Bigarren aldikoz naiz zuregana heltzen. Iaz ere nahi nuen nik zurekin mintzatu. Patxi Zubizarretaren Urrezko giltza lan ederra argitara berritan zen. Lauzpabost kanta dituzu han xarmantki emanak eta hura nuen nik zuregana jotzeko estakuru. Zuk, elkarrizketarik ezetz orduan.
Elkarrizketaren egiteak beldur ematen dit. Ez dut maite batere. Lotsa da. Usaia falta ere bai.
Baina zuk, plaza-andrea behar zenuke, kantaria izaki.
Jendearen aurrean kantatzen aritzen gara baina uste dut kantuak berak eramaten nauela beste bide batzuetara.
Jende aitzinean kantatzeko lotsak zara oraino, irakurri dudanez.
Bai, beldurra, beti. Amiñi bat bai. Azkenean, eritasun bat bezala da. Uste dut kantuan hasi nintzela hari buruz joateko. Nekezia handia nuen publiko aitzinean hitza hartzeko, edo pentsatzen nuena argiki azaltzeko. Horregatik, pentsatzen dut, kantua ene bidean jarri da eta nik bide hori segitu dut kasik jakin gabe. Batzuetan gertatzen zait: “Baina zer ari naiz ni hemen?”, gogoetan. Kantuan hasi eta ahazten ditut kontu horiek.
“Kantua jarri da ene bidean”.
Bai, nik ez nuen pentsatzen publikoaren aitzinean kantatzen aritzea. Duela urte zenbait ez nuen horrelakorik pentsatu ere. Ni Batista Sobietekin ibiltzen nintzen batzuetan kantuz, eta, egun batean, beste lagun batek gure izena eman zuen kantu txapelketa batean. Horren ondoren ibili ginen kantatzen, Iparraldean, eta pixka bat Hegoaldean. Egun batez, Batista, laboraria baita, ez zen kantaldi batera etorri eta nik kantatu behar izan nuen bakarrik. Hortik aitzina, ausartu naiz gauza batzuen egiten bakarrik.
Orain arte argitaratuak zenituen lanetan beti ari izan zara elkarlanean: Josetxo Goia Ariberekin, Olatz Zugastiren Bulun bulunka lanean, Patxi Zubizarretaren Urrezko giltza lanean… Besteren aterpean beti.
Aterpean, edo saihetsean bai. Eta oraingo
hari biru hau ere, ene izenean agertzen da baina biko baten lana da: Juantxo Zeberiok eta biok batean landu dugu dena. Azkenean, Elkarrekoek deliberatu zuten –eta horrela hitzartu gara denok–, ene izenean argitaratzea. Egia erran, hemen Juantxorekin egin dugun harat-honateko bidea agertzen da. Juantxok gauza batzuk entzun eta grabatu ditu. Beste batzuetan, berak egindako musikak ekartzen zizkidan, haiekin nolako testuak lotzen ahal genituen pentsatzeko… Hilabete andana ibili gara harat-honat eta, beraz, lan hau bien artekoa da, gehi beste musikariena. Bakoitzak bere izaeratik ekarri du lan honetara.
Diskoa zure izenean dator, Elkarren helburua Maddi Oihenarten lana saltzea baita, noski. Ez dakit zein den zure helburua…
Nik helburua ez dut batere horretan. Izan daiteke idazle batzuen poemak jende anitzen arterat eramatea; haien testuak eta ikuspegiak. Bakar batetarik abiatu gauza bat, gure hatsez haziz, emeki-emeki bilakatzen da kolektibo. Ene ustez hori da disko batek egin behar duena. Nik segur aski nonbait irakurri dut hori. Enetako irudi eder bat zen. Gainera, disko honetan azaltzen dira hainbat kantu maitasunari lotuak direnak. Hari asko dira bizi batean, baina azkenean denak maitasunarekin borobiltzen dira.
