argia.eus
INPRIMATU
Maltzagatik
Kolpe latza ANV, ezker abertzalea eta prozesuari
  • Autoritatea da Nicolas Sarkozy Frantziako lehendakari berriaren ezaugarri nagusienetakoa. Frantziako sistema presidentzialak horretarako beta berezia ematen dio lehendakariari eta honek baliatu ere ondo baliatzen du. Sarkozyk senatua kontrolatzen du, Kontseilu konstituzionala, Ikus-entzunezkoen Kontseilu Nagusia, Magistraturaren Kontseilu Nagusia eta, besteak beste, Frantziako departamentu aberatsena den Hauts-de-Seine-ko Kontseilu Nagusiko lehendakaritza. Eta horrekin guztiarekin, Frantziako azken 40 urteko historia ezabatu eta frantziar harrotasunaren berpiztea bultzatu nahi du, horretarako nagusiki liberalismo ekonomikoaren arauak are eta gogorrago astinduz.
Xabier Letona Biteri @xletona 2013ko maiatzaren 03a
Frantziako lehendakari berriaren jarrera ikusita, Frantziako politika gutxi jarraitu duen edonork pentsa dezake azken 40 urte hauetan eskuina oposizioan izan dela, eskuarki eskuina izan denean erakunde nagusienen gidaritzan. Egia da, hala ere, eta batez ere Maiatzaren 68ko gertakizunengatik, ezkerreko balore ugari heldu direla gaur egun arte, eta baita zabaldu ere Europan zehar. Eta horrek guztiak ekarri du Frantzia dela gaur egun herritarrei sostengu sozialik handiena eskaintzen dien Estatua.

Bada, lorpen horietako asko jarri nahi ditu hankaz gora Sarkozyk. Ekainaren 10ean eta 17an izango dira Asanblea Nazionalerako hauteskundeak eta, inkestek dioten bezala gertatzen bada, bere UMP aterako da garaile eta orduan Gobernua eta Legebiltzarra ere (Asanblea eta Senatua) kontrolpean izango ditu Frantziaren bere birsortzea aurrera eramateko.

Kolpe latza da Espainiako Auzitegi Gorenak ANV-EAEko 133 hautes-zerrenda udal eta foru hauteskundeetatik kanpo utzi izana. Eskubideen eremutik ikusita Abertzale Sozialisten hautes-zerrendak kanpo utzi izana bezain larria. Baina hori esperotakoa zen, ez ordea ANVko zerrendekin horren gogor jokatzea. Espainian dagoen defizit demokratikoaren erakusle bat gehiago izateaz gain, bake prozesuaren egoera kamutsaren adierazle ere bada. Berriz ere, Espainiako Gobernuak ezker abertzalea presionatzeko tresna gisa erabili ditu hauteskundeak.

Auzitegi Gorenak, gainera, argi iradoki dio Espainiako Gobernuari ANV legez kanpo jarri behar dela. Prozedura bat ez bada bestea erabili da (Alderdien Legearena Hauteskunde Legearen ordez); Batasunaren kasuan biolentziaren gaitzespena giltzarri bazen, ANVk gaitzespen hori baduenean Batasunaren tresna izatea leporatzen zaio... Zirrikitu judiziala sortzen da eta kito. Auzitegi Konstituzionalak zuzendu ezean, ondorioa larria da ikuspegi demokratikotik, bai suposatzen duen eskubide urraketagatik, bai herritarren borondatea desitxuratu egiten delako (Zer gertatuko da orain, adibidez, Nafarroako Legebiltzarrean?). Prozesuarekiko, aldiz, bere heriotza ote da?