik gabeko ziegan zegoen isolatuta. Ohea eta mahai txiki bat baino ez zeuzkan, aulkirik ere ez baitzioten eman. “Espetxe barruko beste espetxe batean naukatela esan daiteke. Ez dut patiora joaterik, ezta kirola egiteko edota ikasteko eskubiderik ere. Deabrutzat naukate beste askotan auziperatuta egon naizelako”, azaldu zigun.
Txileko hedabideek koordinakundeko toki (buruzagi militar) moduan aurkezten dute eta Héctor Komandantea ezizena ipini diote.
“Txileko hedabideek gobernuaren mesederako egiten dute lan interes ekonomiko berak dituztelako. Hedabideak eskumaren eta lurrak lapurtzen dizkigutenen (hidroelektrikoak, latifundistak, basoak ustiatzen dituzten enpresak, paper-fabrikak…) esku daude; hau da, egungo gobernu sozialistarentzat estrategikoki funtsezkoak diren arlo ekonomikoen esku. Hedabideek gaizto bihurtzen gaituzte; kriminalak bagina bezala aurkezten gaituzte iritzi publikoa gure kontra jar dadin, sostengua gal dezagun”. Horiek ez dira azpijoko bakarrak. Kazetariren batek ere parte hartu izan du akusazioak egiterako orduan. Aski ezaguna da, adibidez, Arauko-Malleko Koordinakundeko werken (bozeramailea) den José Llanquileo atxilotzeko balio izan zuten disketeak El Mercurio egunkariko Francisco Palma kazetariak eman zizkiola Llanquileori berari.

2006ko abenduaren 26an, Forestal Mininco fabrikak Txoltxol zonaldean duen Las Praderas lur soroan zortzi txanodun sartu eta han zegoen tresneriari su eman izana: hori da Llaituli leporatzen dioten delitua; Txileko justiziaren arabera “sute terrorista”. Bost eta hamaika urte bitarteko zigorra eskatzen dute maputxearentzat, Llaitulen hitzetan bere kontra duten froga bakarra tortura eta mehatxuei esker lortutako lekukotasuna den arren. “Egun batzuk beranduago, zibil talde batek Roberto Painemil Forestaleko kamioi gidaria atzeman zuen. Gogor kolpatu eta elektrodoak ipini zizkioten. Torturak salatuz gero, familiarekin hartuko zutela mendekua esan zioten. Beste auzi guztiak bezala, muntai hutsa da hau ere”. Painemilek fiskalaren aurrean egin zuen aitorpena, ez epailearen aurrean, zegokion moduan. Lautaroko presondegian dago bera. “Gobernu sozialistak dio tortura diktadura garaietako kontua dela eta saiatzen da praktika hauek, maputxeon kontra ohikoak direnak, isilarazten –jarraitu zuen Llaitulek–. Ezinbestekoa dugu hau guztia ezagutaraztea. Horretarako, zuek bezalako pertsonengan eta hedabide alternatiboetan dugu konfiantza oro, Txileko hedabideak Estatuarentzat funtzionalak baitira eta asko dira aditzera ematen ez dituzten kontuak: paramilitarren ekintzak –pasa den mendeko Hernán Triziano genozidaren izena daraman komandoa, esaterako–, torturak, aurpegirik gabeko lekukoen erabilpena eta abar”. Espetxean dauden hogeita zortzi maputxeen aurkako ia epaiketa guztietan lekuko babestu horien esanak nahikoa izan dira akusatuei erruduntasuna leporatzeko. “Haietako askok komunitateetan arazoak eduki dituzte eta diruaren truke errepikatzen dute karabineroek irakasten dietena”. Ur botilari zurrupada eman eta segitu zuen: “Garrantzitsua da baita ere abokatuen kontua. Diktaduraren garaietan zeuden abokatuek gaur egun ez dute ezer jakin nahi, eta nahi izatekotan mota guztietako erasoak eta mehatxuak pairatzen dituzte. Alberto Espinosak [Santiagoko abokatu ospetsuak] gu laguntzeko bere burua eskaini du, baina hegazkin txartelak ordaindu beharko genizkioke. Bakarra izan da. Neuk Estatuak berak ipinitako abokatua daukat, ezer egiten ez duena, ezta torturak salatu ere. Legearen izapide hutsak betetzeko baino ez du balio”.

Nortasuna eta kultura berreraikitzen

Gure bisitaldia bukatzear zegoela, egungo egoerari errepaso txikia eman zion presoak: “Endesarekin batera gure etsai nagusienetakoa den Forestal Minincok bere lur soroak defendatzeko modua aldatu du: ohiko indarkeriaz eta paramilitarrez baliatzeaz gain, baliabide sotilagoak ere erabiltzen ditu orain: inguru horretan dauden gabeziak ikertu eta garapenerako zuzenduak bailiran egitasmo errepresibo berriak bultzatzen ditu; hala nola, propaganda, umeentzako ikastaroak, auzokide ‘gaiztoak’ eta ‘terroristak’ baztertzeko armak ehiza eta arrantza klubei nahiz nekazariei, behatze komiteak... Borrokalariok isolatzeko itzelezko perimetro defentsiboa egiten ari da eta basozainek gizartearen arlorik txikienetan ere eragiten dute”. Baina esperantza galdu barik, honakoa bota zidan kartzelatik ateratzera gindoazenean: “Hala ere, lortu dugu komunitateek borrokan jarraitzea eta koordinakundeak haiekin duen loturari eustea. Garrantzitsua da guretzat lurrak berreskuratzea; lur ezean, Maputxe Herriaren nortasuna eta kultura berreraikitzerik ez dago”.

