argia.eus
INPRIMATU
Lehen, faxa
Joxemari Ostolaza 2013ko maiatzaren 03a
Joxemari Ostolaza
Zuten kako edo ohoin gau asegaitzek, inoren eta inongo baimenik gabe etxean sartzeko. Goizerokoa nuen haiek uxatzeko lehen lana. Dozena bat orrikoa zen batez besteko eguneroko prezioa, noski neronek jan beharrekoa. Egun, Internetek ordezkatzen du itzalita daukadan faxa. Merkeagoa zait, baina ezin amatatu. Bikoiztu egin da ez-gogoko bisitarien inbasioa. Eta jada ez dute gaua baliatzen, noiznahi sartzen zaizkit ordenagailuan nik ezarri hesiak gaindituz. Normalean ez dute deus galdetzen. Zernahi proposatzen didate. Amuak dira. Gaur, berezi bat iritsi da. Banesto bankoaren segurtasun sailak bidalia omen. Eta nire berri jakin nahi dute, beren zerbitzu sistema automatizatuek hobekuntza dakarkidatela aitzaki. Jada, ez naute harritzen. Baina nola da posible inoiz beren bezeroa izan ez naizen honi zerbitzu hobeagoak eskaintzea? Amarrua dirudi, baina nola jakin mezuaren gibelean nor dagoen eta nola iritsi den nireganaino? Nire lagun batek dioen bezala, hauek oparotasunaren ondorioak ditugu, gu bezalakoak, larre motxean haziak nekez ulertuko ditugunak. Baina ikasten ari gara gu ere, eta zuzenbide elektronikoen bila gabiltza hartzaileengana iristeko gureak iragartzeko, kantitatetik kalitatea datorrela sinetsirik. Bozkak lekuko.