Hari biru ezarri diozu disko berriari izena. Lehenengo gauza, “eta zer esan nahi ote du hari biru hitzak?”. Eta zuk aurkezpen egunean emandako azalpena hartu behar gogoan: “Haria osatzen duten hari ttipiago batzuk”. Bestalde, diskoaren barruan, beste azalpen bat, gehigarri: “Bizia ez deia maitatzen ikasteko emanik zaukun hari llabur bat?”.
Nik segur aski nonbait irakurri dut hori. Enetako irudi eder bat zen. Gainera, disko honetan azaltzen dira hainbat kantu maitasunari lotuak direnak. Hari asko dira bizi batean, baina azkenean denak maitasunarekin borobiltzen dira.
Uste duzu gure eguneroko munduan maitasuna dugula hari nagusi?
Izan beharko luke. Kar, kar, kar… Ene ustez, mundua hobetzeko asmoa dutenek maitasun gehiagoren hedatu beharra sentitzen dute, maitasun gehixeago batekin errazago izan liteke. Mundua oker eta oker ari da eta oker segitzen du beti. Errazago dela irudi luke maitasunarekin...
Svetlana Alexievitx idazle ukrainiarrak ere maitasuna aipatu zidala datorkit gogora. Txernobilek ekarri zuen hondamendiaz idatzi zuen emakumea maitasunaz ari zitzaidan. Zu emazteki zuberotarra bezala!
Gure borroka guztiekin hor gabiltza beti denak eta, batzuetan, joaten naiz mendira, hartzen dut oihan xendra bat eta nire buruan pentsatzen dut: “Naturarentzat kanta dezaket, bakarrik naturarentzat”, eta gogotik egiten dut, horrek ematen ahal badio naturari hobetzeko indarra. Nik sinesten dut horretan. Hiriak gero eta handiago ikusten ditugu, beti zabaltzen, baina geroago eta gehiago jendeak behar du naturarekin lotura bat egin, sustraiekin, arbasoekin... Geroago eta gehiago sentitzen dugu hori, bakoitzak. Uste dut oraindik aitzinago joanen dela istorio hori, jendea konturatu arte zenbat inportantea den gauza bakoitzari maitasuna ematea.
Biga kanta dituzu zureak disko honetan baina, bestenaz, zugandik kanpora jo duzu zure sentimenduak azaltzeko eleen xerka.
Beldurra. Idazteko beldur handi batekin naiz beti. Falta dut segurantza. Ez dut idazten. Kantu bat idatzi nuen dela bi edo hiru urte,
Hitzez eitzi. Aljeriako urte nagusi bat egin zuten eta hemen, Maulen, emanaldi bat egin genuen Aljeriako emakumeei buruz. Gaualdi bat izan zen, zizelkari neska batek antolatua, eszenatokian baziren margolariak, baziren dantzariak, kantariak… Emakume andana batek parte hartu genuen. Zerbait idaztea pentsatu eta kanta hori, “Hitzez eitzi”, idatzi nuen. Beste batean, Juantxok egin zuen musika eta “zuk ekarri letrak!” erran zidan. Ez nintzen ausartzen. Musika ederra ikusten nuen eta, azkenean, idatzi dut testu labur-labur bat, kantuari buruz, nola barrutik sortzen den hatsa, eta hotsa:
Botzik…
Malentxo.
Karlos Linazasoro, Itxaro Borda eta Maialen Lujanbio dituzu hitzen egile.
Itxaro Borda bizi izan da Maulen urte askoz eta gurutzatu dut anitz. Bera oso baikorra da. Edozein gauza aipaturik, galdegiten badiogu “zuk idatz dezakezu poema bat?”, hiru egun berantago baditugu bat baino gehiago idatzirik eta sekulako indarrarekin. Disko honetan, gauza batzuk aspaldi idatziak dira, adibidez,
Ez dakit kantua. Maite dudan testua da. Beste bat,
Bizihari, biziari loturik den kantua gustatzen zait. Beste bat,
Idek…
Azken hori da tradiziozkoekin batera disko honetan gehien maite dudana.