Azkenak
Frantziako Estatu Kontseiluak Palestinak irabaziko du Kolektiboaren desegitea onartu du

Okzitaniako Tolosako elkartea da aipatu kolektiboa eta Frantziako Gobernuak dekretuz desegin zuen 2022an. Orain Estatu Kontseilua gobernuaren erabakia egokia dela berretsi du.


Izan, badira salbuespen legeak, bai horixe!

Sare Herritarrak antolatuta, pasa den urtarrilaren 11n Bilboko kaleak bete zituen manifestazio jendetsuaren ondoren, berriz sortu da eztabaida, euskal presoei salbuespen legeriarik aplikatzen ote zaion. Gure iritzia azaltzen saiatuko gara.

Espetxe politikan aldaketa nabarmena... [+]


Zedarriak, armagintza, zoru etikoa eta langileok

Duela gutxi think tank izateko jaioa omen den Zedarriak bere 6. txostena aurkeztu zuen. Beren web orrialdean azaltzen dutenaren arabera, zedarriak ebidentea ez den bidea topatzeko erreferentziak dira. Hots, hiru probintzietako jendarteari bidea markatzeko ekimena. Agerraldi... [+]


Eskoziako Lur Garaietan otsoa sartzea klima-larrialdirako onuragarria izango dela iradoki dute

Eskoziako Lur Garaietara otsoak itzularazteak basoak bere onera ekartzen lagunduko lukeela adierazi dute Leeds unibertsitateko ikertzaileek.. Horrek, era berean, klima-larrialdiari aurre egiteko balioko lukeela baieztatu dute, basoek atmosferako karbono-dioxidoa xurgatuko... [+]


Ágredok dioenez, zortzi bat ordu eman zituen ziegako zoruan etzanda Ertzaintzak ospitalera eraman aurretik

Karen Daniela Ágredok dioenez, atxilotu zutenean berak ez zuen ertzainik zauritu, haiek lurrera bota zuten eta konortea galdu zuen. Ondoren, Ertzaintzaren komisariaren zoruan iratzartu zen eta handik ospitalera eraman zuten.


Hiuzz + Bloñ + Adur
Lete ravero bat Iruñean

Hiuzz + Bloñ + Adur
Noiz: otsailaren 15ean.
Non: Iruñeko Aitzina tabernan (Egun Motelak kolektiboa).

--------------------------------------------

Larunbat goiza Iruñean. Neguko eguzkitan lanera doazen gizon –eta ez gizon– bakarti batzuk... [+]


Lorpen baten berri: Nafarroako Museoan Irulegiko Eskua euskaraz bisitatu daiteke

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak jaso ditu kexak: bisita gidatuak gaztelania hutsean, eta sarrerako zerbitzuetan ere bai. Bitxia da kontua: baskoien mintzairaren hitzak dituela uste den brontzezko objektua ikustera joan... eta azalpenak gaztelaniaz. Kexek eragina izan dute, eta... [+]


Bideojokoen erabilera handitu egin da helduen artean, Ipsosen arabera

Julen Linazaroso Macsonrisas-eko kideak azaldu duenez, sari-bolek, harrapakin-kutxek eta enparauek bideojokoetan ordu gehiago jokatzea dute helburu. 35 eta 64 urteko pertsonen artean bideojokoen erabilerak gora egin du 2023tik 2024ra, Ipsosek emandako datuen arabera.


2025-02-21 | Euskal Irratiak
Boliviako laborari talde bat sustengatuko dute Xiberoatik

Zubiak eraiki Xiberoa eta Boliviaren artean. Badu jadanik 16 urte Boliviaren aldeko elkartea sortu zela Xiberoan. Azken urteetan, La Paz hiriko El Alto auzoko eskola bat, emazteen etxe baten sortzea, dendarien dinamikak edota tokiko irrati bat sustengatu dituzte.


Osasunbidean 11 medikuk 17.000 euro irabazten dituzte hilero

Ostegunean egoera hori ikertzeko eta zuzentzeko eskatu dio EH Bilduk Nafarroako Gobernuari legebiltzarreko osoko bilkuran. UPNk eta PPk bat egin dute eskaerarekin, eta Osasun Departamentuak urtebete du ikerketa gauzatzeko.


“Oldarraldi faxistari” galga jartzeko deia Errenterian

Oldarraldi faxistaren aurrean askatasuna leloarekin manifestaziora deitu dute dozenaka herritarrek. Ostiralean —hilak 21— 19:00etan Herriko Plazatik abiatuko da protesta, eta ahalik eta jendetsuena izatea nahi dute deitzaileek, faxismoaren oldarraldiari galga... [+]


Eguneraketa berriak daude