«Gustatuko litzaidake talde bat osatu eta abestiei kolore gehiago ematea, babestuago sentituko nintzateke
Zure musikak pop-rocketik eta folketik, bietatik, asko dauka. Are gehiago, diskoan instrumentu tradizional dezente sartu dituzu…
Zaila egingo zitzaidan diskoa estilo bati lotzea, baina egia da pop eta folk doinuak hainbat abestitan daudela. Bestalde, folk doinuak jorratzea lagungarria izan zait abestiak apaintzerako orduan. Horretan asko zor diet lagundu didaten musikariei.
Zein da helburua kantu bat idazterakoan? Terapia?
Nire buruarekin lasaiago geratzea, eta jendeari nire hitzekin zerbait berezia transmititzea. Animo handiak jaso ditut lan hau ekoiztu nuenetik, eta hori niretzat ordainezina da. Horregatik triste bukatzen diren egunetan horretan pentsatzeak irriñoa itzultzen dit. Hala, terapia bat baino gehiago musika niretzat sendagaia da, nire eguneroko asmoetan ilusioa ez galtzeko laguntzen nauena.
Zergatik dira “garai hobeak”?
Izenburuak etorkizunean du begirada jarrita, momentu horretan nire bihotzak hori beharrezkoa ikusten baitzuen aspaldi bilatzen ari naizen maitasuna aurkitzeko. Garai hobeekin amestea izan zen diskoa sortzera eraman ninduen pentsamendua.
Diskoa kapritxoz autoekoiztu duzu edo diskoetxeek paso egiten dutelako?
Autoekoiztea aukeratu nuen diskoarekin nituen helburu guztiak diskoetxeekin ez nituelako lortuko agian. Nik aukeratu dut salmenta prezioa, gaurko merkatu zail honetan publiko zabalagoarengana heltzen saiatzeko.
Ikusten al duzu zure burua talde batean, edo nahiago duzu bakarka aritzea?
Bakarka aritzeak askatasun handiagoa ematen dizu, gehienbat kontzertuak egiterako orduan; baina ozentasunean indar falta sumatu daiteke batzuetan. Izugarri gustatuko litzaidake talde bat osatu eta abestiei kolore gehiago ematea, babestuago sentituko nintzateke. Baina, aldi berean, abestien hitzak beste modu batean idatziko nituzke. Ikusiko dugu zer gertatzen den…