Horrek ere badu istorioa. Dela bi urte Peio Serbielle kartzelara eramana zuten eta sostengu gaualdiak egin genituen hemen. Ikusten genuen libratuko zutela, espero handi batekin ginen. Gaualdi hartako ere Itxarori erran nion: “Zuk idatz dezakezu zerbait” eta bi egun berantago testua etxean nuen, testu oso ederra. Gero, ez zen etortzen ahal gaualdi hartan irakurtzeko, nik proposatu nionez, eta azkenean, pentsatu nuen, “Itxarok idatzi testu hau aipatu behar dut!”. Eta bota nion melodia bat. Gauza gogorra, baina baikorra nahi izan genuen. Han ziren Gonzalo Etxeberria, Asisko… Antzerki taldekoek, kantariek, dantzariek… Denek parte hartu zuten.
Eta Karlos Linazasororen eta Maialen Lujanbioren hautu egina?
Juantxoren eta bien arteko bideak du kokatu hautua. Karlos Linazasoro ondo ezagutzen du Juantxok han, Tolosan. Elkar ikusten dute egunero. Iragan urtean liburua atera zuen Kar-losek, Juantxok hura bazuen, irakurri eta gustatu zitzaion. Bere gustuko gauza zen. Horregatik nik beti segitzen dut erraten bien arteko gauza bat dela disko hau. Maialen Lujanbiorena, direla bizpahiru urte Joseba Tapiak deitu ninduen, “Lasarten antolatzen dugu festa bat irriaren inguruan”. Joseba Tapia ezagututa, bera da denbora irri egiten pasatzen duen mutiko bat, eta bidali zidan Maialen Lujanbiok idatzitako testua. Ni ez nintzen joan besta harat ez nintzelakoz egun hartan libre, baina beti begiratu nuen testu hau. “Honekin zerbait egin beharko nuke!”. Testu ederra ikusten dut: irribarreak egin behar ditugu. Testu horretan ere naturarekilako loturak azaltzen dira, eta gizartearekilakoak.
Xelin alaba zurekin duzu kantuetarik batean, Argizagi ederra izenekoan, tradiziokoan.
Juantxorekin aipatu genuen kantu bat
a capella egin behar genuela disko honetarako. Bizpahiru gauza proposatu nizkion Juantxori. Grabatu behar genuen egunean erabaki genuen. Eta Juantxok: “Eta zergatik ezin dezakezu egin bigarren ahots bat?”. “Galdeginen diot ene alabari bigarren ahotsa egiteko”. Ene alabak ez zuen kantua ezagutzen ere, baina etorri zen grabatzera, ordu erdi batez izan gara errepikatzen eta hor!, grabatu!
Horrelaxe, handik eta hemendik, Hari biru…
Bai. Ez dugu anitz erabiltzen hitz hori. Gehienbat lihoa lantzen zenean, oihalak egiten ziren gunetan erabiltzen zen. Orain ez dugu entzuten. Baina gustatzen zitzaidan irudia, eta gustatzen zitzaidan hitza, pentsatzen dudalakoz bakoitza garela gauza txiki-txiki bat.
Artista txiki-txiki bat bezala ikusten duzu zeure burua?
Bai. Hasteko, ez dut ikusten ene burua artista bezala, pertsona bezala bakarrik.
Irakurriak dituzu idatzi dituztenak? “Maddiren ahots unibertsala”, batek. “Euskal musika herrikoiak duen ahotsik miragarri, aberats eta egiazkoenetakoa”, bestek.
Idazten dira asko gauza. Horiek urruneko begirada batetik begiratzen ditut. Pentsatzen dut kantari oso onak badirela herri honetan; asko, ezagutzen ez ditugunak, beren bideak ez direlako hortik pasatu. Badakit hori eta, horregatik, ez diot inportantziarik ematen horrelako gauzak idazten direlarik. Niretzat kantuz aritzea da beste gauza bat: ez da ahots ederrena izatea, ez da…
Eta zer da?
Hats bat. Egun batez ikusi dut gizon bat eritasun batekin, aulkian, eta erran zidan, “zure ahotsa entzunda ene burua gazte denborako sentitzen dut. Osagarri aldetik on egiten dit!”. Horrekin pentsatzen dudanean, orduan bai: “Segitu behar dut kantatzen!”. Horrek bai, ematen du gogoa. Jendeak horrelako gauzak erraten dituenean hunkitzen nau. Badakit zerbait pasatzen dela. Horregatik bai, balio zait segitzea.
Jendearen aitzinean baino gibelean kantatzea nahiago duzula irakurri dut…
Egun batez, ikusgarri bat zen Errobiko festibalean. Atera nintzen handik hunkitua, baina oso hunkitua! Emazte batek irakurtzen zituen letrak, gutunak. Istorioa zen Korsikako artzain bat eta bere arrebaren inguruan, eta biak elkarrekin ziren. Bere arreba joan zen Marokora, irakasle, eta elkar idatzi zuten bizi osoan. Eta hor pasatzen zen mende guzia. Frantziako historia, Korsikakoa, Marokokoa… eta, azkenean, denak azaltzen ziren. Harat-honat bat zen. Denbora guzian kontatu zituen ahots berarekin, tonu berean. Oso hunkigarria izan zen. Eta, atzetik, gibeletik, gela horren atzetik, Korsikako emakumea kantatzen. Entzuten zen egiazko lotura bat eta, horren bidez, Korsikaren indarra, Korsikaren erraia… Gustatu zitzaidan nola sortu zuten giro hori. Ez zen emakumea ikusten, baina bakarrik entzuten, eta indar gehiago ematen zion ikusten zenari. Horretan ikusten dut ene burua.
Egin beharko zenuke zuk ere, hori bada zure izatearekin bat datorrena.
Pentsatzen dut egun batez entseatuko dudala. Orain egiten ditut kantu bat edo bi a capella, kantaldiaren erditsuan. Eszenatokitik jausten naiz eta jende artean jartzen naiz. Uste dut nik hobeki kantatzen dudala horrela, eta jendeak beste modu batean sentitzen duela ere bai. Segur naiz horretan. Naturaltasun bat, hurbiltasun bat sortzen da horren bidez. Jendearekin naiz, eta nik hori behar dut, jendearekin izan, jendearekin harremana, jendearen artean bizi.
Zure kantuak Ximun Haranek 50eko hamarkadan egin zuen grabaketara narama, iraganera.
Asko ezagutzen dut Ximun Haranen diskoa. Hemen Sü-hazia kultur elkartean grabaketa hau bazen, eta kantu batzuk hortik kopiatu nituen, kasete txiki batean, eta erabili dut mendian ibiltzez, asko. Bereziki Santa Graziko kantari horrekin, Bordaleku eta… Oraindik gaur egun hor da Junes Zuburu. Haien kantatzeko manera anitz gustatzen zait. Egiazko adostasun batean sartzen naiz haien kantuan.
Baduzu beste aldea ere, egungoa, modernoa...
Gaur egun bizi naiz. Beste gauza guziak ere anitz entzuten ditut. Geureganatzen ditugu gauza zenbait, beste batzuk ez. Gurekilan adostasun bat lortzen duten horiekin ari gara. Adibidez, berrikitan entzuten nuen Souad Massi Aljeriako kantari gaztea. Bere tinbrea, bere testuak, bere melodiak borobiltzeko moduan, enekilan zinez berdintsu sentitzen dut. Ni gauza horiek guzietatik hazten naiz.